Literatura

Andrea Camilleri idazle italiarra hil da

Arrakasta berandu ezagutu bazuen ere, genero beltzaren izenik handienetako bat izan da idazle eta gidoilari italiarra; batik bat, Montalbano komisarioari bizia eman zionetik. 25 egun ospitalean igaro ostean, bihotzekoak jota hil da, 93 urterekin.

Camilleri, martxoko argazki batean, Erroman. ALESSANDRO DI MEO / EFE
itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 17a
09:35
Entzun

Ez zaie idazle askori gertatzen eurak baino itzal handiagoa hartzea euren eskutik jaiotako pertsonaiek. Hala irakur daiteke Andrea Camilleri idazlearen (Porto Empedocle, Italia, 1923 — Erroma, 2019) eta haren pertsonaia famatuenaren, Montalbano komisarioaren, kasua. Gaur hil da idazle eta gidoilaria, 93 urterekin, eta harekin batera hartu ditu tituluak komisarioaren izenak. Hilezin geratu dira paper gaineko haren bizitza guztiak.

Italiako idazlerik sonatuenetako bat izatera heldu arren, adinean aurrera eginda jaso zituen arrakasta eta aitorpena Camillerik, 70 urteen langa igaroa zuela. Askoz lehenagotik zen idazle; hainbat liburu zituen argitaratuak —53 urterekin egin zuen narratiban debuta, Il corso delle cose lanarekin, hamar urtez gordeta izan ostean—, eta gidoilari lanetan ere denbora zeraman. Ordura arte ezagutu gabeko oihartzuna hartu zuen bere lanak, ordea, Salbo Montalbano komisarioa sortu zuenean: 1994an kaleratu zuen liburu sorta oparo bat bihurtu zen haren lehen alea, Montalbano protagonista zuena, La forma dell’acqua izenekoa. Nobela beltzeko serierik ezagunenetako bati eman zion hasiera lan hark.

Beste 30 izenburu baino gehiago ekarri zituen atzetik, denak Siziliako Vigata fikziozko herrian girotuak —hamarkada pasa lehenago ere agertu zuen herri berbera Camillerik, XIX. mende amaieran girotutako Un filo de fumo-n (1980)—. Kontakizun horietako bi heldu dira gaur arte euskarara, biak 2011n: Hilabete bat Montalbanorekin (Igela, 2011) eta Uraren forma itzuli zituen Fernando Reyk (Igela, 2012), eta Gauaren usaina (Erein, 2011) Josu Zabaletak.

Idazleak berak hasiera-hasieratik aitortu zuen Montalbanoren izenaren jatorria: Bartzelonako Manuel Vazquez Montalban idazleari —Pepe Carvalho detektibearen nobelengatik egin zen ezaguna, besteak beste— zion mirespenagatik izendatu zuen hala pertsonaia, denborarekin Italian ezagun bihurtu zena. Telesail bat ere sortu zuten komisarioaren ibilietan ardaztuta.

Itzalpean egindako bidea

Letren fakultatean hasi zuen bide akademikoa Camillerik. Bidetik guztiz aldendu ez, baina ez zituen ikasketak amaitu. Poemak eta ipuinak argitaratzen hasi zen gazte, eta Arte Dramatikoko Zuzendaritza ikasi zuen aurrerago. Poemak eta ipuinak idazten jarraitu zuen, baita literatur sariketa batzuk irabazten ere. Ezkondu, hiru alaba izan, eta berrogei urtez gidoilari eta antzerkiko zein telebistako zuzendari modura aritu zen lanean. Alderdi Komunistako kide zen, eta horrek oztopo bat baino gehiago ekarri zizkion enplegua bilatzeko orduan.

Italiako idazleetan gehien irakurria ez bada, gehien irakurrietakoa izan da Camilleri, bai sorterrian eta bai inguruko herrialdeetan. Zigarreta ahoan eta betaurreko handien atzean beti. Ikusmena galdu zuen pixkanaka, baina idazten jarraitu du, halere, Valentina Alferj idazkariaren laguntzarekin. Duela hilabete inguru, bihotzekoak eman zion etxean, eta Erromako Santo Spirito ospitalean izan da ordutik. Hantxe hil zen atzo, 93 urterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.