Hegoafrika

Ehunka nigeriar Hegoafrikatik joango dira bihar, eraso xenofoboengatik

Atzerritarren denden aurkako indarkeria xenofoboa piztu da atzera Hegoafrikan, eta Nigeriako Gobernuak "borondatezko aberriratzea" hasiko du, nigeriar ugari baitaude eraso egin dietenen artean.

Suhiltzaileak denda bateko sua itzaltzen, Pretorian. YESHIEL PANCHIA / EFE
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 10a
09:09
Entzun

Indarkeria xenofoboak aurrez aurre ipini ditu Afrikako bi herrialde nagusiak, Hegoafrika eta Nigeria. Asteburuan, jatorriz atzerritarrak diren migratzaileen hainbat denda arpilatu eta erre zituzten Johannesburgon (Hegoafrika), eta bi pertsona hil zituzten erasoetan. Gutxienez dozena bat hil dituzte astebetean. Herrialde osoan, 800 lagun inguruk alde egin dute etxetik, eta komunitate zentroetan hartu dute ostatu. Nigeriar asko daude eraso egin dietenen artean, eta gutxienez 640 agertu dira herrialdea uzteko prest. Nigeriako Gobernuak "borondatezko aberriratzea" abiatuko du bihar.

Bi herrialdeen arteko harremanak 2017. urtean txartu ziren, Hegoafrikan eraso xenofoboak hasi zirenean. Irail honetan, baina, berriro handitu da tentsioa, nigeriarrak baitira Johannesburgon eraso egin dieten gehienak. 120 pertsona inguru hil dituzte bi urtean.

Berehalako erreakzioa izan du Nigeriak. Abike Dabiri-Erewa Diasporako Nigeriarren Batzordeko presidenteak atzo adierazi zuen bihar hasiko direla Hegoafrikan bizi diren nigeriarrak ebakuatzen: Air Peace konpainia pribatuak bi hegaldi egingo ditu, doan. Muhammadu Buhari Nigeriako presidenteak baieztatu du aberriratzeko asmoa, eta nabarmendu du indarkeriak "Hegoafrikako irudiari kalte" egin diezaiokeela.

Nigeria oso kritiko agertu da Hegoafrikako indarkeria piztearekin, eta joan den astean gobernuak ordezkari bat bidali zuen hara, Hegoafrikako agintariekin batera krisia aztertzeko. Buharik adierazi du "gobernuari presio egiten" jarraituko duela indarkeria bukatu arte.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak erasoak gaitzetsi ditu, eta esan du ez duela utziko "lege urraketek eta indarkeriak segurtasuna nahasterik". David Tembe Johannesburgoko poliziaburuak garrantzia kendu zion egoerari, eta adierazi zuen erasoak "krimen soilak" izan direla, eta hegoafrikarren zenbait dendak ere jasan dituztela. Nabarmendu zuen hamabi hildakotik hegoafrikarrak direla zortzi.

Nigerian, erantzuna

Aldi berean, Nigerian erasoei erantzun nahi izan diete zenbaitek, eta hegoafrikarren denden aurka jo dute, hango indarkeria salatzeko egindako manifestazioetan. Naledi Pandor Hegoafrikako Nazioarteko Harremanetarako ministroak Abujako enbaxada ixteko agindu zuen atzo, mehatxuengatik.

Hegoafrikako ekonomiak behera egin du azken urteotan, eta langabezia tasa %29 da egun. Halere, migratzaile askoren helmuga dira Johannesburgo eta Pretoria hiriburua. Egoera latzena bizi duten zenbait langilek atzerritarrak jarri dituzte jomugan, eta, "guri lana kentzera datoz" eta antzekoak esanez, auzoetan antolatzen ari dira dendei eraso egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.