Euskal presoak

Presoen egoerari buruzko txosten bat aurkeztuko diote NBEren Giza Eskubideen Batzordeari

Urruntzeak dakarren giza eskubideen urratzea, preso erien egoera, zigorrak metatzeko ezintasuna eta beste urraketa batzuk aipatzen ditu Sarek eta Ikasmirak zentroak prestaturiko txostenak

gotzon hermosilla
2019ko irailaren 11
07:28
Entzun

Bost urtean behin, NEBk giza eskubideen egoera aztertzen du kide diren estatuetan, eta aurten Espainiako Estatuari dagokio azterketa hori pasatzea. Horregatik, Sarek eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusmirak ikerguneak txosten bat prestatu dute NBEren Giza Eskubideen batzordeari emateko.

Euskal presoei eragindako giza eskubideen urraketen berri ematen du txostenak, eta, batez ere, hiru arlo nabarmentzen ditu: urruntzea –Iñaki Lasagabaster abokatuak esan du "familia bizitza izateko eskubidea" urratzen duela–, zigorrak metatzeko ezintasuna eta gaixo handi diren presoen afera. Azken horretaz, Lasagabasterrek esan du legearen arabera baldintzapean aske utzi behar direla arrisku larrian dauden presoak: "Baina, horretarako, ez da itxaron behar presoak hiltzeko zorian egon arte, kartzelaren funtzioa ez baita presoak hiltzea".

Zigorrak metatzeko aukerari dagokionez, txostenean gogora ekarri dute Europako Batasunak arautu duela hori, baina Espainiak arau horren "interpretazio murriztailea" egin duela eta, gainera, uko egin diola Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari horren inguruan galdetu eta argibideak eskatzeari.

Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak esan du presoen eskubideak defendatzea ez dela hautu ideologikoa, "giza eskubideak babestea" baizik, eta "Europara eta mundura" jotzeko beharra nabarmendu du: "Horregatik aurkezten dugu txosten hau, munduari begira".

Ez dago zehazturik NBEren Giza Eskubideen Batzordeak txostena jaso ostean zer protokolori jarraitu behar dion, batzordea osatzen duten kontalarien baitan dagoelako hori, baina litekeena da kontalariek informazio gehiago eskatzea edo txostena egin duten elkarteekin harremanetan jartzea. Datu guztiak eskuan, espero izatekoa da NBEk bere ondorioak plazaratuko dituela urtea amaitu aurretik, urrian edo azaroan seguru asko.

Jende ezagun ugari elkartu da Bilboko Kafe Antzokian txostenari babesa emateko: Pili Zabala eta Rosa Rodero biktimak, Daniel Arranz Espainiako gobernadore zibil ohia, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia (EAJ), Felix Cañada, Jone Goirizelaia, Iñigo Santxo eta Arantza Zulueta abokatuak, Ramon Zallo, Paco Letamendia eta Pedro Ibarra EHUko irakasleak, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu ohia eta abar. Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariek, Garbile Biurrun epaileak, Javier Sadaba filosofoak eta beste zenbaitek atxikimendua adierazi dute, han egoterik izan ez badute ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.