INDARKERIA MATXISTA

"Tatuajea bukatu zuenean, dardarka nengoen"

Hamabi emakumeri eraso egitea egotzita dagoen tatuatzailearen epaiketa gaur hasi da, Donostian, biktimen lekukotasunarekin. Emakumeak elkartu izanaren garrantzia nabarmendu du akusazioak.

Akusatua kartzelan dago behin-behinean, eta ertzainek eraman dute epaitegira. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
arantxa iraola
2019ko irailaren 11
07:00
Entzun

"Epaiketa hau oso garrantzitsua da; azkenean, emakumeak ausartu gara kontatzen zer gertatzen zaigun abusuak, erasoak eta jazarpenak pairatzen ditugunean. Oso garrantzitsua da guztiek argi kontatzea zer gertatu zitzaien. Eta denek nabarmendu dute urratsa egin dutela elkarri elkartasuna erakusteko asmoz. Denek oso argi dute elkartasun hori: horrelakorik gehiago inoiz gerta ez dadin". Era horretan mintzatu da gaur goizean Donostian Ana Lopez abokatua, Jack Estrada tatuatzailearen kontra salaketa jarrita duten andreetako baten lege ordezkaria. Hamabi emakumeri eraso egitea egozten diote, eta hamalau delitu egitea. Bezeroak ziren gehienak, gizonarengana tatuaje bat egitera joandakoak. Haien lekukotasunekin hasi da epaiketa, gordin: usu, malko artean kontatu dituzte emakumeek gizonaren erasoak. Pairatutako jazarpenaren lekukotasuna sare sozialen bidez zabaldu, kasuaren gaineko ikerketa abiatzeko era egin, eta beste andre asko ere bidea egitera animatu zituen emakume gazteak hartu du aurrena hitza.  "Tatuajea bukatu zuenean, dardarka nengoen. Handik ateratzea besterik ez nuen buruan".

Emakume bakoitzaren lekukotasunak ñabardura berezkoak izan ditu, eta, zigor kodeak zerrendatzen dituen lege urraketak aintzat hartuta, hainbat delitu mota leporatu dizkiote akusatuari: hiru sexu eraso, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen eta derrigortze bat. Emakumeen lekukotasunak bata bestearen atzetik entzutea aski izan da, ordea, ikusteko guztien atzean badagoela jarduteko era bat errepikatu egiten dena. Esaterako, guztiz lekuz kanpo zeuden lausenguak aipatu dituzte andre guztiek: "Zer azal zuria daukazun", "zer ezpain mamitsuak dituzun", "zuk bai begi ederrak"... Galdera desegokiak: "Mutil lagunik ba al duzu?”, "non bizi zara?"... Gela itxi batean hartzen zituen beti emakumeak, eta tatuajeak egiteko orratza martxan jarrita zuela hasten zen sarri oldartzen; mendean hartuta zituela. "Halako hitzek txiki-txikia egiten zaituzte", azaldu du andreetako batek. "Sinetsi ere ez duzu egiten zer ari den gertatzen, eta blokeatu egiten zara". Bezeroekin bakarrik ez zen saiatzen. Tatuatzailearen ikasle izandako emakume gazte batek ere hartu du hitza: "Behin, ikasgelan, beste guztien aurrean, esan zuen ni tatuatzea nahiko lukeela... 'Beste gauza askoren artean'". 

Hitzetan ez zen geratzen, hala ere. Eraso fisikoen berri ere eman dute andrazkoek. Lausoak zenbait: "Une batean, ipurdia ukitu zidan: uste nuen istripu bat zela". Gordinak beste asko. "Tatuajea egiteko azken saioan, ohatila batean etzanda nengoen, eta esan zidan berotzen hasia zela: ez zuela gehiago aguantatzen. Eskua bere zakilean jarrarazi zidan. Oihuka hasiko nintzela esan nion. Jarraitu egin zuen". Tankerakoa, beste bat ere: "Azken saioan izan zen. Argazki batzuk egin behar zizkidala eta, paretaren kontra jarri ninduen: esku bat bularretara eraman zidan, bestea bere zakilera". Andreak nahierara erabiltzen zituela erakusten dute lekukotasun guztiek. "Aldakatik heldu, eta bere aldera hurbildu ninduen". Eraso bat pairatu zuen tatuatzailearekin bizitzen egon zen emakume gazte batek ere; haren bikotekide ohiak etxean hartuta zituen tatuatzailea eta haren emaztea, eta "deseroso" sentiarazi zuten komentario askoren ostean heldu zen erasoa. "Egun batean, nire kontra bota zuen bere burua... Sukaldearen aurka jarri ninduen, eta, galtzak jaitsi zituela, nire gainera bota zen. Eskerrak haren emaztea ere etxean zegoen. Hura agertu zen, eta alde egiteko era izan nuen".

Bakardadea

Denek aipatu dute jazoera horien ondoren oso bakarrik sentitu zirela. "Uste nuen niri bakarrik gertatu zitzaidala", kontatu du emakumeetako batek. Behin baino gehiagotan galdetu diete denei zergatik ez zuten lehenagotik salatu, eta denek aitortu dute sare sozialen bidez zabaldu zen mezuak lagundu ziela gertatutakoa ulertzen, eta horrek "animatuta" egin zutela salaketa jartzeko urratsa. Batasunak ematen duen indarra nabarmendu dute. "Ni animatu nintzen, batez ere, asko ginelako; bakarrik egiten baduzu, hori ez doa inora. Asko izanda, istorioa aldatu egiten da". Denek aipatu dute, gainera, gertaturikoak sorrarazitako lotsa, hura ahantzi eta bizitzan aurrera egiteko gogoa. Emakumeetako batek, esaterako, kontatu du tatuatzaileak musu bat emateko ahalegina egin zuela, eta ingurukoei kontatzeko adorerik ez zuela izan: "Ez nion inori ezer esan. Ez gurasoei, ez ahizpari; nire mutil lagunak bakarrik zekien". Biktima askok erantzun behar izan dute, halaber, zergatik ez zuten oihu egin erasoa jazo zenean, zergatik ez zuten handik alde egin. Bat etorri dira erantzunean: "Blokeatu egiten zara. Ez dakizu nola jokatu". Bidea urratzea zeinen gogorra den oroitarazi du, gainera, estreinakoz sare sozialetara gaia eraman zuen andre gazteak: "Hainbat jendek esan zuen gezurretan ari nintzela". 

Denek aipatu dituzte, halaber, erasoek lagatako ondorioak. Esaterako, erasotzaileak egindako tatuajeak kentzera egin dute askok: eraman ezin. "Min handia ekarri dit tatuaje horrek", azaldu du andreetako batek. Semea gogora ekartzeko asmoz egindako irudi bat izateko asmoz egin zuela oroitu du. "Baina tatuajea kendu behar izan dut. Ez zen posible hura ikusten nuen bakoitzean zakil batekin oroitzea, eta ez nire semearekin". 

Donostiako Udaltzaingoak denera 21 andreren salaketak jaso zituen, baina epaiketara hamabirenak iritsi dira. Fiskalaren akusazio idazkiaren arabera, gizona urteetan aritu zen emakumeei eraso egiten: 2013tik 2018ra. 21 urteko kartzela zigorra eskatu du. Defentsak, berriz, absoluzioa. Behin-behinean preso dago gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.