Telmo Esnal

"Jendeak ondo pasatzeko egin dugu filma"

Aupa Etxebeste! filmeko familiaren gorabeherak oinarri hartuta, irailaren 24an estreinatuko da Agur, Etxebeste filma Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan. Hiru egun geroago iritsiko da zinema aretoetara.

Telmo Esnal, iaz Donostiako Zinemaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2019ko abuztuaren 30a
15:31
Entzun

Duela hamalau urte estreinatu zen Aupa Etxebeste! filma, Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) eta Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) zuzenduta. Pelikularen bigarren zatia aurkeztu dute orain: Agur, Etxebeste!. Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute, eta 27an iritsiko da zinema aretoetara.

Hamalau urte pasatu dira Aupa Etxebeste! estreinatu zenutenetik, eta oraingoan Agur, Etxebeste!-rekin zatozte; zergatik ez “gero arte” bat?

Izenburuak badauka istorioarekin zerikusia, lehenengo pelikulak zuen bezalaxe, eta hirugarren zati baterako ere edukiko genuke beste titulu bat ziurrenik. Baina nik uste dut zer egin behar genuen jakin baino lehenago erabaki genuela zein izango zen bigarren zatiaren izenburua. Ez dakigu tituluak berak ez ote duen baldintzatu istorioa.

Aupa Etxebeste!-ko lantalde tekniko eta artistiko berarekin aritu zarete lanean. Nolakoa izan da berriro esperientzia bizitzea?

Bigarren pelikula egiteko baldintzetako bat aktoreak berberak izatea zen. Baina, era berean, Aupa Etxebeste!-ko lantaldearekin lan egitea polita izango zela pentsatu genuen. Gehienak bigarren zatian berriro ere parte hartzeko prest agertu ziren; baina, esaterako, argazki zuzendariarekin arazo txiki bat izan dugu, beste proiektu batzuetan zebilelako. Aktoreei dagokienez, lehen zatiko berberak dira, baina istorioa aldatu egin denez, pertsonaia berriak txertatu ditugu. Giro ezin hobea egon da, oso harmoniatsua izan da, eta oso gustura egin dugu lan. Espero dut jendeak gozatu eta barre egitea.

Aupa Etxebeste! Asier Altunarekin batera egin zenuen lehen film luzea izan zen. Ondoren, bakoitzak bere ibilbidea egin du, eta orain, berriro elkartu zarete bigarren zatia egiteko. Nolakoa izan da berriro elkartzea?

Bakoitzak bere proiektuak egin ditu, baina nahiko lotuta ibili gara; nik parte hartu izan dut bere proiektuetan, eta alderantziz. Ez gara dirudien bezain urruti egon, eta nahiko erraza egin zaigu elkarrekin lan egitea.

Pelikulan ere hamalau urte pasatu dira?

Filma egiteko proposamena egin orduko, etxebestetarrak gaur egun non egongo ote ziren galdetu genion geure buruari, eta, beraz, egungo istorio bat kontatuko genuela erabaki genuen. Guretzat argi zegoen Patrizio herri horretako alkatea izango zela, eta horrela hasten da pelikula. Hortik aurrera, etxebestetarrak egoera gatazkatsu batean sartzen saiatu gara. Gauza berriak daude, baina lehenengo filmaren oihartzuna du bigarrenak.

Aupa Etxebeste!-k arrakasta handia izan zuen. Zer aurreikuspen egiten duzue Agur, Etxebeste!-rekin?

Hori betiko kontua da. Bigarren zati bat egitean, ez zara hutsetik hasten; baremo bat dago ezarrita, baina ez dut horretan pentsatu nahi izan prozesu guztian. Bi gauza izan ditugu kontuan: alde batetik, lehen filma kontuan hartu gabe bigarren pelikulak bakarrik funtzionatzea nahi izan dugu, hau da, Agur, Etxebeste!-k nortasun propioa izan zezan saiatu gara; bestetik, Aupa Etxebeste!-ren erreferentziak txertatu ditugu, lehen zatia ikusi duenarentzat.

Nolakoa da Zinemaldian berriro ere zuen lan bat aurkeztea?

Zinemaldia erakusleiho polita dela uste dut, eta Euskal Zinemaren ekitaldia leku aproposa da Agur, Etxebeste!-rentzat. Gainera, Jose Maria Lara Txepe ekoizleari emango diote Zinemira saria, eta horrek are bereziago egiten du eguna. Izan ere, berarekin hasi ginen, eta gerora ere proiektu askotan ibili gara batera; Aupa Etxebeste! berak hasi zuen, adibidez. Egun berezia izango da, eta espero dut jendeari pelikula gustatzea eta gozatzea; azken finean, jendeak ondo pasatzeko egin dugu filma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.