Katalunia

"Baretasunera, eskuzabaltasunera eta heldutasunera" deitu dute preso eta errefuxiatu katalanek

Puigdemontek, Junquerasek eta Kataluniako subiranotasun prozesuagatik preso edo errefuxiatuta dauden politikari guztiek agiri bateratu bat atera dute, etzi mobilizatzera deitzeko. Diada "beste mugarri bat" izatea nahi dute.

Iazko Diadako une bat.
Iazko Diadako une bat. Quique García/Efe

Berria -

2019ko irailak 9

"Baretasunera, eskuzabaltasunera, heldutasunera eta determinaziora" itzultzeko deia egin dute Carles Puigdemontek, Oriol Junquerasek, Dolors Bassak, Antoni Cominek, Jordi Cuixartek, Carme Forcadellek, Joaquim Fornek, Anna Gabrielek, Clara Ponsatik, Lluis Puigek, Raul Romevak, Josep Rullek, Marta Rovirak, Jordi Sanchezek, Meritxell Serretek eta Jordi Turullek.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain daudela egingo dute aurten Diada. Hala, asteazkenean kalera ateratzeko deia egin diete buruzagi subiranistek herritarrei. Diada "beste mugarri bat" izan dadin nahi dute; izan ere, haien ustez egun horretako mobilizazioak arrakastatsuak izatea izango litzateke "atarikorik onena Gorenaren epaiarentzat "; hala erakutsiko baitute absoluzioa izango dela "epai justu bakarra".

"Determinaziora" itzultzeko garaia dela uste dute politikariek: "Badakigu errepresioaren helburu nagusietako bat zatiketa dela. Subiranismoaren indarra, hauteskundez hauteskunde, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatetik bakarrik uler daiteke".

Bestalde, artikulua idatzi duten politikariek gogor salatu dute Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren jarrera. Elkarrizketari ateak ixtea egotzi diote: "Mariano Rajoyren pare jarri, eta arazo politiko bati konponbide politikoa ematea ukatu du".

"Atzerakada demokratikoak" herritar guztiei eragiten diela ohartarazi, eta mobilizatzera deitu dituzte Kataluniako eta mundu guztiko demokratak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: