Luxenburgok gaur IRPHaz esango duenaren zain daude banka eta bezeroak

EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren iritziak krisi bat eragin lezake banka sisteman. Kutxabankek onartu du 727 milioi euro dauzkala indize horri lotutako hipotekatan

xabier martin
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
IRPHa ez da bankuen bekaturik larriena izan, besteak beste lehentasunezko ekarpenak eta etxegabetzeak hor daudelako, baina oihartzun handikoa da hipoteken indize horrek eragin duen eskandalua, eta Europara iritsi da, Espainiako bankaren sistema lotsarazi duten beste hainbat auzien bide bera eginez. Gaur, EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak iritzia emango du bankuek duten zilegitasunari buruz Euriborra ohiko erreferentziatzat alboratu eta IRPHa hipoteketan baliatzeko. Epaitegi berak emango du ebazpena 2020ko lehen hiruhilekoan, eta ohikoena izaten da abokatuaren ildoan aritzea. Hala, banka eta bezeroak Luxenburgoko auzitegiko abokatuaren zain daude, IRPHak eragin handia baitu milaka bezeroren eguneroko ekonomian; haren aurkako ebazpen batek lurrikara bat ekar dezake bankaren sisteman.

17.430 milioi euroren hipotekak baitaude IRPHari lotuak; Euskal Herrian, Kutxabankek atzo onartu zuen 727 milioi euro mailegaturik dituela indize horrekin. CNMV arautzaileari igorritako lehen seihilekoaren txostenean, Gregorio Villalabeitiak gidatzen duen entitateak dio «zaila» dela aurreikustea zenbatekoa litzatekeen IRPHaren kontrako ebazpen baten eragina. Kopuruez hitz egiteko, IRPHa ordezkatuko lukeen indizea jakin beharko litzateke, eta batez ere bi indizeen arteko aldea atzerako eraginez itzuli behar litzatekeen ala ez, eta zenbat erreklamazio hartu beharko liratekeen aintzat gardentasun falta horretan oinarriturik.

Izan ere, Gipuzkoako abokatu bik hasitako gatazka judiziala Luxenburgora iritsi da, eta justizia erakunde horren abokatu nagusiak azaldu behar du IRPHa indize gardena ala abusuzkoa den. Ez da iritzi loteslea izango; hau da, gero haren iritziaren aurka ebatz dezake Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, baina arraroa izaten da hori; haren ildoan erabakitzea da ohikoena.

Caixabank da IRPHarekin hipoteka gehien dituena (6.446 milioi euro); atzetik datoz Santander (4.300), BBVA (3.100), Bankia(1.600), Sabadell Guipuzcoano (831), Kutxabank (727), Liberbank (209), Unicaja (200) eta Ibercaja (50).

ZER DA IRPH-A?

Espainiako Bankuak kudeatzen duen indize ofizial bat da, eta Euriborraren atzetik erabiliena hipoteketan. Finantza erakundeek ematen dituzten maileguen interes tasen batez besteko bat da.

ZERGATIK DAGO EZBAIAN?

Bankuak orain 25 urte baliatzen hasi ziren, baina, 2013tik aurrera, ezbaian jarri zuten bezero askok. 2016an, %2 inguruan egonkortu zen, eta Euriborra, zero inguruan, negatiboan sartu arte.

ZEIN DA EURIBORRAREKIKO

ALDEA?

IRPHa beti izan da Euriborra baino indize altuagoa, baina azken urteetan are handiagoa egin da aldea. Abuztuan -%0,356an itxi zuen Euriborrak, eta IRPHak, %1,84an.

ZERGATIK IRITSI DA AUZIA

EUROPARA?

Espainiako Auzitegi Gorenak bankuen alde ebatzi zuen 2017an. Esan zuen ez zela abusua, eta haren erabilerak ez zuela eskatzen gardentasun irizpide berezirik. Baina 2018an, Bartzelonako epaitegi batek Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari igorri zion kasu bat, Espainiako Gorenaren irizpidea zalantzan jarrita.

ZER DIOTE KALTETUEK?

Bankuek IRPHaren egonkortasuna baliatzen zutela diote, eta horrekin bezeroak konbentzitzen zituztela. Azaltzen dute informazioa falta zitzaiela IRPHaren funtzionamenduaz, eta ez zekitela hura ezingo zutela aldatu beste indize batengatik (Euriborrarengatik). Espainiako Asufin elkartearen arabera, milioi bat bezero daude hipoteka batekin IRPHaren indizera lotua.

ETA ZER DIOTE BANKUEK?

IRPHa ez dutela haiek ukitzen eta indize hori «gardentasun osoarekin» merkaturatu zutela. Espainiako Bankuak finkatzen du IRPHa, eta hark publikatzen du; hortaz, bankuek uste dute bezeroek erraz ikus dezaketela nola funtzionatzen duen.

ZER ERAGIN EDUKI DEZAKE

FINANTZA SISTEMAN?

Zazpi bankuk 17.430 milioi euro dituzte IRPHra lotutako hipotekatan. Analistek diotenez, Europako justiziaren erabakiaren eragina 3.000 milioi eurotik hasi eta 44.000 milioirainokoa izan daiteke. Gerta liteke bankuek Euriborrarekiko aldea itzuli behar izatea, ala ez; gerta liteke kasu zehatz batzuetan bakarrik egin behar izatea hori, edota atzera eragina egotea; baita bankuen aldeko epaia egotea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.