ETB

Asteazken gauetan, Korrontzi taldekoekin dantzan

ETB1ek Korrontzi dantzan saioa estreinatuko du bihar, 22:00etan.

Izaskun Iturri eta Agus Barandiaran
Izaskun Iturri eta Agus Barandiaran ETB

Urtzi Urkizu -

2019ko irailak 3

Agus Barandiaran gidari duen musika taldeak 50 emanalditik gora egin ditu Korrontzi dantzan proiektuarekin, bai Euskal Herrian eta bai atzerriko hainbat herrialdetan. Orain, egitasmoak telebistara egingo du jauzi, lau haizeetara zabaltzeko asmoz. Egitasmo horretan, Korrontzik emanaldia eskaini behar duen herriko dantza taldeekin koreografia desberdinak lantzen dituzte. Hori izango da dantzari amateurren erronka nagusia: Korrontzi taldearen koreografiak dantzatzea, herri osoaren aurrean.

Erronka betetze aldera, Agus Barandiaran arduratuko da trikitiarekin koreografiei doinua jartzeaz, eta Izaskun Iturri dantzariak erakutsiko dizkie koreografien oinarrizko urratsak herritarrei.

Sopelako (Bizkaia), Zarauzko (Gipuzkoa) eta Bermeoko (Bizkaia) dantza taldeak hartuko ditu protagonista ETB1 kateko saioak. Emanaldia nola prestatzen duten ikusi ahal izango da, eta jendaurreko ikuskizunaz gozatu.

Korrontzi dantzan saio berriaren abiaburua Sopela izango da. Emanaldian oholtzakide izango dituzte dantzari gazteak ezagutuko dituzte Barandiaranek eta Iturrik, eta euren ikuskizunean parte hartzeko erronka jarriko diete. Hori bai, oholtza gainean aritzeko, maila bikaina erakutsi behar dute, eta ez dute koreografiak ikasteko denbora askorik izango. Beraz, gogotik egin beharko dute lan, Iturriren gidaritzapean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna