G7koen goi bilera Miarritzen

Miarritzen dira G7ko agintariak

Hasi dira G7ko agintariek Miarrizen elkartzen: Trump, Johnson, Merkel, Trudeau, Macron, Abe eta Conte iritsi dira dagoeneko. Bordeleko aireportuan lur hartu du aurrena Trumpen Air Force One hegazkinak, eta ibilgailu txikiago batean eraman dute handik Miarritzeko aireportura.

Donald Trump, gaur, Miarritzeko aireportuan. JULIEN DE ROSA / EFE
2019ko abuztuaren 24a
00:19
Entzun

Hasi dira G7ko agintariek elkartzen. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa iritsi zen aurrena, atzo —korrika egitera ere atera da goizean, Miarritzen—, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere ostiral gauean ailegatu zen Miarritzera (Lapurdi). Gaur, berriz, Donald Trump AEBetako presidentea iritsi da Euskal Herrira, 13:00ak pasatxoan. Bordeleko aireportuan lur hartu du aurrena Air Force One hegazkinak, eta ibilgailu txikiago batean eraman dute handik Miarritzeko aireportura. Gero, autoz joan da erdigunera. Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa ere gaur iritsi da, baita Boris Johnson, Angela Merkel eta Mario Conte ere.


Donald Trump AEBetako presidentea, gaur, Miarritzen (Lapurdi). JULIEN DE ROSA / EFE

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, berriz, arratsalderako iritsi da Miarritzera.


Johnson, gaur, Miarritzen. STEFAN ROUSSEAU / EFE

Aipatuak ez ezik, beste agintari ugari ere bilduko dira Miarritzen. Taldea osatzen duten herrialdeetako agintariek beste herrialde batzuetako agintariak gonbidatu ohi dituzte goi bileretara. Miarritzen izango dira NBE Nazio Batuen Erakundea, AB Afrikako Batasuna, Munduko Bankua, NDF Nazioarteko Diru Funtsa eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, besteak beste. Gobernuz kanpoko erakunde batzuk ere gonbidatu ohi dituzte; horietako batzuek errefusatu egin dute parte hartzea; Greenpeacek, adibidez.

Atzotik, Miarritze erdigunea ia itxita dago, politikarientzat, polizientzat eta kazetarientzat izan ezik. Agintariek bi gune zehaztu dituzte: urdina —zabala—, eta gorria —goi bilkura egingo duten gunetik gertuen dagoen eremua—. Autoek debekatua dute gune urdinera sartzea, eta, oinez, baimena edo akreditazioa duten egoiliarrak eta kazetariak soilik igaro daitezke. Gune urdinera sartzeko kontrolak, berriz, martxan ziren goizetik, eta hutsik zegoen hirigunea: segurtasun langileak, poliziak eta kazetariak baino ez. Gune gorrirantz aurrera egin ahala, zorrotzagoak dira kontrolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.