Musika

Ric Ocasek hil da, The Cars taldeko burua

Musikari eta ekoizle estatubatuarra 75 urterekin hil da. 80ko hamarkadako talderi arrakastatsuenetakoa izan zen 'Just What I Needed', 'Drive' eta 'Magic' kantuei esker

Ric Ocasek, iazko apirilean. DAVID MAXWELL, EFE
mikel lizarralde
2019ko irailaren 16a
09:29
Entzun

Ric Ocasek (Baltimore, AEB, 1944-New York, AEB, 2019) musikari eta ekoizle ezaguna atzo hil zen, 75 urte zituela. Ocasek 1980ko hamarkadan egin zen ezagun The Cars taldeko buru zela, eta arrakasta handia lortu zuten hainbat disko egin zituen 1984ra bitartean. Taldea 1988an desegin zen, baina Ocasekek musikari lotuta segitu zuen: bakarkako hainbat lan plazaratzeaz gain, ekoizpenera bideratu zuen bere lana, eta, besteak beste, Suicide, Weezer, Bad Brains eta Nada Surfen lanak ekoitzi zituen.

1970eko hamarkadan, punkaren oldeari segituta, sortu zen New Wave mugimenduaren ikurretako bat izan zen The Cars. Erresuma Batuan hasitako artistek (Elvis Costello, Nick Lowe, Joe Jackson), markatu zuten, hasiera batean, bidea, baina AEBetan loratu zen eszenaren alderdirik koloretsuena B-52's, Blondie eta, batik bat, The Carsi esker. The Carsek punkaren eragina jaso zuen, baina, taldearen soinuaren bereizgarri ziren teklatuei eta melodia gogoangarriak egiteko gaitasunari esker, egitura klasikoko pop kantuak izan ziren beti taldearen ardatza.

The Carsek 1978an kaleratu zuen bere lehenengo diskoa, hit mordoxkaz osatutako albuma. Han ziren, besteak beste, Good Times Roll, My Best Friend's Girl eta Just What I Needed, 1980ko hamarkadan irrati, taberna eta dantzalekuetan ohiko bilakatuko ziren kantuak.

[youtube]https://youtu.be/gvy2yqUHLLg[/youtube]

Candy-O (1979), Panorama (1980) eta Shake it (1981) diskoek zabaldu egin zuten taldearen proposamena, eta lehen diskoan adina kantu zuzen eta itsaskor ez izan arren, hainbat pieza biribil zeuden lan haietan.

[youtube]https://youtu.be/zvzMF8EWero[/youtube]

Lau urtetan lau disko argitaratu ostean, Ocasekek bere bakarkako lehen diskoa argitaratu zuen, eta ekoizle lanak egiten ere hasi zen. Horrek, gainera, denbora eman zion taldeari bere lanik arrakastatsuena: Heartbeat City (1984) prestatzeko. MTV telebista katearen lehen urteak ziren haiek, eta taldeak oso ondo baliatu zuen plataforma berria bideo dibertigarri eta koloretsuak eginez.

[youtube]https://youtu.be/E0Kv6vxZwL8[/youtube]

The Carsek Door to Door diskoa kaleratu zuen 1987an, baina ez zuen aurrekoek adinako oihartzuna lortu, eta taldea hurrengo urtean desegin zen.

Ocasekek, orduan, bakarkako bideari heldu zion, baina hainbat disko argitaratu arren, ez zuen arrakasta handirik lortu, eta ekoizle lanetan zentratu zen, 2011n The Cars berriro elkartu eta Move Like This diskoa arigitaratu zuen arte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.