Lan gatazka

Akordioa lortu dute Loiun, eta bertan behera utzi dituzte grebarako deialdiak

Aenak proposamen berri bat egin die langileei gaurko bileran, eta langileek batzarrean erabaki dute proposamen hori onartzea. 30 lanpostu berri eskatzen zituzten, eta hamar inguru lortu dituzte, baina, enpresak jarrera aldatu duela ikusita, negoziazioak grebarik gabe jarraitzea erabaki dute beharginek.

jarraia169108.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko uztailaren 19a
10:01
Entzun

Bertan behera utzi dituzte grebarako deialdiak Loiuko aireportuan (Bizkaia). Aenak eta aireportuko langileek lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu dute gaur. Aldeak goizean bildu dira, eta enpresak proposamen berri bat aurkeztu die langileei. Beharginek lantaldea handitzea eskatzen zuten, lan karga handitu dela argudiatuta. Arretaren kalitatea eta segurtasuna bermatzeko, 30 lanpostu gehiago behar direla uste langileek. Enpresaren proposamenak hamar inguru jaso ditu. "Ez da guk nahi genuen akordioa, baina, enpresaren jarrera aldaketa ikusita, negoziazioak grebarik gabe jarraitzera erabaki dugu", azaldu du ELA sindikatuko Aitor Garmendiak. 

Bereziki suhiltzaileen lantaldea handitzeko premia ikusi dute sindikatuek, eta arlo horretan enpresak ez die eskaintzarik egin. Dena den, egoera aztertzeko batzorde bat sortzeko konpromisoa hartu du Aenak. Lindanea gordetzen duen biltegi bat du aireportuak pista buruan, eta hori bada ezohiko arrisku faktore bat hegazkin istripuren bat egonez gero.

Hainbat greba egun egin dituzte orain arte aireportuko langileek, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek deituta. Hurrengo greba eguna ingande honetarako zuten deitua. Beharginek mobilizazio guztiak bertan behera uztea erabaki dute, ordea, akordioa ontzat eman ondoren.

Sindikatuek grebara deituak zituzten langileak uztailaren 21, 25, 28 eta 31rako; abuztuaren 4, 11, 15, 18, 25 eta 31rako, eta irailaren 1erako. Horrez gain, 18:00etatik 00:00era arteko lanuzteak egitekoak ziren uztailaren 24an eta abuztuaren 1etik 14ra bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.