Danimarka eta AEB

Groenlandiarrek Trumpi erantzun diote: "Ez gaude salgai"

AEBetako presidenteak Groenlandia erosteko interesa agertu du, Wall Street Journal egunkariaren arabera. Danimarkako hainbat ordezkari politikok adierazi dute tokiz kanpo legokeela gisa horretako proposamen bat egitea. "Txantxa bat" izatea espero dute.

Upernavik herriko ikuspegia, Groenlandia mendebaldean. LINDA KASTRUP, EFE
2019ko abuztuaren 16a
15:45
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak Danimarkara bidaiatuko du hilabete barru, bisita ofizialean. Hainbatetan gertatu izan da Trumpek bisitatzekoa duen herrialdeari buruzko adierazpenak egitea eta horien harira zalaparta sortzea. Oraingoan, Groenlandian eta Danimarkan harrotu dira hautsak, uhartea Danimarkari erosteko interesa agertu baitu Trumpek, World Street Journal egunkariaren arabera. Hedabideak argitaratu duenez, presidenteak gertuko aholkulariei agindu die aukera hori aztertzeko, eta proposamena Danimarkako agintariengana iritsi da "seriotasun maila desberdinekin". Pentsa daitekeenez, albisteak zeresan handia eman du sare sozialetan.

Groenlandia erosteko ideia ez da berria Etxe Zurian. Harry Truman presidente ohiak uhartea erosteko eskaintza egin zion Danimarkari, 1946an: ehun milioi dolar eskaini zizkion Groenlandiako lurren truke. Proposamenari uko egin zion Danimarkak. AEBek base militar bat dute uhartearen ipar-ekialdean.

Danimarkan ez diete seriotasun handirik aitortu Trumpen interes posibleari. "Inozente eguneko txantxa bat behar du izan, sasoiz erabat kanpokoa", adierazi du Lars Lokke Rasmussen Danimarkako lehen ministro ohi eta oposizioko buruak. "Hori pentsatzen ari dela egia bada, erotu egin denaren froga argia da. Den bezala esan beharra daukat: Danimarkak AEBei 50.000 herritar saltzearen ideia erokeria hutsa da", erantzun du Soren Espersen Alderdi Popular Daniarraren Atzerri Gaietarako bozeramaileak.

Martin Lidegaard Aderdi Sozial Liberalekoak espero du Wall Street Journal-ek argitaratutakoa "txantxa bat" izatea. Hala ez balitz, "ikaragarria" litzatekeela adierazi du. Gaineratu du Groenlandia AEBren eskuetara pasatuz gero, groenlandiarrek autonomia galduko luketela eta uhartea militarizatzeko arriskuan legokeela.

Groenlandiak Danimarkako parlamentuan duen bi parlamentarietako bat da Aaja Chemnitz Larsen. Haren hitzetan, hobe litzateke "Danimarkarekiko harremana indartzea". Trumpen eskaintza posible bati "ez, eskerrik asko" erantzun dio. Gaineratu du Groenlandia ez dela "saldu daitekeen ondasun bat".

Groenlandiako Gobernua ere mintzatu da albistearen gainean. Nabarmendu duenez, uhartea "ez dago salgai". Gobernuak azaldu du "lankidetza ona" duela Groenlandiak AEBekin, eta Trumpen adierazpenak "inbertitzeko interes" gisa ulertzen dituela. Ez du adierazpen gehiago egin nahi izan, "informazioaren izaera ez ofiziala dela eta".

Trumpek bere lehenengo bisita ofiziala egingo dio Danimarkari hilabete barru, eta Groenlandia erosteko aukera hizpide izango duten ala ez argitu gabe badago ere, Wall Street Journalek adierazi du Trumpek ideia hori aipatu zuela iaz, afari batean, Danimarka Groenlandiarentzako finantza babes bila ari zela entzun zuenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.