Epaiketa

Beste hainbat sumariotako lagunen babesa jaso dute 11/13koek

Irailaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora deitu dute: "Gu epaitzeaz gain, Euskal Herrian urte luzez garatu eta saretu den jarduera politiko oso bat epaitu eta zigortu nahi dute epaiketa honekin"

11/13 sumarioko auzipetuek beste hainbat auzietakoekin egindako agerraldia, gaur, Azpeitian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2019ko abuztuaren 31
18:01
Entzun

Irailaren 16an hasiko da, bi aste barru, 11/13 sumarioko auzipetuen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Irailaren 14an, bi egun lehenago, manifestazioa egingo dute Bilbon, Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean.

Uda osoan jaso dituzte elkartasun keinuak auzipetuek, eta Azpeitiko Sanagustin kulturgunean beste hainbat sumariotan auzipetuak izan direnenen babesa jaso dute. "Azken urteotan hurbil izan dugun jendearekin agertu nahi izan dugu, gure jardunean bidelagun izan ditugunekin, gure lana gertutik ezagutzen dutenekin, eta jazarriak izan direnean gure laguntza izan dutenekin", nabarmendu du Haizea Ziluaga auzipetuak gaurko agerraldian —hura eta Imanol Karrera aritu dira hizlari—.

"Zinez eskertu" dute udan  dozenaka herri eta auzotan jasotako babes hori, eta irailaren 14ko manifestaziora deitu dute: "Gu epaitzeaz gain, Euskal Herrian urte luzez saretu den jarduera politiko oso bat epaitu eta zigortu nahi dute epaiketa honekin".

Eta, jasotako elkartasuna eskertzeaz gain, elkartasun keinu batekin amaitu nahi izan dute agerraldia: "Presoei, deserriratuei eta horien senideei. Altsasuko gazteei eta Katalunian jazarriak izaten ari diren pertsona guztiei. Espetxe arriskuan dauden sindikalista nafarrei. Jarraituak eta mehatxatuak izan diren migratzaileei. Kolaborazio eskaerekin presio egin dieten gazteei. Azken asteotan jarraipenak eta miaketak salatu dituztenei. G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotu dituztenei, 500 laguneko zerrenda beltzean daudenei. Finean, jazarpena eta injustiziak bizi dituzten guztiei, gure babesa eta elkartasuna".

Elkartasuna adierazi dutenetako batzuk:

Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria (Egunkaria auzia), Miren Odriozola (Udalbiltza auzia), Oihana Agirre (Amnistiaren Aldeko Mugimendua auzia), Carlos Trenor (18/98 auzia), Ion Telleria (Segi auzia), Ino Galparsoro (ANV auzia) Joseba Permach (Batasuna auzia), Idoia Ayastui (EHAK auzia), Amaia Izko (11/13 auzia), Mati Iturralde (medikua), Aitor Ibero (abokatua), Saioa Agirre (torturatua), Tomas Karrera (preso ohia), Mari Angeles Artola (erbesteratu ohia), euskal preso politikoen senideak, Ramon Oñederra GALen biktimaren senideak... "Espainiako Estatuaren jazarpenaren jomugan egon diren pertsonak dira", auzipetuak azaldu dutenez: presoen senideak, abokatuak eta presoen aldeko lanean kide izan ditugunak (medikuak, psikologoak, Herrira mugimenduko partaide ohiak...).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.