Arrauna

Jose Luis Korta San Juaneko entrenatzailea izango da denboraldia amaitu arte

Jose Luis Korta da San Juango entrenatzaile berria, eta Juan Mari Etxaberen lekua beteko du. Kaikun aritu zen iaz arte, eta talderik gabe zegoen denboraldi honetan.

Jose Luis Korta San Juaneko entrenatzaile berria. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 16a
07:31
Entzun

Ez zegoen joanda Jose Luis Korta. Nola joango zen, bada, arraun mundutik, ia bizitza osoa bertan pasatu eta gero. Baina ez zebilen entrenatzaile denboraldi honetan. Gaur arte. San Juanek berreskuratu du, eta aurten KAE 1 ligan ari den taldea zuzenduko du 70 urteko oriotarrak. Denboraldi amaierara arteko adostasuna egin dute. Bi aldeak ados badaude, tratua luzatzeko aukera ere badago denboraldi honen amaieratik aurrera.

Arraun munduan ez da ohikoa entrenatzailea uda erdian aldatzea, denboraldi garai bete-betean, baina San Juanek neurri beharrezkotzat jo du. Beraz, Juan Mari Etxaberen lekua beteko du Kortak. Bada bitxikeria truke honetan, duela hamahiru urte alderantzizkoa gertatu zelako bien artean: Kortak Castron ez zuela jarraitu behar erabaki zuen zuzendaritzak, eta han arraunean zebilen Etxabek ordezkatu zuen.

San Juanek eta Ortzaika auzoko entrenatzaileak adostu duten harreman honetan, bada beste kontu bat nabarmentzekoa: Kortaren aita Pasai Donibanekoa zen. Horrek ilusio berezia eragin dio pasaitarren eskaintza onartzeko orduan, nahiz eta beste alde batetik begiratuta, bazuen ardura puntu bat ere: Castro Urdialesen (Espainia) bizi da, eta autoan atzera-aurrera hainbeste kilometro ibili beharrak kezka sortu dio.

Kontuak kontu, onartu egin du San Juanen eskaintza, eta bihar bertan hasiko da taldea lehian zuzentzen, Gipuzkoako Txapelketan, non eta Donostian, Kortarekin hain lotura estua duen eremuan. Kontxa ez baita alferrik bandera gehien irabaziak dituen eremua —arraunlari, patroi eta entrenatzaile gisa irabazitakoak batuta, hamasei dauzka—. Horietako batzuk San Juan berari irabazitakoak hamarkada batzuk lehenago. Orduan nork esango zuen Kortak Pasai Donibaneko taldea zuzenduko zuela gerora?

Zuzendaritzak ez zuen Korta fitxatzeko erabakia hartuko taldea ondo ibili balitz KAE 1 ligan. Laugarren da, eta ia aukerarik ez du lehen bi lekuetan geratu eta Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko. Iaz hasi zuen gainbehera Etxaberen taldeak, kanporaketan oso itxura txarra emanez liga nagusitik behera joan zenean, iraileko hirugarren asteburuan. Baina Etxaberi beste aukera bat ematea erabaki zuen zuzendaritzak —Etxabe bera ere zuzendaritzan dago—.

Etxabek deitu dio Kortari

Bistakoa da egungo entrenatzailea ere ez dela pozik ibili taldean, eta aldaketaren alde egin du hark ere, bera izan zelako aurreko astean Kortari deitu ziona, Xabier Arraras presidentearekin adostuta. Kortari azaldu zioten taldeak susperraldia behar duela, eta horretarako egokiena bera izan daitekeela. Urte gutxian San Juanek izango duen hirugarren entrenatzailea da Korta: Joseba Fernandez 2012tik 2016ra egon zen, eta Etxabek ordezkatu zuen egun Urdaibaiko arduraduna dena. Bi uda egin ditu oiartzuarrak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.