Italia

M5Sk eta PDk koalizio gobernu orekatua osatu dute

Mattarella presidenteak onartu egin du Conte lehen ministrogaiak aurkeztu dion ministro taldea. Bihar egingo dute karguaren zina, eta, etzi, Contek Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren babesa jaso beharko du.

Mattarella presidentea eta Conte lehen ministrogaia, goizeko bileran, Erromako Kirinal jauregian. PAOLO GIANDOTTI / EFE
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 4a
09:15
Entzun

Italia gobernu krisitik atera da, eta koalizio berria agintea hartzeko prest dago. Giuseppe Conte jarduneko lehen ministroak gaur eman du jakitera zein izango diren haren gobernu berriko ministroak. Sergio Mattarella errepublikako presidentearekin elkartu da, eta hari aurkeztu dio M5S Bost Izar Mugimenduak eta PD Alderdi Demokratikoak elkarrekin adostu duten izen zerrenda. Mattarellak ontzat eman du gobernu berria.

Koalizio gobernuko bi alderdiek modu orekatuan banatu dituzte ministerioak haien artean: hamar izango ditu M5Sk, eta bederatzi PDk. Iazko hauteskundeetako emaitza, ordea, ez zen parekoa izan: M5Sk botoen %33 lortu zuen, eta 235 diputatu dauzka; PDk, berriz, %19, eta 107. Negoziazio luzeak izan dituzte akordiora iristeko, baina herrialdeko eta Europako kezkak baretzea izan dute helburu. Koalizioak eman ditu lehen emaitzak: arrisku saria 149 puntura jaitsi da.

Ekonomiak arduratzen du gobernua, eta Roberto Gualtieri aukeratu dute ministerioaren buruan aritzeko; egun, Europako Parlamentuko Ekonomia batzordeko presidentea da. Ez da ekonomista, baina hamar urtean izan da PDren eurodiputatua, eta ezagutzen du Italiaren eta Europaren arteko harremana.

Luigi di Maio M5Sko buruaren karguak zalantzak eragin izan ditu. Atzerri ministroa izango da hemendik aurrera. Garapen Ekonomikorako ministroa eta lehen ministrordea izan da orain arteko gobernuan, eta, lehen ministrordea izaten jarraitzeko asmoa erakutsi zuen. Halere, bi alderdiek erabaki zuten gobernu berrian ez dela lehen ministrorderik egongo.

Abuztu hasieran hautsi zen gobernuan, Di Maiok Matteo Salvini zuen parean, hura baita jarduneko beste lehen ministrordea, baita Barne ministroa ere. M5Sk eta PDk adierazi izan dute Salviniren migrazio politikekin amaitzeko asmoa dutela, eta lan horretarako aukeratu dute Luciana Lamorgese. Esperientzia handia du Barne Ministerioan, eta hark kendu beharko ditu Salvinik GKE gobernuz kanpoko erakundeei ezarritako zigorrak, orain arte adierazi dutenaren arabera.

Gobernu berrian garrantzia izango du presidentetzako idazkariordeak. Orain arte Lega alderdiko kide bat zegoen han, eta Riccardo Fraccaro izendatu dute kargurako, M5Skoa. Bi alderdiek goizean egin duten bilerako puntu gatazkatsuenetako bat izan da, Contek Roberto Chieppa nahi baitzuen kargu horretarako, orain arte presidentetzako idazkari nagusia izan dena.

Babesa bi ganberetan

M5S eta PD goizean elkartu dira ministroak izendatzeko, baina aurretik gobernu programa osatzeko bilera egin dute, LEU Askeak eta Berdinak alderdi sozialdemokratarekin batera. Izan ere, Contek proposatutako ministroek bihar egingo dute karguaren zina, eta, etzi, koalizioaren lehen ministrogaiak Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren babesa jaso beharko du kargua bigarrenez hartzeko. M5Sk 217 diputatu ditu ganberan, eta PDk, berriz, 112 —630 dira guztira—; hortaz, Contek ez luke arazorik izan behar.

Senatuan, berriz, koaliziokideek ez dute gehiengo osorik, eta beste alderdiren baten babesa beharko dute: 319 senataritik, M5Sk 107 ditu, eta PDk, 51. Horretarako beharko dute LEUren babesa, eta haiekin batera osatu nahi izan dute programa.

"Bilera ederra izan da. Programa serioa eta partekatua egin dugu", adierazi du Graziano Delrio PDko Ordezkarien Ganberako buruak, bileraren ondoren: "Programaren erdigunean lana, familiak eta pertsona ahulak daude". Conte lehen ministrogaiak adierazi du "etorkizunera begirako programa batek" babesten duela gobernua.

Oso bestelako adierazpenak egin ditu Salvinik. Hauteskundeetara joateko asmoarekin hautsi zuen abuztuan haren Lega alderdiak M5Srekin zuen koalizio gobernua, eta hauteskundeetan du burua oraindik. Haren esanetan, gobernu berriak "ezingo dio ihes egin italiarren epaiari".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.