Indarkeriaren biktimak

Estrasburgok atzera bota du BVEren eta GALen biktimen eskabidea

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du ustez ETAko kideak izan zirenei kalte-ordainak ukatzeak ez duela urratzen haien errugabetasun presuntzioa.

GALek hildako Juan Mari Otegi 'Txato'-ri egindako omenaldi bat, artxiboko argazkian. Haren alabari ukatu diote, besteak beste, kalte-ordaina. GAIZKA IROZ
gotzon hermosilla
2019ko uztailaren 18a
07:07
Entzun

Espainiak uko egin zion BVEren eta GALen zenbait biktimari kalte-ordainak emateari, indarkeria pairatu zutenean ETAko kideak zirelakoan, nahiz eta ez egon hori hala dela frogatzeko inongo epairik. Horregatik, zenbait biktimak Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten. Orain, Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi du kalte-ordainak ukatzeak ez duela urratzen haien errugabetasun printzipioa eta, era berean, ez duela Espainia derrigortzen ordain horiek ematera.

Epaiaren arabera, talde parapolizialek hildako biktimei ez zaie deliturik leporatzen, eta, beraz, teknikoki ezin da esan kalte ordainak ukatzen dizkietelako errugabetasun printzipioa urratzen denik. Auziaren mamiaz, hots, biktima horiek kalte-ordainak jasotzeko eskubidea duten ala ez, Estrasburgoko Auzitegiak ez du jarrerarik hartu.

Eskabidea talde parapolizialek hildako zenbait biktimaren senideek jarri zuten. Honako hauek izan ziren hildakoak: Justo Elizaran Sarasola –GAE Talde Armatu Espainiarrek hila 1979an–, Enrique Gomez Alvarez –BVEk hila 1979an–, Anjel Gurmindo Lizarraga Stein–GALek hila 1984an–, Juan Maria Otegi –GALek hila 1985ean–, Xabin Etxaide Ibarguren Eskumotza –GALek hila 1985ean– eta Jose Maria Etxaniz Maiztegi –GALek hila 1985ean–.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro zelarik, Espainia hasi zen BVEren eta GALen zenbait biktimari kalte-ordainak ukatzen, biktima horiek ETAkoak zirelakoan. Gai horren inguruko Europako Hitzarmena eta 2011ko Espainiako Biktimen Legea baliatu zuen horretarako: lege horretan agertzen da biktimei kalte-ordainak ukatzeko aukera baldin eta biktima horiek “indarkeriazko ekintzak egiten dituen erakunderen batekin harremana” baldin badute.

Baina kasu gehienetan ez zen egon inongo epairik biktima horiek ETAkoak izan zirela frogatzeko: Espainiako Gobernuaren hitza baino ez. Are gehiago, BVEk hildako zenbait biktimaren kasuan, “ezker abertzalearen ingurukoak” edo "Herri Batasunekoak" izatea baino ez zien leporatzen Espainiako Gobernuak.

Afera Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi zen, eta horrek atzera bota zuen biktimen helegitea, baina Auzitegi horretako presidenteorde Adela Asuak eta Fernando Valdes epaileak boto partikularra eman zuten, eta gogorarazi ez zegoela frogaturik biktima horiek ETAkoak zirenik, ez zirelako epaituak eta zigortuak izan. Horren ondorioz, zenbait biktimak Estrasburgora jotzea erabaki zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.