Frankismoaren krimenak

Bertan behera utzi dute memoria historikoaren herri ekinaldi legegilea

Sustatzaileek diote Eusko Jaurlaritzak "baldintzatu" egin duela herri ekinaldia antzeko lege bat iragarriz, eta legebiltzarreko taldeei eskatu die plataformak prestatutako araudia bultza dezatela Eusko Legebiltzarretik bertatik.

Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformaren agerraldia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO /FOKU
Jon Rejado.
2019ko uztailaren 24a
15:33
Entzun

Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak bertan behera utzi du memoria historikoari buruzko herri ekinaldi legegilea, behin-behinean. Sinadurak biltzeko prozesuari ekin aurretik uko egin dio, Eusko Jaurlaritzaren jokabideak "baldintzatuta". Plataformak uztailaren 12an erregistratu zuen herri ekinaldia Eusko Legebiltzarrean. Ordea, handik bi egunera, Jaurlaritzak iragarri zuen antzeko lege proiektu bat prestatzen ari zela. Hori dela eta, plataformak erabaki du ez jarraitzea herri ekinaldiarekin. Ordea, legebiltzarreko taldeei eskatu die plataformak prestatutako araudia bultza dezatela Eusko Legebiltzarretik bertatik.

Plataformaren iritziz, ez da "zilegi" herri ekinaldi legegilea sustatzen ari diren bitartean Eusko Jaurlaritzak gauza berbera bultzatzea, "inongo elkarrizketarik gabe". Hala azaldu du plataformako kide Josu Ibargutxik. Are, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren asmo hori ez datorrela bat azken urteetan erakutsitako jarrerarekin. "180 graduko bira" eman izana egotzi dio Ibargutxik. "Txalotzen dugu bira hori, baina zalantzak ditugu horren helburuekin eta zintzotasunarekin".

Ibargutxik "biratzat" jo duen jarrera aldaketa uztailaren 14an agertu zen. Jaurlaritzak iragarri zuen memoria historikoari buruzko lege bat prestatzen ari zela, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez. Are, hango iturriek jakinarazi zuten lege horren zirriborroa "aste gutxian" prest egongo zela, aditu talde batek landu eta gero. Zirriborroa irailean zabaltzen hasteko asmoa duela azaldu zuten iturri horiek.  

Aurka egitetik sustatzera

Atzera begiratu du plataformako eledunak, Jaurlaritzaren jarrera aldaketa irudikatzeko. Hain zuzen, azken bi urteetan gaiari buruzko bi lege proposamen heldu dira legebiltzarrera, eta EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute bietan. Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen lehena, 2017an; EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten. 2018ko otsailean EH Bilduk beste bat aurkeztu zuen, eta aurrekoaren bide bera jarraitu zuen.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak EH Bilduren proposamena kritikatu zuen, beharrezkoa ez zelakoan, Gogora institutuaren arauekin jada martxan diren proiektuak arautzen zituelakoan. Areago, gaineratu zuen memoria historikorako legetzat jo daitekeela Gogora institutua sortu zuen legea bera. Eusko Jaurlaritzak gaia ikertzeko eskatu zien hainbat adituri. Horiek ondorioztatu zuten memoria historikoari buruzko lege berezi batek alde onak izango lituzkeela, baina ez zuten lehenetsi. Ordea, Jaurlaritza legearen zirriborroa prestatzen hasi zela jakinarazi du orain, plataformak herri ekinbide legegilea aurkeztu eta berehala.

Ibargutxik gogora ekarri du 2019ko otsailean ere EAJ gaiari buruzko lege berezia egitearen aurka agertu zela. Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformako kideak Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean egon ziren orduan, eta lege baten premiaz ohartarazi zuten. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk adostasuna adierazi zieten. Aldiz, EAJk eta PPk ez zuten beharrezkotzat ikusi halako legerik. "Jarrera baikorra adierazi zutenei proposamenaren berri eman genien". Horregatik, plataformaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak orain iragarritako lege proiektua ez da "modu onean eta zintzoan" egin.

Legebiltzar taldeen esku

Azkenik, plataformak eskaera bat egin die aurten legearen alde agertu diren legebiltzar taldeei: herri ekinaldi legegilearen testua balia dezatela. "Herri ekinaldi legegilea eztabaidarako oinarria izan beharko litzateke, lege osoa, plurala eta eraginkorra izan dadin". Hain zuzen ere, Ibargutxik nabarmendu du "frankismoaren biktimen duintasunak" legez babestuta egon behar duela. "Gainontzeko alderdiekin batera, jeltzaleen asmoa berdina bada, alderdikeriak utzita betor Euskal Memoria Historikoaren Lege bat ahal denik eta azkarren".

Herri ekinaldia bertan behera geratuko dela jakinda, EH Bilduko legebiltzar taldeak iragarri du prest dagoela plataformaren eskaria aintzat hartzeko eta proposamena legebiltzarrean aurkezteko. EAJren jokabidea kritikatu du: "Ekimena kapitalizatzen saiatzen ari da, plataformaren ekimen legegileari ateak itxita".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.