Donostiako Zinemaldia

'Agur, Etxebeste' Euskal Zinemaren Galan estreinatuko dute

Asier Altuna eta Esnalez gain, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Iñaki Arteta, Iban del Campo, Maider Fernandez Iriarte, Miguel Angel Jimenez, Loic Legrand, Mikel Urretabizkaia eta Helena Taberna lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko. Jose Maria 'Txepe'Laraekoizleak jasoko du Zinemira saria

Asier Altuna eta Telmo Esnal, 'Agur Etxebeste'-ren filmaketan.
Asier Altuna eta Telmo Esnal, 'Agur Etxebeste'-ren filmaketan. Luis Jauregialtzo / Foku

Berria -

2019ko abuztuak 30

Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute Donostiako 67. Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira. Haietako bederatzi —hau da, munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten film luzeak— Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira.

Zinemirak, euskal zinemari eskainitako sailak, hamar ekoizpen hartu ditu barnean, fikzioa eta ez-fikzioa, opera prima-k eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bilduta.

‘Agur, Etxebeste’ Euskal Zinemaren Galan

Duela hamalau urte, Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) Gazteriaren Saria lortu zuten Aupa Etxebeste! (2005) Zuzendari Berriak sailean aurkeztuta. Harrezkero, Zinemaldiaren sailetara ekarri dituzte beren filmak; besteak beste, Sail Ofizialera. Aurten, Agur, Etxebeste! filmaren emanaldia hartuko du Euskal Zinemaren Galak irailaren 24an. Iazko udan filmatu zuten lana.

Azken urteetan bezala, Zinemira sailak jasoko du euskal zinemaren lagin zabala. Helena Tabernaren Varados-ek emango dio hasiera sailari. Zinemaldiak Tabernaren hainbat film programatu ditu azken urteotan: besteak beste, Yoyes (Made in Spain, 2000), La buena nueva (Made in Spain, 2009) eta Acantilado (Zinemira, 2016). Varados-ek Grezian denbora luzea daramaten errefuxiatuen eguneroko bizitza erakusten du.

Glittering Misfits Iban del Camporen lehen film luzea da. Aurrez, Kimuak-en hautatu eta Zinemaldian proiektatu ziren haren bi film labur: Dirty Martini eta Espedizio handiaGlittering Misfits-en, New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploratzeko bidaia batean abiatu da Dirty Martini-k zirriborratutako gaian sakontzeko.

Hiru uhinak - Les trois vagues ere Loic Legrand zuzendariaren lehen film luzea da. Hartan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat iruditan kontatzeko erronkari egin beharko diote aurre.

Taberna, Del Campo eta Legrand Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian izango dira.

Gainera, urteko euskal ekoizpen nabarmenetako zazpi lan erakusteko tokia utziko du Zinemirak.

El doble más quince-k, Mikel Ruedaren film berriak lehiaketaz kanpo parte hartuko du sailean. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2017) hautatutako proiektuetako bat izan zen, eta Malagako (Espainia) zinema jaialdian izan zuen estreinaldia. Ruedak Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuen bere lehen film luzearekin (Izarren argia / Estrellas que alcanzar, 2010). El doble más quince-n, 45 urteko emakume baten eta 16 urteko mutil baten arteko harremana jaso du. Maribel Verdu eta German Alcarazu dira protagonistak.

Sailean ikusiko da Muga deitzen da pausoa ere. Maider Oleagak (Bilbo, 1976) Ikusmira Berriak egonaldi programaren lehenengo urtean garatu zuen proiektu hori, eta Gijongo (Espainia) zinema jaialdian estreinatu zen.

Bestalde, Soinujolearen semea, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma ere emango dute Zinemiran. Zuzendariak, Fernando Bernuesek  Zuzendari Berriak saileko lehiara ekarri zuen Kutsidazu bidea, Ixabel (2006, Mireia Gabilondorekin batera zuzendua) eta Zinemiran aurkeztu zuen Mugaldekoak (2010).

Zinemiran ikusiko da, halaber, Juanmi Gutierrezen (Errenteria, 1945) azken filma, Paseko txoriak. Aurrez, beste hamar film aurkeztu ditu Gutierrezek sailean. Aurtengo otsailean hil zen eta 67. Zinemaldiak omenaldia egingo dio.

70 binlandens Koldo Serraren (Bilbo, 1975) hirugarren film luzea da, The Backwoods eta Gernika. The Movie-ren ondotik. Emma Suarez, Nathalie Poza eta Hugo Silva dira Sitgeseko zinema- aialdian estreinatutako film horren protagonistak.

Bestalde, La pequeña Suiza Kepa Sojoren bigarren film luzea da, El síndrome de Svensson-en (2006) ondoren.

Azkenik, Zinemiran aurkeztuko da Elkano, lehen mundu bira animazio filma, Angel Alonsok (Pasaia) zuzendutako bigarrena. Lehenengoa, Ametsen lapurra (2000), animazio filmik onenaren Goya sarirako hautagaia izan zen.

Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian sartuko dira La trinchera infinita, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Josemari Goenagak zuzendutako filma (Sail Ofiziala), eta Las letras de Jordi, Maider Fernandez Iriarteren lehen lana (Zuzendari Berriak). Culinary Zineman estreinatutako bi film ere hartuko ditu lehiaketak: batetik, Iñaki Artetaren Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio, Etxebarri erretegiko sukaldariaren nortasunari buruzkoa; eta, bestetik, Mikel Urretabizkaiaren Gazta, Idiazabalgo gaztaren unibertsoarekin lotutako lekukotzak bildu dituen filma.

Zinemaldian beste euskal ekoizpen hauek ikusi ahal izango dira, halaber, nahiz eta Irizar saila lortzeko hautagaien zerrendan ageri ez: Ion de Sosaren eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada eta Izibene Oñederraren Lursaguak, Kimuak-etik Zabaltegi-Tabakalera sailerako aukeratutako bi film labur; Maddi Barberren Urpean lurra (Zabaltegi-Tabakalera); Oliver Laxeren O que arde (Perlak) eta Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan (Culinary Zinema).

Zinemira saria, Txepe Larari

Irailaren 24an, Viktoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Galan, Agur, Etxebeste! filma estreinatzeaz gain, Zinemira saria emango diote Jose Maria Txepe Lara ekoizleari. Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizle elkarteek euskal zinemaren pertsonaia nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko ematen dute ohorezko sari hori. Orain arte, Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elias Kerejeta (2011), Michel Gaztanbide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramon Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramon Agirre (2018) omendu ditu sariak.

Txepe Larak (Madril, 1948) 1985ean hasi zuen zinemarekin harremana, kamera laguntzailearen zereginak betez Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1986), Adiós, pequeña (Imanol Uribe, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Díez, 1988) filmetan.

Gerora, ekoizle lanetan, hainbat film ezagunen atzean egon da: Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1993), Alsasua, 1936 (Helena Taberna, 1994), Justino, un asesino de la tercera edad (La Cuadrilla, 1994), A ciegas (Daniel Calparsoro, 1997), Pecata minuta (Ramon Barea, 1999), Aupa Etxebeste (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005)...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna