Erakusketa

Fernando Renes artistak azulejuekin estali ditu BilboArteko erakusketa aretoko paretak

Gerra, sexua eta bizipen propioak irudikatu nahi izan ditu harlauzetan marraztutako irudietan. Erakusketa irailaren 2tik 20ra arte ikusi ahal izango da, doan.

Fernando Renes, BilboArten instalatu berri duen mosaikoaren zati bat atzean duela. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 30a
14:14
Entzun

“Zerbait berria egin nahi nuen”. Ez da Fernando Renes (Covarrubias, Burgos, Espainia, 1970) artista bisualak azulejua erabiltzen duen lehen aldia, baina oraingoan “proposamenaren altuera igo” nahi izan du. Erabakiaren emaitza, honako hau: BilboArteko Urazurrutia aretoko hormak estali dituen mosaikoa, 42 metro luze eta 2,7 metro altu dena. Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoaren zentroan egin du egonaldia artistak 2018an, eta orduan garatutakoa bertan jarri du ikusgai, irailaren 2tik 20ra bitarte. 17:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da, doan.

Renesek “energia negatiboa eta positiboa” agertu ditu harlauzetan; gerra eta sexua, hurrenez hurren. Elementu belikoekin uztartzen da lentzeria, eta, oro har, tradizioan jarri du arreta Renesek, “ikuspegi zabalagoa” emate aldera. “Inoiz baino informazio gehiago daukagu”. Irudietan antzeman daiteke gaur egun eskura duen hori aprobetxatu duela, modernoak eta zaharrak bat egiten baitute: hegazkinontzi mardularen ondoan, antzinako zalduna ikus daiteke, esaterako. Bere esperientzia ere gehitu dio artelanari, bere autoa marraztuz, adibidez.

Erabilitako materialak ere —zeramikak, alegia— atzera begira jartzen du ikuslea, hein batean: azulejuari esker, “artearen hasierekin” egiten du lotura Renesek. Baina harlauzek “harategi” giroa ere eransten diote obrari. “Haragia zintzilikatu beharrean, objektuak zintzilikatu ditut”. Besteen “jostailuen” inguruan hausnartzen du, eta haietako bakoitzari ematen zion balioaren inguruan: “Dena da kontsentsua”. Azulejua, esaterako, elementu “umil” gisa hartu izan da, baina Renesi obraren “bizkarrezurra” paratzeko aukera eman dio: marrazkia. “Paperarekin lauzatzen nuen lehen, azulejuarekin orain”.

Lan “fisikoa”

Hasieran, Urazurrutia 23 proiektuak narrazio bat osa zezan zen artistaren helburua; azkenean, ordea, “aurkezpen” gisara definitu du Renesek obra, erakusketaren aurkezpenean. Instalazioaren oinarri “fisikoa” ere nabarmendu du, eta lan “neketsua” izan dela azpimarratu. Banan-banan sortu du azuleju bakoitza. Egosi gabeko basa zatiak erosi, eta bukaerako emaitza lortu arteko bidea berak egin du, oso-osorik. Lana gorabehera, artista pozik agertu da BilboArten egindako egonaldiarekin: “Esperientzia ahaztezina izan da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.