'Brexit'-a

Parlamentuaren jarduna etetea onartu du Elizabeth II.a erreginak

Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentariei gutun batean azaldu dienez, irailaren 11tik urriaren 14ra gerarazi nahi du parlamentuaren jarduna. Hala, oposizioari ez lioke tarterik utziko brexit-aren inguruko proposamenak aurrera ateratzeko. Johnson: "EBrekin akordioa lortzen badut, parlamentuak aukera izango du lege proiektu bat onartzeko, urriaren 31 baino lehen".

Johnson, G7koen Miarritzeko goi bileran. NEIL HALL/EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko abuztuaren 28a
07:13
Entzun

Boris Johnsonen gobernuak parlamentua geldirik nahi du datozen asteetan. Hala argitaratu dute gaur goizean The Guardian eta BBC hedabideek, eta hala baieztatu du Johnsonek berak, parlamentariei igorritako gutun batean: gobernuak Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginari eskatu dio eten dezala parlamentuaren jarduna irailaren 11tik urriaren 14ra, eta hark onartu egin du. Hala, udako oporretatik bueltan, egun gutxiko tartea izango lukete oposizioko kideek proposamenak egiteko, eta, brexit-erako jarritako azken eguna urriaren 31 dela kontuan hartuta, kasik aukerarik gabe geratuko lirateke Johnsonen asmoei galga jartzeko.

Parlamentariei igorritako gutunean, Johnsonek argudiatu du erreginaren diskurtsoa —gobernu programa aurkezteko saioa— egingo duela urriaren 14an, eta taldeek aukera izango dutela iritzia emateko "gobernuaren agendaren" eta "Europar Kontseiluari begirako planteamenduen" inguruan —urriaren 17an eta 18an izango da EBko buruen bilkura—. Ondoren, urriaren 21ean eta 22an egingo lituzkete bozketak. Johnson: "EBrekin akordioa lortzen badut, parlamentuak aukera izango du lege proiektu bat onartzeko, urriaren 31 baino lehen akordioa berresteko".

Asko izan dira lehen ministroaren asmoen aurka agertu direnak, besteak beste, John Bercow Komunen Ganberako burua, zeinak eskandalutzat jo duen erabakia. Jeremy Corbyn buruzagi laboristak, berriz, demokraziaren aurkako erasotzat jo du Parlamentuaren jarduna eteteko eskaria. Kontra agertu da Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa ere: "Parlamentua ixtea akordiorik gabeko brexit bat ahalbidetzeko parlamentarien nahien aurka, hori ez da demokrazia, diktadura baizik". 

Zenbaitentzat, Johnsonen urratsak argi utzi du Londresek heritarrekin eta "menpeko lurraldeekin duen arduragabekeria". Plaid Cymruko Adam Priceren iritziz, hau da garaia "gezurrezko demokrazia" utzi eta Galesentzako beste bat eraikitzen hasteko. Sinn Feineko buru Michelle O'Neillek ere gogor hitz egin du: "Johnsonen gobernuak harrokeriaz jokatu du, eta garbi utzi du bere instituzioak ere gutxietsi egiten dituela. Argi dago Westminsterrek ez dituela sekula babestuko irlandarren interesak".

Johnsonek, izan ere, esana du ez duela gehiago atzeratu nahi Erresuma Batuaren irteera EBtik. Urriaren 31n gauzatu nahi du brexit-a, akordiorik lortu gabe ere. Aste honetan bertan, oposizioko hainbat parlamentarik indarrak batuko dituztela iragarri dute, akordiorik gabeko brexit-a gauzatzeari muga jartzeko. Jeremy Corbyn Erresuma Batuko oposizioburuak deituta egin zuten bilera, eta azaldu zuten parlamentuko bideak erabiliz egin asmo zutela hori: hau da, akordiorik lortu ezean, gobernuari EBtik irtetea galarazteko proposamen bat onartuz. Alderdi Liberal Demokratako, Eskoziako Alderdi Nazionaleko, Alderdi Berdeko eta talde independenteko ordezkariak elkartu ziren. Aukera bat litzateke konfiantza mozio bat aurkeztea Boris Johnson lehen ministroaren aurka.

"Denbora egongo da alde bientzat"

"Aurrera egin behar dugu gure barne agendarekin, eta horregatik iragarri dugu erreginaren diskurtsoa [gobernu programa aurkezteko ekitaldia] urriaren 14rako", esan dio Johnsonek berak Sky kateari, goizean, BBCk eta The Guardian-ek argitaratutakoaren ondoren. Oposizioaren proposamenak blokeatzeko asmoa duela dioten kritikei erantzunez, "hori ez da egia", ziurtatu du lehen ministroak: "Denbora egongo da alde bientzat urriaren 17ko gailurrean [EBko buruak dira elkartzekoak], nahikoa denbora egongo da parlamentuan diputatuek EBri buruz, brexit-ari buruz eta gainerako gaiei buruz eztabaida dezaten". Johnsonek uztailaren amaieran hartu zuen lehen ministro kargua, Theresa Mayren dimisioaren ondoren.

"Ez dugu urriaren 31 arte itxarongo herrialdea aurrera ateratzeko gure planak martxan jartzeko", erantsi du gaur lider kontserbadoreak; nabarmendu du agenda estua duela bere gobernuak, eta "lege berri eta garrantzitsuak" dituela onartzeko. Oposizioko hainbat kidek bezala, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ere gogor kritikatu du Johnsonen iragarpena: "Erresuma Batuaren demokraziarentzat egun ilun baten gisa pasatuko da egun hau historiara".

"Garaia da gobernu berriak eta lehen ministro berriak zehaztu dezaten herrialde honek EB utzi ahal izateko plan bat", adierazi dio goizean BBCri gobernuko iturri batek, Johnsonen ildo beretik. Udako oporren ondoren, irailaren 3an da hastekoa martxan Erresuma Batuko parlamentua. Johnsonek urriaren 14an aurkeztu nahi du gobernu programa.

Johnsonek "brexit-aren osteko herrialdean pentsatzen" hasi beharra dagoela adierazi zuen G7koen goi bileran, Miarritzen (Lapurdi). Ipar Irlandako mugaz eta aduana batasunaz hitz egiteko eskatu zion EBri, baina, joan den asteartean, EBk uko egin zion horri, eta Johnsoni egotzi zion alternatibarik ez aurkeztu izana. Bestalde, Erresuma Batuko ordezkariek esan zuten ez direla EBko bileretara joango irailetik aurrera, "interes nazionalekoak" ez badira. Asteazkenean, Alemaniako kantziler Angela Merkelek 30 eguneko epea eman zion Johnsoni brexit gogorra eragozteko akordio bat egiteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.