Ingurumena

Lindanoa aurkitu dute Jata eta Enekuriko basoetako zur laginetan

Horrek dakarren arriskuaz ohartarazi du Ekologistak Martxan-ek, batez ere baso horiek su hartuko balute.

BERRIAko kazetariak Jatako basoan. Lindanoa argi ikusten da. LUIS JAUREGIALTZO - FOKU
gotzon hermosilla
2019ko abuztuaren 13a
08:40
Entzun

Ekologistak Martxan elkarteak aspaldian salatua zuen lindano izeneko hondakin toxikoa dagoela gaur egun itxita dauden Bizkaiko zenbait zabortegitan HCH edo —esaterako, Jatako eta Enekuriko (Bizkaia) hondakindegi izandakoetan—, bai eta kutsatuta egon zitezkeela ere orain haien gainean dauden basoak. BERRIAk ere horren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen uztailaren 25ean.

Ekologistak Martxan-eko kideek, ikusita beren salaketek ez zutela erakundeen aldeko erantzunik, toki horietako basoetako zur laginak hartu dituzte, eta laborategi independente batera bidali, aztertzeko. Orain jakinarazi dituzte emaitzak: Enekurin hartutako zur lagin bietan lindanoa topatu dute –1,81 miligramo eta 3,64 miligramo zur kilogramo bakoitzeko, hurrenez hurren–, eta Jatako zuhaitzetatik hartutakoetan ere bai, dosi handiagoetan –3,14 eta 6,47 miligramo–.

Ekologistak Martxan-eko Javier Vazquezek azaldu duenez, horrek bi arrisku dakartza. Batetik, basoak su hartuko balu, lindanoa desegin egingo litzateke, eta fosgeno izeneko substantzia pozoitsua askatuko luke –I. Mundu Gerran arma kimiko gisa erabili zuten, eta pertsona ugari hil zituen–. Horrek arrisku handia ekarriko lieke sua amatatzera joango liratekeenei –Vazquezek salatu du erakundeek ez dutela protokolo zehatzik horrelako kasu baterako–, eta, sutea oso handia balitz, baita inguruko herritarrei ere.

Bestetik, hango zuraren ohiko erabilerak beste arrisku bat lekarke. Ekologistak Martxan-ek salatu duenez, Jatan zuhaitzak mozten ari dira zura erabiltzeko asmoz, seguru asko papera egiteko edo altzarietarako. "Argi esan behar dugu hangoa ez dela zura, hondakin toxiko arriskutsua baizik, eta horrela tratatua izan behar duela", azaldu du Vazquezek.

Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak lindanoari buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuela aho batez joan den martxoaren 27an, eta han Lan Mahai bat sortzea aurreikusten zela, beste zenbait neurriren artean, arazoari konponbideak bilatzeko. Orain, mahai hori abian jartzeko eta bertan gizarte eragileei tokia egiteko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.