Kontu ekonomikoak

Moteltze txikia izan du Nafarroako ekonomiak

Urteko bigarren hiruhilekoan %0,8 hazi da barne produktu gordina, eta hamarren bat baizik ez du jaitsi urte arteko tasa, %2,8ra arte.

Manu Aierdi eta Maria Solana. BERRIA
Iker Aranburu.
2019ko uztailaren 31
07:20
Entzun

Moteltzen baina inguruko lurraldeek gustura hartuko luketen  hazkunde tasa batekin aurkituko du ekonomia Maria Txibiteren gobernu berriak. Nafarroako Estatistika Erakundeak gaur kaleratutako datu aurreratuaren arabera, 2019ko bigarren hiruhilekoan %0,8 hazi da Nafarroako ekonomia, eta horrek hamarren bat baizik ez du txikitu urte arteko tasa, %2,8ra arte. Hazkunde txikiagoa eman dute Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako (%0,6 eta %2,3), INEk Espainiarako (%0,5 eta %2,3), eta are kaskarragoa Eurostatek eurogunerako (%0,2 eta %1,1), eta Inseek Frantziarako (%0,2 eta %1).

Munduko ekonomiaren hazkundea indarra galtzen ari den une batean, Nafarroako datuak azpimarragarriak direla ziurtatu du Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako jarduneko lehendakariordeak. «Nafarroako ekonomia uste baino hobeto ari zaioaurre egiten ekonomia globalaren geldotzeari, eta irazkortasun txikia erakusten ari da beste lurralde batzuei bai eragiten dieten gatazka geopolitikoen eta gerra komertzialen aurrean».  

Prebisioari eutsi dio

Oraingoz Nafarroa moteltzeari ongi eusten ari denez, jarduneko gobernuak ez du aldatu duela hilabete batzuk egindako iragarpena, hots, lurraldeko barne produktu gordina iaz baino %2,7 handiagoa izango dela urtearen amaieran.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, bere hasierako prebisioa hamarren bat igo zuen ekainean, %2,2ra arte, geldotzea uste baino txikiagoa izaten ari dela egiaztatu ondoren. Edonola ere, prebisio horiek urtean zehar bizpahiru aldiz aldatzea ohikoa da, eta ez da baztertu behar Nafarroak hemendik aste gutxira aldatzea bigarren hiruhilekoko datua, atzo zabaldutakoa aurrerapena baizik ez delako. Horregatik, Nafarroako Estatistika Erakundeak ez du sektorekako daturik eman, baina bai aipatu du industriak hazkundea txikitu duela, eta haren hutsunea eraikuntzaren «portaera onak» bete duela. Esportazioen ekarpena ere «arinki moteldu da». Azken datu hori esperotakoa da, azken urteak oso onak izateaz gain, geldotze prozesuan daudelako Nafarroaren kanpo merkatuetako batzuk, hala nola, Alemania eta Erresuma Batua.

Jarduera tasa, %60tik gertu

BPGaren hazkundeari ez ezik, enpleguari ere erreparatu dio Aierdik, eta irakurketa baikorra egin du. Batetik, INEren azken inkestak dio langabezia tasa %7,6ra jaitsi dela, eta jarduera tasa %60ra hurbildu dela. «Praktikoki, krisiaren aurreko jarduera tasara itzuli gara».

Soldatak, berriz, eurotan 2008koak baino %8,5 handiagoak diren arren, inflazioaren eragina kontuan hartuta beste 1,9 puntu bat igo beharko luketela aitortu zuen Ekonomiaren Garapenerako jarduneko arduradunak, baita igoera horrek ez diela herritar guztiei berdin eragin. «Bada zer hobetua».

EBZren neurrien zain

Oro har, eurogune osoa dago hazkunde erritmoa apaltzen, Eurostatek iragarri duenez. Europako estatistika erakundeak dio urtearen bigarren hiruhilekoan %0,2 hazi zela BPGa eurogunean zein Europako Batasun osoan. Datu kaskarra da, kontuan hartuta aurreko hiruhilekoan hazkundea %0,4ra eta %0,5era iritsi zela, hurrenez hurren. Ondorioz, urte arteko hazkunde erritmoa hamarren bat jaitsi da euroaren eremuan (%1,1era arte), eta hiru hamarren, berriz, EB osoan (%1,3).

Gaurko BPGaren datuak eta inflazioarenak —%1,3tik %1,1ra jaitsi da ekainetik uztailera— arrazoi gehiago emango dizkiote Europako Banku Zentralari bere iraileko bileran ekonomia sustatzeko neurri gehiago hartzeko. Interes tasak gehiago jaistea espero da, baina baita zor bono publikoak eta pribatuak berriro erosteko programa abian jartzea. 2018 amaieran itxi zuen programa EBZk, 2,6 bilioi eurotik gora erosi ondoren, baina behar izatekotan aktibatzeko dudarik ez zuela izango agindu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.