Noiz sortua: 2019-09-05 07:15:20

Musika

Iñigo Muguruza hil da

Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi eta Lurra taldeetako kide izan da musikaria, eta baita euskal rockaren pizkundeko izen garrantzitsuetako bat ere. Gaur hil da, 54 urterekin.

Iñigo Muguruza musikaria
Iñigo Muguruza musikaria Andoni Canellada/ Foku

Iñigo Astiz -

2019ko irailak 5

Foku nagusien apur bat ertzean egon zale izan arren, euskal rockaren pizkundeko izen nagusietariko bat izan da Iñigo Muguruzarena (Irun, Gipuzkoa, 1964-2019) , 1983. urtean Fermin anaiarekin batera Kortatu sortu zuenetik. Ziztu bizian egin zuen gora taldeak, lehen maketa kaleratu zutenetik. Gaztelera hutsean kaleratu zituzten lehen abestiak, baina, kideak euskalduntzen joan ahala, pisua hartuz joan zen euskara haien diskoetan, eta euskara hutsezko diskoa kaleratzean eman zuten amaitutzat ibilbidea. 1988ko Kolpez Kolpe diskoarekin, hain zuzen ere. Geroztik beti aritu da euskaraz kantuan parte hartu duen talde guztietan, eta proiektuz proiektu erakutsi ahal izan du punketik hasi eta doinu tropikaletaraino zabaltzen den gustu musikala.

Hiru anaietan txikiena zen, etxean beti izan zuen musika presente, eta giro horretan hazi zela kontatua zuen elkarrizketa batean baino gehiagotan. "Ni jaio nintzenean musika zegoen etxean denbora guztian. Nire amonak oparitu zigun Elvis Presleyren disko bat, baina Jabier anaia hasi zen diskoak ekartzen eta Fermin ere bai, eta beti entzun dut mota guztietako musika". Eskusoinua ikasten ere hasi zen, baina azkar utzi zuen. "Hiru-lau urte pasa, eta ikasketa metodo eta ereduaz erre-erreta atera nintzen". Geroztik, gitarrari helduta egin zuen bere ibilbidearen parterik handiena. Argia aldizkarian gogoratu zuen hasiera sasoi hura: "Gogoan dut 15 urterekin Ingalaterran izan nintzela eta AC/DC-ren partitura liburua eta MXR distortsio pedal batekin etorri nintzela bueltan. Anaia Javierren anplifikadorean entxufatzen nituen gitarra eta pedala, eta sekulako gozatuak hartzen nituen".

Arratsaldean egin du publiko heriotzaren berri familak.

 

 

Delirium Tremens taldean aritu zen Kortatun egon ostean, eta Negu Gorriak taldeko sortzaileetako bat ere izan zen. Fermin anaiarekin batera aritu zen han ere, eta Kaki Arkarazo ere izan zen taldeko kide. Rock eta ska doinuez gain, hip-hoparen eta hardcorearen eragin nabarmenak zituen taldeak, eta sona handia izan zuten bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere.

Bide luzea egingo zuen 1993an Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente koronel eta Intxaurrondoko kuarteleko buru zenak taldearen aurka egindako salaketak. Taldearen kontrako salaketaren arrazoia Ustelkeria kantuaren edukia zen; militarraren aburuz, aipatutako abestiaren letrak eta bere argazki bat diskoaren barruko liburuxkan paratzeak “bere ohore eskubidean sartze ez-legitimoa” suposatzen zuen, eta 15 milioi pezetako ordainketa exijitu zien (90.000 euro inguru). 2001era arte jarraitu zuen bueltaka salaketak epaitegietan, harik eta behin betiko bertan behera utzi zuen arte. Taldeak ospakizun kontzertu jendetsuak eskaini zituen albistea jakin ostean.

Doinu tropikalak eta harcorea

Negu Gorriak desegin aurretik plazaratu zuen Iñigo Muguruzak bere talde berria. Erdialdeko Amerikara egindako bidaietan ezagutu zituen Perico Ripiao izeneko taldeak. Abeslari batek eta hiru musikarik (guira, tambora eta akordeoi jotzaileak) osatu ohitu dute Perico Ripiao bat, eta erritmo azkarreko dantzarako musika egiten dute. Eredu hori bere erara moldatuz, Joxe Ripiau sortu zuen Muguruzak, Jabier anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin. 1996an kaleratu zuten beren lehen lana, eta 2000. urtean eten zuten ibilbidea, atzean lau disko utzita.

