Klima larrialdia

Azken urteetako suterik larrienak gertatzen ari dira Amazonian

2018ko datuekin alderatuta, %83 ugaritu dira suteak. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak iradoki du GKEak daudela hondamendiaren atzean.

Mato Grosso Amazoniako estatuko zati bat, kiskalita. /
Mato Grosso Amazoniako estatuko zati bat, kiskalita. / Rogerio Florentino/EFE

Nagore Arin -

2019ko abuztuak 22

Paradoxikoa badirudi ere, sutan da munduaren birika: Amazonia. Datuak beldurgarriak dira; azken urteetako suterik larrienak izaten ari dira. INPE Espazioaren Ikerketarako Institutu Nazionalak argitaratu dituen datuen arabera, herrialdeko suteak % 83 areagotu dira 2018koen aldean. Institutuak ziurtatu du urtarrilaren 1etik abuztuaren 18ra bitartean 71.497 sute erregistratu direla, erdiak baino gehiago Amazoniako eskualdean.

Egoera larria da. Hala izendatu behar izan dituzte hainbat herrialde, larrialdi egoeran, suteen ondorioz hedatzen ari diren ke hodeiek eragin ditzaketen gaixotasunak eta arazoak direla eta. Amazonia, Acre, Matro Grosso do Sul, Parana eta Sao Paulo hiria dira suteen ondorioak jasaten ari diren tokietako batzuk. INPEren arabera, azken astean suteek kalte egin diete 68 eremu babesturi eta erreserba indigena ugariri.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea ere mintzatu da egoeraren inguruan. Presidentearen arabera, baliteke GKEak egotea suteen hondamendiaren oinarrian: "Ez naiz ziurtatzen ari, baina posible da GKEek ekintza kriminal bat antolatu izana". Esan duenez, haren irudiaren aurka eta Brasilgo Gobernuaren aurka joateko egingo zuten hori GKEek; izan ere, presidenteak baliabideen merkataritza ustiapenerako politika eztabaidagarriak bultzatu ditu eremu horretan.

Uste hori sendotzeko, argudio gisa erabili du diru laguntzak murriztu zaizkiela Amazonia zaintzeko ekinbideak egiten ari ziren GKEei. Presidentearen esanetan, "diru falta sentitzen ari dira", eta baliteke Brasilgo Gobernuaren murrizketa ekonomikoak salatzeko egin izana. Nabarmendu du sute horiek nahita piztuak ote diren edo ez argitu behar dela orain, eta gero hartuko direla hartu behar diren neurriak.

Beste aldean, GKEek nabarmendu dute hondamendia gizakiek eragina dela. Salatu dutenez, suteen goraldiak lotura zuzena izan dezake Bolsonaroren bidelagun diren enpresariek eta ondasundunek Amazonian egin dituzten ekintzekin. Inguru horretako meatzaritza eta nekazaritza ustiatzen eta landatzeak hedatzen jarraitzea da haien helburua.

Halaber, suteak deforestazioaren ondorioa direla adierazi du IPAM Ingurunearen Ikerketarako Amazoniako Institutuak: "Suteen goraldiak zerikusia du deforestazioarekin, eta ez, pentsa zitekeen bezala, lehorte gogor batekin". Institutuak ohar batean jakinarazi duenez, deforestazioaren ondoren ondasundunek eta kolonoek sua erabili ohi dute lursaila garbitzeko, eta, hain justu, hori izan liteke sute oldearen jatorria.

Fridays For Future mugimendua

Eztabaidaren erdian, Fridays For Future mugimendu entzutetsuak manifestaldi batzuk antolatu ditu. Bihar egingo dituzte, Brasilen enbaxada guztien atarian, 12:00etan. Amazoniako oihana suntsitzen ari diren suteen aurka bilduko dira, sute horiek abiadura “kezkagarri” batean gertatzen ari direla nabarmentzeko: "Gure etxea sutan dago, eta gure planetaren birikak errauts bilakatzen ari dira".

Salatu dute klima larrialdiaren beste aurpegi bat besterik ez dela Amazonian eta Brasil osoan gertatzen ari dena. Mugimenduaren esanetan, ekintza multzo kontrolaezin bati aurre egiteko hastapenetan dago planeta, bizia eta ekosistema suntsituko dituen ekintza multzo bati aurre egiteko hastapenetan, hain zuzen ere. Gainera, Bolsonaro presidente izatearekin lotu du mugimenduak suteen goraldia, eta nabarmendu du "diruz beteriko zaku baten moduan soilik" ikusten duela Amazonia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna