Ekonomia

IRPH indizea abusuzkoa dela ebazteko atea ireki du EBko abokatu nagusiak

Luxenburgoko auzitegiko abokatuaren esanetan, indizea ezin da gardentzat hartu ofiziala izate hutsagatik. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak 2020ko lehen hiruhilekoan emango du ebazpena. Ohikoena izaten da auzitegiak abokatu nagusiaren ildoari jarraitzea.

IRPH Stop plataformako kideen protesta bat, artxiboko argazki batean. ANDONI CANELLADA, FOKU
xabier martin
2019ko irailaren 10a
07:19
Entzun

Maciej Szpunar EBko Justizia Auzitegiaren abokatu nagusiak argitaratu ditu IRPH indizearen gaineko bere ondorioak. Abokatu nagusiak adierazi duenez, ezin da ziurtzat jo indize hori gardena denik ofiziala izate hutsagatik, eta, beraz, Espainiako epaileek aukera lukete abusuzkoa den ala ez ikertzeko. Abokatu nagusiaren ondorioak ez dira lotesleak, baina EBko Justizia Auzitegiak horiei jarraitu ohi die bere ebazpenetan. Auzitegiak 2020ko lehen hiruhilekoan emango du IRPHaren zilegitasunaren gaineko epaia.

17.430 milioi euroren hipotekak daude IRPHari lotuak, eta hipoteka horiek dituzten bezeroen eguneroko ekonomian eragin handia izan du urte askoan erreferentzia horrek; Euskal Herrian, Kutxabankek atzo onartu zuen 727 milioi euro mailegaturik dituela indize horrekin. CNMV arautzaileari igorritako lehen seihilekoaren txostenean, Gregorio Villalabeitiak gidatzen duen entitateak dio «zaila» dela aurreikustea zenbatekoa litzatekeen IRPHaren kontrako ebazpen baten eragina. Kopuruez hitz egiteko, IRPHa ordezkatuko lukeen indizea jakin beharko litzateke, eta batez ere bi indizeen arteko aldea atzerako eraginez itzuli behar litzatekeen ala ez, eta zenbat erreklamazio hartu beharko liratekeen aintzat gardentasun falta horretan oinarriturik.

Esperantzarako tartea

Maciej Szpunar abokatuaren iritziak ez ditu argitzen aldagai horiek guztiak, baina bidea zabalik uzten die epaileei IRPHa abusuzkoa dela ebazteko. Kasuan-kasuan ikusi beharko litzateke agian, eta atzerako eragina ebaztea edo ez ebaztea ere epaileen esku geratuko litzateke. Alegia, 2020. urteko lehen hiruhilekora itxaron beharko dute hipoteka bat IRPHra loturik daukatenek jakiteko hura legez aldatzeko eskubidea ote duten, eta, batez ere, euriborra erreferentzia gisa ez edukitzegatik pagatu duten alde osoa edo zati bat berreskuratu ahal izango duten. Hilero 250-300 euro gehiago pagatu baitute, urte askoan, IRPHaren egonkortasunak erakarrita hipoteka hari lotzea erabaki zutenek. Abokatu nagusiaren txostena, edonola ere, bezeroen esperantzarako hauspoa da.

Europako Batasuneko Jusitzia Auzitegiak erabaki behar duena da IRPHaren egokitasuna epaileen esku dagoen ala ez. Ez dute ebatzi behar haren legezkotasunaren inguruan. Alegia, hipoteka horiek egin zirenean gardentasun nahikoaz azaldu ote ziren eta klausulak behar bezain argiak ote diren esango lukete.

Labur esanda, IRPHa Europak ezarritako estandarren barruan dagoen ala ez erabakiko du epaitegiak abusuzko klausulei dagokien arautegia eskuan dutela. Arrazoi hori tarteko, Europako justiziak hainbatean lotsarazi du Espainiako justizia: esaterako, zoru klauselen auzian eta hipoteken gastuen klausuletan. Abokatu nagusiak, orain, zabalik utzi du atea IRPHarekin beste hainbeste gerta dadin, eta, Luxenburgoko erakunde judizialak haren ildoari jarraitzen badio, ematen du beste zuzenketa bat etorriko dela.

Kaltetuen poza

IRPHaren kaltetuen plataformek poza azaldu dute jadanik ohar baten bidez, eta garbi diote EBko Justizia Epaitegiko abokatu nagusia "kaltetuen alde" jarri dela, eta "bankaren aurka". Gogoratu dute milioi bat hipoteka daudela IRPHa errefrentzia gisa dutenak, eta ebazpenak atzerako eraginari ateak irekiz gero bankak milaka milioi galduko lituzkela. Golsman Sachsen arabera, 7.000 eta 44.000 milioi euro arteko galera litzateke hori.

Caixabank da IRPHarekin hipoteka gehien duena (6.446 milioi euro); atzetik datoz Santander (4.300), BBVA (3.100), Bankia (1.600), Sabadell Guipuzcoano (831), Kutxabank (727), Liberbank (209), Unicaja (200) eta Ibercaja (50).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.