Ukraina

Dozenaka preso trukatu dituzte Errusiak eta Ukrainak

Errusiak aske utzitakoen artean daude iazko azaroan Itsaso Beltzean atzemandako 24 marinel ukrainar eta Oleg Sentsov zinemagilea.

Errusiak aske utzitako presoak. SERGEY DOLZHENKO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko irailaren 7a
06:51
Entzun

Bata Moskutik Vnukovoko aireportura zihoan bitartean, handik Moskurako bidea egin du beste hegazinak; Ukrainak aske utzitako 35 presoak etxera zeramatzan batak eta Errusiak askatutako beste hainbeste besteak. Moskuk aske utzitakoen artean daude iazko azaroan Itsaso Beltzean atzemandako 24 marinelak eta beste 11 herritar ukrainar, tartean Oleg Sentsov zinemagilea. Horri hogei urteko espetxealdia ezarri zion Errusiako justiziak 2015ean, terrorismoa egotzita.

Ukrainak aske utzitako beste 35 presoen artean, berriz, Kiril Vishinski kazetaria dago. Errusiako Ria Novosti agentzian lan egiten zuen Vishnskik 2018an, atzeman zutenean. Traizioa egotzita atxilotu zuten kazetari errusiarra, baina baldintzapean aske utzi zuten gerora.

Errusiak eta Ukrainak Donbasseko gatazka amaitze aldera sinatutako bake akordioen osteko elkarrizketen barruan sailka daiteke preso trukea. Parisen eta Berlinen bitartekaritzapean bi estatuen arteko harremana normaltzeko urratsak egiten ari dira. "Lehen urratsa egin dugu, eta, orain, beste guztiak egin behar ditugu", adierazi du Volodimir Zelenskik, Ukrainako presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.