Afrika

Kongoko Errepublika Demokratikoko ebola izurritea nazioarteko larrialdi izendatu du OMEk

Aurki beteko da urtebete lehen kasuak atzeman zituztenetik, eta 1.600 pertsona baino gehiago hil dira ordutik.

Kongoko osasun langile bat, kontrol postu batean. STRINGER, EFE
Berria
2019ko uztailaren 17a
09:23
Entzun

OME Osasunaren Mundu Erakundeak historian laugarren aldiz izendatu du nazioarteko osasun-larrialdi egoera bat. Kongoko Errepublika Demokratikoan iazko abuztuan sortu zen ebola izurritearengatik, hain zuzen. OMEk arratsaldean egin duen bilera batean ebatzi du "oso handia" dela izurritea Kongoren ekialdean dauden herrialdeetara hedatzeko arriskua, bereziki Ugandara eta Ruandara. Hala ere, herrialde horiei esan die ez dutela muga ixteko beharrik. Nazioarteko larrialdi izendatuta, OMEk espero du atzerritik baliabide eta funts gehiago bideratuko dituztela Kongora izurritea kontrolpean hartzeko.

Izan ere, Kongoko Errepublika Demokratikoak baliabide eskasak ditu gaitzari aurre egiteko, eta izurritea zabaldu den eremua, ipar-ekialdea, gerra eremu bat da. Horrek zeharo zaildu du eritasuna kontrolpean hartzeko lana. Aste honetan, gainera, pertsona bat hil da Goma hirian ebolak jota; Gomak milioi bat biztanle ditu, eta orain arte birusaren presentzia atzeman duten gunerik jendetsuena da.

Gobernuak gaur jakinarazi du Goman 100 lagun inguruko zerrenda bat egin duela txertoa jar diezaieten, uste baitu kutsatuekin harremana izan dutela. 

Txertoa aurreko ebola izurritea gertatu zenean sortu zuten, 2014an Afrika mendebaldeko hainbat herrialdetan zabaldu zenekoan —bi urteko epean 11.000 pertsona baino gehiago hil ziren—. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.