Zinema

Musika eta zinema uztartuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hilaren 21ean

Hainbat filmen soinu bandak interpretatuko dituzte musikariek Donostiako Belodromoan, pantaila erraldoi batean pelikulen sekuentziak proiektatu bitartean

'Kontzertua & Proiekzioa' proiektuan parte hartuko duten erakundeen ordezkariak. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
Inigo Astiz
2019ko irailaren 10a
15:59
Entzun

Begi eta belarri. Bi zentzumenak izango ditu jomugan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hilaren 21ean, Donostiako Belodromoan. Kontzertua & Proiekzioa izena du proiektuak, eta pelikula ezagunen soinu bandako pasarteak eskainiko dituzte musikariek Juan Jose Ocon zuzendari donostiarraren gidaritzapean, eta film horien sekuentzien muntaketa bat proiektatuko dute aldi berean 400 metro koadroko pantaila erraldoi batean. SGAE fundazioarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatu dute emanaldia, eta doakoa izango da sarrera, harik eta 3.000 eserlekuak bete arte.

Koordinazioa da erronketako bat. Carlos Rodriguezek espresuki emanaldi honetarako egin du pelikulen eszenen muntaketa, eta, beraz, orkestraren musikarekin batera joango dira irudiak ere aldatzen. Zehaztu dute, gainera, proiektatu eta interpretatuko dituzten konposatzaileen eta filmen zerrenda: Manuel Paradaren Nodo eta Los últimos de Filipinas; Pascal Gaigneren Handia eta Errementari; Joseba Beristainen Elkano, Nani Garciaren Arrugas eta Vanessa Garderen La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico.

Musikagile horietako batzuk Belodromoko saioan izango direla ere aurreratu dute antolatzaileek. Zehaztu dutenez, Landarbaso abesbatza ere izango da oholtzan, zenbait pasartetan orkestra laguntzeko.

Gonbidapenak eskuratzeko

Irailaren 14tik 20ra bitarte jaso ahalko dira gonbidapenak Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio puntuetan, baita Donostiako Turismo bulegoan ere. Eta Belodromoan bertan eskuratu ahalko dira azken sarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.