Nafarroako gobernu berria

Txibiteren 13 kontseilariek kargua hartu dute, eta osatu da Nafarroako Gobernu berria

Kontseilarietako zortzi PSNkoak dira, lau Geroa Baikoak eta beste bat Ahal Dugu-koa. Gobernu parekidea eratu dute. Txibitek nabarmendu du gobernu berriak aurrekoaren laguntza izango duela.

Nafarroako gobernu berria. JOXERRA SENAR, @JOXERRASENAR
2019ko abuztuaren 7a
07:16
Entzun

Maria Txibitek Nafarroako lehendakari kargua hartu ondorengo egunean, gobernu berriko kontseilariek hartu dituzte beren gain gobernuak izango dituen 13 sailetako ardurak. Ekitaldia eguerdian hasi da Nafarroako Jauregiko Tronuaren aretoan.

Karguaz jabetu ondoren, Maria Txibitek eskerrak eman dizkie kontseilari berriei emandako pausoagatik. "Une zailak pasako ditugu, baina baita une onak ere". Ahaleginak merezi duela uste du. Txibitek nabarmendu du aurreko gobernuko kideen laguntza ere izango dutela. Biharko jarri dute lehen gobernu bilera (10:30), baina ez da aurreikusten ondoren agerraldirik egingo dutenik.

Ondorengoa izango da Nafarroako Gobernu berriaren osaketa:

Javier Remirez(PSN): Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria. Lehen lehendakariordea ere izango da.

Mari Carmen Maeztu (PSN): Gizarte Eskubideetako kontseilaria.

Bernardo Ziriza (PSN): Lurralde Kohesioko kontseilaria.

Santos Indurain (PSN): Osasun kontseilaria.

Elma Saiz (PSN): Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

Juan Cruz Cigudosa (PSN): Unibertsitate kontseilaria.

Carlos Gimeno (PSN): Hezkuntza kontseilaria.

Rebeca Esnaola (PSN): Kultura eta Kirol kontseilaria.

Manu Aierdi (Geroa Bai):  Garapen Ekonomikoko kontseilaria.

Jose Mari Aierdi (Geroa Bai): Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilaria. Bigarren lehendakariordea ere izango da.

Ana Ollo (Geroa Bai): Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria.

Itziar Gomez (Geroa Bai): Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria.

Eduardo Santos (Ahal Dugu): Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilaria.
 

Kontseilarien lehen hitzak

Behin karguaz jabetu eta gobernu argazkia atera ostean, kontseilari bakoitzak bere departamenduaren nondik norakoen eta erronken berri eman die kazetariei. Adibidez, Javier Remirez presidenteordeak erronken artean trafiko eskumena leheneratzeko konpromisoa betetzeko asmoa du -iragan urriaren 31n Pedro Sanchezek hitz eman zuen.eskumen hori itzuli behar zitzaiola Nafarroari-. Era berean, iragan legealdian Polizien Legea onartu zen, eta horren aurrean, garatzeko orduan, poliki joan nahi du.

Oraindik ez dute esan nor izango den bozeramailea. Beste presidenteordea Jose Mari Aierdi izango da, eta hark gobernuaren aniztasuna nabarmendu du. "Bide orri argia dugu eta Nafarroako erronkei ikuspegi aurrerakoi batetik egingo diegu aurre". Bere hitzetan, Nafarroako egoera "duela lau urtekoa baino hobea da". Bere departamenduari dagokionez, etxebizitzaren plan estrategikoa aurrera ateratzeko asmoa azaldu du. Lurralde antolamenduari dagokionez, udalen eta gainerako eragileen arteko koordinazioaren beharra azpimarratu du.

