Euskal presoak

Orain Presoak bizikleta martxa hasiko da ostiralean, "elkarbizitzaren eta bakearen aldarria" zabaltzeko asmoz

Uztailaren 19tik 21era egingo duten bizikleta martxak Luhuso eta Gernika lotuko ditu. Antolatzaileen esanetan, ETAren desegitea eta "gizarte zibilaren konpromisoa" irudikatzen ditu Luhusok, eta "bizikidetzaren eta bakearen eredu" dela Gernikak.

Sareren iazko Orain Presoak Tourra bizikleta martxa Zaballako espetxera iristen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2019ko uztailaren 17a
09:42
Entzun

"Pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria zabaldu asmo dugu Euskal Herriko herrietan zehar". Asmo horrekin abiatuko da ostiralean Orain Presoak bizikleta martxa, antolatzaileek maiatzaren amaieran egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez. Luhusotik (Lapurdi) Gernikara (Bizkaia) egingo du Sarek aurtengo bizikleta martxa. ETAren armagabetzearen, desegitearen eta "gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo" den herritik, eta, hiru egunen buruan, igandean, amaituko dute ibilbidea, Gernikan, "bizikidetzaren eta bakearen eredu" den herrian.

Hiru etapatan egingo dute martxa. Lehenengo egunean, Luhusotik Zarautzera joango dira txirrindulariak. Goizeko hamarretako agerraldiaren ondoren emango zaio martxari hasiera, Luhusoko plazan. Arratsaldeko lauretan, Donostiara helduko dira, eta hirian zehar itzulia egingo dute, eta Groseko Katalunia plazan geldialdia. Zarautzera 18:30 inguruan iristeko asmoa dute, eta 18:45ean harrera egingo zaie Foruen plazan.

Larunbat goizean hasiko da bigarren etapa, Zarautz-Lekeitio artekoa. Zarauzko Munoa plazatik abiatuko dira goizeko hamarretan, eta Lekeitiora 18:30 inguruan iritsiko dira. Txirrindulariei eskolapean egingo zaie harrera.

Hirugarren eta azken egunean, Lekeitiotik Gernikarako bidea egingo du martxak. Gernikako Foru plazan egingo dute martxa amaierako agerraldia,12:30ean.

Otorduak, lotarako eta dutxatzeko lekuak nahiz osasun arreta antolatzaileen esku dago, eta, horretarako, 50 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek. Etapa bakarra egiteko aukera ere badago, 20 euroan.

Iaz, Mont-de-Marsan espetxea (Okzitania) eta Zaballako espetxea (Araba) batu zituzten, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbil ditzatela eskatzeko. "Gogoratu nahi dugu egun oraindik espetxean diren 254 euskal presoetatik %65 urrun daudela, 600-1.000 kilometrora, eta %21, berriz, 400-590 kilometrora", salatu dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.