Euskal presoak

Hegoaldeko presoek ere baldintzapeko askatasun eskaera egiten ahalko dute Frantzian

Gaur atera du ebazpena Frantziako Konstituzio Kontseiluak. EPPK-ko presoen abokatuek Frantziako Gobernuari eskatu diote dagozkion neurriak hartzeko. Bestalde, sei presori DPS estatusa kendu die Frantziak, ETArik gabeko testuingurua aintzat hartuta.

Euskal presoen ekubideen alde Prisen egindako manifeazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko irailaren 6a
10:02
Entzun

Frantzian preso diren euskal preso guztiek egiten ahalko dituzte baldintzapeko askatasun eskaerak. 2016. urtetik, Frantziako zigor prozedurako lege artikulu berri batek eskaera horiek egiteko baldintzak zorroztu zituen, eta Frantziako lurraldean egoteko debekua jasoa zuten atzerriko presoei eskaera egitea eragotzi zien, de facto. Maritxu Paulus Basurco abokatuak arazo hori aipatu zuen joan den uztailaren 23an Frantziako Konstituzio Kontseiluaren aitzinean, Alaitz Areitio euskal presoaren kasutik abiatuta. Gaur, ebazpena atera du Kontseiluak, zigor prozedurako 730-2-1. artikulua Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat joz. 2020ko uztailaren 1a arteko epea eman diote Frantziako Gobernuari, nazionalitate frantziarra ez duten presoek baldintzapeko askatasun eskaerak egin ahal izateko, legea alda dezan. Paulus Basurco, Xantiana Cachenault eta Clara Rouget-Aranibar EPPK-ko presoen abokatuek Frantziako Gobernuari dei egin diote behar diren neurriak har ditzan.

2016ko ekainaren 3an aldatu zuten Frantziako zigor prozedurako kodea, eta, bertan, terrorismo aferetan zigortuak izan diren guztiek baldintzapeko askatasun eskaerak egiteko proba epe bat bete beharko zutela erabaki zuten —urte bat eta hiru urte artekoa, zaintza neurriekin—. Hor sortu zen arazoa: frantziar lurraldean egoteko debekua zuten Hego Euskal Herriko presoek, edo euroagindu edo estradizio prozedura batean zirenek, ez zuten baldintza hori betetzen ahal, ez zuten dispentsarik aurreikusi, eta, beraz, ez zuten baldintzapeko askatasun eskaera egiteko aukerarik. "Lege hori aitzin, kanporatze agindua zutenean —judiziala edo administratiboa—, baldintzapeko askatasuna besteen moduan eskatzen zuten. Desberdintasun bakarra zen, onartuz gero, kanporatuak zirela. Kondena luzeentzat, Frantziako legeak aurreikusten zuen jadanik, baldintzapeko askatasunaren prozeduran sartu aitzin, froga epe bat ezartzea. Atzerritarren kasuan, kanporatuak ziren besterik gabe", azaldu du Paulus Basurcok. 2016ko legearen ondorioz, ez dute Hego Euskal Herriko presoentzat baldintzapeko askatasun eskaerarik egin. "Proba garai hori Frantziako lurraldean egin behar duzu; zuk debekua baldin baduzu lurraldean egoteko, ezin duzu proba epe hori bete. Egoera hori are latzagoa da bizi osorako kondena dutenentzat, irteteko aukera bakarra baldintzapeko askatasuna baita". Frantziako Konstituzio Kontseiluaren aitzinean, 2016ko legeak berdintasun, proportzionaltasun, eta gizarteratze printzipioak urratzen zituela ohartarazi zuen abokatuak.

Gaur argitaratu duen ebazpenean, Frantziako Konstituzio Kontseiluak epea eman dio Frantziako Gobernuari. Berantenez, 2020ko uztailaren 1erako egin beharko du legearen aldaketa, frantziar nazionalitatea ez dutenek ere baldintzapeko askatasun eskaerak egiteko aukera izan dezaten. Egun horretarako egiten ez badu, legea bertan behera geldituko da. Paulus Basurco: "Ez dute heldu den urteko uztail arte itxaron beharrik. Nahi badute, berehala egin dezakete".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.