AEB-Iran

Rohanik Trumpi galdegin dio ezabatzea Irani ezarritako zigorrak

Hassan Rohani Irango presidenteak adierazi du Trumpek Irani ezarritako zigorrak ezabatu beharko dituela adostasun bat lortu ahal izateko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak AEBen eta Iranen arteko bilera bat sustatzeko asmoaren berri eman ostean egin ditu Rohanik adierazpenak.

Hassan Rohani Irango presidentea.
Hassan Rohani Irango presidentea. Oficina Presidencial/EFE

Nagore Arin -

2019ko abuztuak 27

AEBen eta Iranen arteko tentsioa apur bat baretu dela badirudi ere, oraindik falta dira pausoak oreka lortzeko; hala adierazi du Hassan Rohani Irango presidenteak. Haren hitzetan, egoera alda dadin eta “garapen positiboak” egin daitezen, ezinbestekoa da AEBek Irani ezarritako "zigor guztiak ezabatzea". G7koen goi bilera amaitu berritan egin ditu adierazpenak Irango presidenteak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi ostean bilera bat lotu nahi zuela Donald Trump AEBetako presidentearen eta Rohaniren artean. Horregatik, Macronek Lapurdiko hirira gonbidatu zuen Mohamed Javad Zarif Irango Atzerri ministroa, bi potentzien arteko oreka lortzeko bidean.

Irango presidenteak telebista bidez egin ditu adierazpenak, eta, adierazi duenez, "Washingtonen esku dago herrialdeen arteko harremanetan garapen positiboak egin daitezen ahalbidetzea"; baina, kasurako, AEBek iazko maiatzean jakinarazi zuten atera egingo zirela itun horretatik. Geroztik, Iranek hainbat konpromiso eskatu dizkie Europako sinatzaileei, hori egin ezean hura ere testutik aterako dela mehatxatuta. Horregatik, Trumpek ordutik izan duen jarrera gaitzetsi du Rohanik: "Irango Islamiar Errepublikari zigorrak ezarri dizkioten eta terrorismo ekonomikoa egin duten haiek [AEBetako agintariak] damua adierazten dutenean aldatuko da gure jarrera haiekin".

Hala, Washingtoni galdegin dio egun hartzen ari den "bide okerra" alde batera utz dezala eta errespetuz aitor ditzala "Irango sistema islamikoa eta herrialdearen eskubideak". Jarrera hori zehaztuta, AEBen esku utzi du adostasun bat lortzea: "Makurtu ezazue burua Irango nazio handiaren aurrean, eta, ondorio gisa, egoera aldatuko da. Gure politika argia da; konpromisoetara itzultzen bazarete, gu ere itzuliko gara, eta arrazoizko bide bat aurkituko dugu arazoei aurre egiteko".

Trump, baikor

Irango presidenteak adierazpenak egin baino lehen azaleratu zuen Trumpek bileraren gaineko iritzia. Askoren harrigarri, AEBetako presidentea baikor agertu zen Rohanirekin batzartzeko Macronek eginiko proposamena dela eta. Ez zuen baztertu aukera hori, baina zehaztu zuen bilkura onartuko duela "baldintzak egokiak" badira: "Bilera hori egiteko aukerak egiazkoak dira". Halaber, gaineratu zuen 2015ean Irango arma nuklearren harira egin zen akordioa "barregarria" izan zela. Hala ere, nabarmendu zuen "sentipen onak" dituela, baina hitzarmen nuklear berri bat egitekotan galarazi egin beharko litzatekeela Iranek arma atomikoa erabili ahal izatea eta misil balistikoak garatzea, "denbora luzean".

AEBek Irani ezarritako zigor horien harira, 2015ean eginiko akordioan adosturikoa urratzen ari da Iran: uztail hasieran, esaterako, uranioaren biltegiratze muga eta uranioa aberasteko muga gainditu zituzten. Ekintza sinbolikoak dira, baina bide baten lehen pausoak dira; hala ere, Teheranek adierazia du prozesua "itzulgarria" dela Europako sinatzaileek "beren hitza betetzen badute". Bide horretan, G7ko agintariek herenegun Macroni eskatu zioten Iranekin itun nuklearraz hitz egiteko eta "mezu bat helarazteko"; zeregin hori jasota, Frantziako presidenteak sendotua ikusi du nazioartean duen pisua.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna