Zezenketak

Manifestazio bat egingo dute Donostian, zezenketarik gabeko jaien alde

Hilaren 14an egingo dute manifestaldia, animaliak entretenimendurako eta dibertsiorako erabiltzea gaitzesteko. 18:00etan izango da, Bulebarretik abiatuta.

Manifestazioaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Donostian. ASKEKINTZA
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 7a
17:07
Entzun

Larunbat honetan hasiko da Donostiako Aste Nagusia. Jaien atarian, zezenketen aurkako manifestazioaren berri eman dute Eguzki, Askekintza eta Donostia Antitaurina Orain taldeek. Hilaren 14an izango da manifestaldia, arratsaldeko seietan. Itziar Alonso Askekintzako kideak eta Juan Mari Beldarrain Eguzkikoak eman dute deialdiaren berri, gaur goizean, Donostiako udaletxearen atarian.

Animaliak entretenimendurako eta dibertsiorako erabiltzea gaitzesteko antolatu dute jarduna. Antolatzaileen esanetan, jarduera horiek ez lirateke bideragarriak izango Donostiako Udalak dirurik jarriko ez balu: "Ezingo lirateke egin funts pribatuekin soilik". Halaber, 2017an udalak eginiko galdeketa bat ekarri dute gogora, Eneko Goia (EAJ) alkatearen eta haren udal gobernuaren jarrera salatzeko eta nabarmentzeko ez dutela hitza bete.

Galdeketa horretan parte hartu zutenetatik %71k baztertu zuen zezenketak eremu publiko batean eta diru publikoaren laguntzaz antolatzea. Horregatik, hitza bete ez izana leporatu diote Goiari; izan ere, alkateak esan zuen herritarren gehiengoak nahi zuena egingo zuela. Galdeketa egin eta bi urtera, baina, zezenketek jaien egitarau ofizialean jarraitzen dute: lau egingo dira aurten.

Gainera, kontraesan horri ez ikusi egitea egotzi diote alkateari: "Espainiako Gobernuak kontsulta bat egiteko ezarri duen debekuaren atzean babesten ari da". Alonso eta Beldarrain ordezkarien esanetan, aitzakia besterik ez da hori; herritarrek galdegin zuten aldaketa ez gauzatzeko aitzakia, hain zuzen. Hala, zezenketa horiek eremu publikoetan egiten eta diru publikoaren laguntzaz antolatzen jarraitu dute Donostian, herritarrek egoera horri zer irizten zioten argitzeko egin zen galdeketaren emaitza aurkakoa izan arren.

"Espainiako Gobernuak kontsulta bat egitea eragozten badu, hark –Eneko Goiak– jada badu herritarren iritzia biltzen duen galdeketa bat, Donostiako Udalak egina". Antolatzaileen arabera, galdeketa hori nahikoa datu da herritarren pertzepzioa hautemateko; beraz, ez dute ulertzen Goiaren heldulekua kontsulta ofizialik ez egiteko debekua izatea. "Gehiengoaren erabakia da", nabarmendu dute, eta adierazi dute debeku hori dela, hain justu, gehiengoaren erabakia gutxiesteko Goia erabiltzen ari den "ezkutaleku juridikoa".

Antolatzaileek adierazi dute "sarraskiak eta horien sustatzaileak" salatzen jarraituko dutela, urtez urte dozenaka zezen hiltzen baitituzte Donostian "tradizioaren eta dibertsioaren izenean". Era berean, nabarmendu dute bateraezinak direla kultura eta animaliak heriotzara kondenatu arte sufriaraztea. Horregatik, zezenketarik gabeko jaien alde bilduko dira hilaren 14an, 2015az geroztik berriz ere egiten hasi ziren zezenketak gaitzesteko; izan ere, geldialdi bat izan zen EH Bildu agintean jarri zenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.