Sagarroi taldea osatu zuen urte hartan, berriz ere ibilbide hasierako rock doinuetara gerturatuz. Meatzaldea (Metak, 2001) izan zen taldearen lehen diskoa, eta, izenburuak iradoki bezala, rock doinu ilun eta dentsoak biltzen ditu. Hardcore doinuak lantzeko asmoa zuen Muguruzak, eta orduan bete zuen asmoa. Euskal Herrian ez ezik, Madrilen, Bartzelonan, Suitzan, Zagreben, Belgraden eta Kuban aurkeztu zuen diskoa zuzenean. Baina diskoak ez zuen taldeak espero zuen harrera izan, eta norabide musikala aldatzea erabaki zuen Muguruzak. "Hardcore-festa-raggamuffin-kontzientea” egiten hasi ziren bigarren lanetik aurrera, Muguruzak berak emandako definizioaren arabera. 2009an, autoekoizpen bidez kaleratu zuten beren azken lana, Haikua, eta taldearen ibilbidean bira estetiko nabarmena ekarri zuen lan horrek ere, formatu akustikoan grabatu baitzuten, eta haiku gisako hitzekin.

Esklerosi anizkoitza

Lurra izena jarri zion Muguruzak bere azkenaurreko musika proiektuari, eta Sagarroi taldearen azken lanarekin aurreratutako ildo intimistan sakontzea izan zen asmoa, pop, reaggae eta ska doinuekin. 2012an argitaratu zuten beren lehen lana, eta martxan jarri eta lau urtera eman zuten etenaldi bat hartzeko beharraren berri. Orduan jakin zen Muguruzak esklerosi anizkoitza zuela, eta kontzertuak bertan behera uztea erabaki zuen taldeak. "Iñigori esklerosi anizkoitza diagnostikatu diote aurten, eta azken bost hilabete hauetan jo gabe egon gara gaixotasunak aurrera nola egiten zuen ikusi nahi genuelako".

Nabarmen jaitsi zen une horretatik aurrera Muguruzaren presentzia publikoa. Urte batzuen buruan hobera egin, ordea, eta berriz ere hasi zen kontzertuetara ikusle joaten, eta bigarren diskoa ere grabatzera iritsi ziren Lurra talderarekin. Urte batzuren ostean soilik egin zuten publiko lana, eta Muguruzak berak azaldu zuen zergatia. "Bi lagunen lokal batean hasi ginen grabatzen, eta, arazo teknikoak, ejekuziokoak eta abar direla medio, asko luzatzen hasi zen grabazioa. Nik neure buruari esaten nion: 52 urte ditut, beste musikariak gazteagoak dira eta urte asko dituzte oraindik diskoak grabatzeko. Nekatu egin nintzen, egia esanda”.

2017an eman zuten amaitutzat taldea, eta horren ostean heldu zen musikariaren azken taldea izango zena, Hiru leike izeneko bikotea. Ane Odriozola kantariak (Indidxabak) laguntzen zuen Muguruza kasu honetan. “Oraingo honetan gitarra distortsionatua jotzea tokatzen zait. 3/4 erritmoak nagusituko dira, eta hitz batzuk Karmele Jaiorenak izango dira”.

Komikia eta literatura

Komikizale eta irakurzale porrokatua ere bazen, eta bi zaletasun horien arrastoak argiak dira haren musikagintzan. Besteak beste, hark margotutakoak dira Kortatu taldearen maketako azala eta baita diskoetako zenbait irudi ere. Antzerkigintzan ere egin zituen sartu-irten batzuk.

Atzera begira jarri zen musikaria Berria egunkariak 2015ean egindako elkarrizketan, eta "ongi pasatzea" nabarmendu zuen musikagintzaren ezinbesteko faktoretzat. Esklerosi anizkoitza zuela jakitun zen ordurako. "Bai, egia da sei taldetan ibili naizela; marka polita da! Kortaturekin, halako eztandarekin hastea neurri batean putakeria bat da. Bizitza osorako markatzen zaitu! 100.000 disko saldu genituen... Hori ezin duzu bizitza osoan gainditu [barrez]. Hortik aurrera, dena doa gain behera. Baina, tira, orain ere saiatzen gara oso ondo pasatzen, kontzertuetan gozatzen, eta hori ez galtzea da inportanteena".

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.406 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.068 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bilboko errepideak konfinamendua hasi berritan. ©Marisol Ramirez / Foku

Nafarroako Gobernuak udako herri bestak bertan beheiti uzteko gomendatu du

Berria

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak nabarmendu du herri bestetan zaila dela segurtasun eta osasun neurriak betetzea. Hala, halakoetan birusa zabaltzeko arriskua ikusita, bestak bertan beheiti uzteko gomendioa egin du gobernuak. 

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua ©@Jerkoreka

Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak espero du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla astelehenetik aurrera. Salvador Illak aurreratu du hirugarren fasean ezingo dela erkidego batetik bertzera mugitu. 

Adegiko zuzendaritzako kideak, gaurko agerraldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Adegi bat dator ELArekin erregulazioan daudenen soldata osatzeko

Xabier Martin

Osatze horiek egin ahal izateko finantzaketa, ordea, ez du nahi "bakarrik enpresaren bizkar uztea". Ekonomia %7 eta %10 artean uzkurtuko dela aurreikusi du Gipuzkoako patronalak, eta azken bi urteetan sortu diren 12.000 enpleguak galdu egingo direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna