Geroa Baik Koldo Martinez proposatu du senatari kargurako

Ezkerrak duela bi egun proposatu zuen Iñaki Bernal. Bi horietakoren bat izango da senatari bi alderdi horien artean akordioa badago, baina, egon ezean, Navarra Sumak eskuratuko du senatari aulki hori

Koldo Martinez Geroa Baikoa, Nafarroako Parlamentuko saio batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2019ko irailaren 12a
10:03
Entzun

Esana zuten bakoitzak bere hautagaia aurkeztuko zuela, eta, duela bi egun Ezkerrak egin bezala, Geroa Baik jakinarazi du Koldo Martinez aurkeztuko duela Espainiako Senaturako euren hautagai gisa, helburu jakin batekin: "Madrilen Nafarroako interesen defentsan, bereziki autogobernuaren defentsan, eraso birzentralizatzaile eta antiforalisten aurrean, bai eta Senatura ahots aurrerakoi, eraikitzaile eta proposatzailea eramateko ere".

Koldo Martinez Eskoriatzan jaioa da (Gipuzkoa, 1953), medikuntza doktorea eta medikuntza intentsiboko espezialista. Bioetikako Europako masterra du, bai eta Giza Sexualitateko masterra ere. 2015eko foru hauteskundeen ondoren, foru parlamentaria izan da, eta, legegintzaldi hartan, Geroa Bairen bozeramailea izan zen Nafarroako Parlamentuan.

Ezkerrak eta Geroa Baik eztabaida dute izendapenaren inguruan, biek aldarrikatzen baitute eurentzat senatari postu hori. Ezkerrak dio aurreko agintaldian lauko gobernua babestu zuten alderdien artean adostu zutela eurek aurkeztutakoa babestuko zutela Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Geroa Baik, ordea, argudiatzen du hori ahalbidetzen zuen akordioa bertan behera geratu zela eta euren kide batek ordezkatu behar duela.

Aldaketaren lau alderdiek zerrenda bateratua aurkeztu zuten Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Senaturako. Zerrenda horretan ordezkari bana zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k, eta adostu zuten, Nafarroako Parlamenturako bozak ere egitekoak zirenez, Ezkerrarentzat izango zela parlamentuak zuzenean aukeratzen duen ordezkaria. Zerrenda bateratuak, ordea, ez zuen senataririk eskuratu, eta Geroa Baik dio horren ondorioz akordioa bertan behera geratu zela.

Ezkerrak EH Bilduren babesa du, koalizioak esana baitu "akordioa argia zela" eta emandako hitza beteko duela. Zortzi boto bilduko lituzkete horrela Bernalek. Geroa Baik, berriz, PSNren babesa du bi alderdi horien artean hauteskundeen ondoren hala adostuta. Hogei boto izango lituzke modu horretan Geroa Bairen ordezkariak. Baina, horiek horrela, Navarra Sumak proposatutako hautagaia aterako litzateke senatari parlamentuak aukeratuta, 20 boto baitituzte, eta berdinketa kasuan boto gehien bildutako zerrenda izateak emango bailieke eurei senatari aulkia.

Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak zentzuz jokatzeko eskatu die Ezkerrari eta Geroa Bairi, eta erantsi du ez baten proposamena eta ez bestearena ez direla une honetan bideragarriak. Elkarrizketara deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.