Intsinis pinuaren gaitza

Neikerrek airez ere fumigatuko ditu gaitzak jotako pinudi batzuk

Oxido kuprosoaz gain, beste produktu batzuk ere erabiliko ditu, haien eraginkortasuna aztertzeko

jarraia169268.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko uztailaren 24a
13:25
Entzun

Hasiak dira Neikerrek diseinatutako tratamendu esperimentala probatzen. Horretarako, pinudi publikoak eta pribatuak hautatu dituzte, Espainiako Ingurumen Ministerioak ipinitako baldintzak betetzen dituztenen artean; gehienak publikoak izango dira. Azken egunetan, Murga inguruan (Araba) xingola marroiak eta gorriak jotako pinudi batzuk fumigatu dituzte lurrez, eta aurki hasiko dira airez egindako fumigazioekin. Guztira, 150 hektarea fumigatuko dira airez: 90, Amoroton (Bizkaia), helikoptero batekin, eta 60, Luiaondon, Aramaion (Araba) eta Idiazabalen (Gipuzkoa), drone batekin. Aire bidezko fumigazioa noiz hasi eguraldiak baldintzatuko du: euririk ezin du egin, eta, dronea gidatzeko, haizeak ere lagundu behar du. 

Lurretik bertatik ere fumigatuko dira, motxila nebulizatzaileak erabilita. Oxido kuprosoaz gain, oinarrizko substantzia elizitoreak probatuko dituzte; besteak beste, kitosano klorhidratoa, soja lezitina ez-transjenikoa, eztainu belarra eta garagar legamia. Lurretik 24 hektarea tratatuko dira: zortzi, Murgan (Araba); zortzi, Artzentalesen (Bizkaia); eta beste horrenbeste Beasainen (Gipuzkoa). 

Laborategietan eta berotegian ere in vitro saio batzuk egingo dituzte: 70 gai aktibo eta produktu probatuko dituzte, eraginkortasuna aztertu eta gero pinuetan erabiltzeko. Gainera, airez eta lurrez egingo diren saioekin, fumigatzeko bi moduen eraginkortasuna alderatu nahi dute.

Neikerren arabera, "tratamendua segurtasunik handieneko eta ingurumenarekiko errespetuzko irizpideei jarraituz diseinatu da, eta monitorizazio eta ebaluazio kontrolen plan anbiziotsu batekin osatuko da". Saioak urtero egingo dira, eta kanpaina bakoitzean tratamendu bat baino gehiago egingo da. Datozen urteetan hainbat substantzia probatuko dira. Neikerrekin batera, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, HAZI fundazioa, Ura Uraren Euskal Agentzia, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Zeelanda Berriko baso ikerketarako Scion Research zentroa ibili dira tratamendua osatzen. Aholkularitza mahai bat ere osatu dute, Neikerrek koordinatuta. Haiez gain, EHU, INIA Espainiako Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa Zentroa, Espainiako Gobernua  eta Eusko Jaurlaritza egongo dira, prozesua gertutik aztertzen. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.