Elma Saizek euskaraz ere zin egin du. Kazetarien aurrean, MIkel Aranburu kontseilari ohiari atzo botere aldaketan eskaini zion laguntza eskertu dio. Aurrean dituen gaien artean, bat amatasun baimenen zerga kenkaria itzultzeko aukera dago: Txibitek promes hori egin zuen hauteskunde kanpainan, baina beste gobernu bazkideak, aurreko legealdian, neurriaren aurka zeuden (Gorenaren epaia Nafarroari aplikatzea ez dagokiola argudiatuta). Beste erronken artean, aipatu ditu 2020ko aurrekontuak prestatzea edo hurrengo bost urteetarako ekarpenaren kalkulua (2020tik 2024ra).

Kontseilarietako bi (Manu Aierdi eta Ana Ollo) aurreko gobernuan izan ziren, eta Txibitek nabarmendu du euren esperientzia baliagarria izango dela. Aierdiren kasuan, aldaketa batzuk daude egituran: obra publikoak eta azpiegiturak Bernardo Zirizak hartuko du. Aierdik onartu du "departamendu handia" zela orain arte izan duena, baina orain arte berekin izan direnetako batzuk lan taldean jarraituko dute. Politika ekonomikoari dagokionez, aurrekoaren bidetik jotzeko borondatea du.

Ana Olloren kasuan, hiru atal garrantzitsu izango ditu bere gain: Europako politikak, hizkuntz politika (Euskarabidearen kudeaketa barne) eta bake eta bizikidetza zuzendaritza. Dena den, azken atal horretan, PSNk izendatuko du zuzendaritza. "Ilusioz hartu du bigarren agintaldia, orain arte politketako askorekin jarraitzea esan nahi duelako".

Bernardo Zirizak obra publikoen ardura izango du, Lurralde Kohesio departamenduan. Besteak bestek, Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzearekin amaitzeko eta bigarren fasearekin hasteko asmoa aipatu ditu. Halaber, pil-pilean den beste auzia, abiadura handiko trena da. Azpiegitura horri segida eman nahi dio.

Indarrez sartu den kontseilarietako bat Juan Cruz Zigudosa izan da. Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldatze Digitalaz arduratuko da, eta ohartarazi du gobernu barruan "gerra emateko" asmoa duela, eraldatze digitala gobernu osoari dagokion gaia delako. "Nafarroa eraldatu behar dugu, eta puntako lurralde bihurtu", aipatu du. "Ezin dugu begiak itxi eta zenbat eta lehenago katuari kriskitina jarri eta eraldatze digitalari aurre egin orduan eta hobeto. Zoritxarrez departamendu transbertsala da nirea, eta gobernu kontseiluan entzungo naute departamendu batek ere ez duelako eraldatze digitala bere baitan".

Itziar Gomezek Landa Garapen eta Ingurumen departamendua izango du eta erronken artean aipatu du Europako Batasuneko hurrengo Nekazaritza Politika Bateratuaren negoziazioa.

Carlos Gimenok, PSNko parlamentari gisa, gogor jo zuen aurreko legealdian Maria Solana Hezkuntza kontseilariaren aurka. Hezkuntzan "aukeren berdintasuna" bultzatu nahi du Gimenok. Iraganean parlamentari gisa egindakoaz galdetuta, erantzun du lau urteotan egindako lanak eraman duela PSN dagoen tokira eta Hezkuntzako kontseilari izatera. Dena den, "aurrera begiratu" nahi du GImenok orain.

Justiziaren atala orain arte Lehendakaritza sailean egon bada ere, Migrazioaren arloa berria da. Eduardo Santosen arabera, "ohorea eta erantzukizuna" da ardura hori hartzea. "Erronken artean dago pertsona migranteak Nafarroako gizartean integratzea eta egin dezaketen ekarpen positiboari erreparatzea". Era berean, bere ardurapean egongo da ere nola eman laguntza migranteei zerbitzu publikoen bitartez.

Santos Indurain Osasun kontseilarien lehentasunen artean egongo da oinarrizko arreta indartzea. Erronken artean aipatu du itxarote zerrendak murriztea edo profesionalen defizitari aurre egitea. Rebeka Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak ilusioz hartu du izendapena eta lehen egunok lan taldea egituratzeko baliatuko ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.