Generoa

Kultur arloko genero arrakalak, agerian

Lanpostu teknikoetan, musika jaialdi handietan nahiz argitaratutako disko eta liburuetan emakumeen ehunekoa txikiagoa dela ondorioztatu du Jaurlaritzaren txosten batek. Okupazio tasa txikiagoa dute, kudeaketa eta administrazio postuetan emakume gehiago daude gizonak baino, eta profil teknikoko eta zuzendaritza lanpostuetan, berriz, gutxiago.

Lau arlotako egoera aztertu du txostenak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Miren Garate.
2019ko irailaren 17a
07:23
Entzun

Antzerkian, dantzan, literaturan eta musikan %46,5 da emakumeen okupazio tasa; gizonena, berriz, dezente handiagoa, %55,1. Kudeaketa eta administrazioko lanpostuetan gehiengoa dira emakumeak (% 69,9), baina profil teknikoko (% 43,8) eta zuzendaritzako (% 37,1) lanpostuetan, gizonak dira nagusi. Horiek dira Sorkuntzaren eta industriaren ikuspegitik antzerkia, dantza, liburu eta musikaren arloan genero-berdintasunaren egoera diagnostikoa EAEn izeneko txostenaren ondorioetako batzuk. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako azterketa da, eta lau arlo horietan egoera zein den jakitea izan da haren helburua, sorkuntzaren nahiz industriaren ikuspegietatik. Besteak beste, gaian adituak diren pertsonek parte hartu dute txostenean.

Eneritz Artetxek eta Maria Goirizelaiak egin dute antzerkiari buruzko analisia, eta ondorioa izan da emakumeen presentzia txikiagoa dela ia lan esfera guztietan. "Jantzien atalean bakarrik osatzen dute gehiengoa emakumeek (% 69,23). Zuzendaritzan nahiko berdinduta daude indizeak (% 44 emakumeak eta % 48 gizonak), baita eszenografian ere (% 46,15 emakumeak eta % 53,84 gizonak)", adierazi du azterlanak. Alabaina, badaude emakumeen presentziarik gabeko arloak ere: argiteriaren diseinuan, esate baterako, %100 gizonak dira.

Eskena elkarteko kideen azkenengo ikuskizunetan %40,8 izan da emakumeen presentzia, nahiz eta eskoletan gehiago diren emakumeak. Antzezlanen %74 gizonek zuzendu dituzte, eta teknikari karguen %69 ere haiek bete dituzte; aldiz, administrazioko postuetan, % 75 dira emakumeak. Emakume zuzendariek aipatu dute aurreiritziak daudela haiek sortutako obren inguruan. "Haien obretan emakumeei esleitutako ezaugarriak aurreikusten dira: sentsibilitate handikoak, estetika zaindu batekin, sofistikatuak, komediarik eza…”.

Dantzari dagokion atala Igor de Quadrak (sorkuntza) eta Jemika Canok (industria) landu dute. Agertzen den datuetako bat da Dantzerti Arte Eszenikoetako Goi Mailako Eskolan emakumeen portzentajea askoz ere handiagoa dela gizonena baino: %84 eta %16, hurrenez hurren. Zuzendaritza artistikoan, %63 dira emakumeak, eta interpretazioan, %64. Aldiz, eremu teknikoetan (soinua, eszenografia edo argiteria, besteak beste) gutxiago dira emakumeak. Kontuan hartzekoa da gizonak buru diren euskal konpainien ekitaldiak % 30,3 gehiago direla emakumeenak baino.

Literaturan eta liburugintzan, Tere Irastorzak eta Ainhoa Novok egindako analisiaren arabera, argitaletxeetako langileen % 50,6 emakumeak dira, eta, administrazio eta giza baliabideak kudeatzeko lanei erreparatuz gero, portzentaje hori % 57,3ra igotzen da. "Gaztelerazko argitalpenen % 21,7k baino ez du emakumeren bat egile. Proportzio hori %42,9 da euskaraz argitaratutako lanei dagokienez”.

Azkenik, Ainara Legardonek eta Amaia Ispizuak egin dute musikaren sorkuntzaren eta industriaren gaineko analisia. Kulturklik euskal kulturako azken jarduerak eta sorkuntzak hedatzeko plataformaren datuetan oinarrituta, 2017n ekoitzitako diskoen %9k zuten emakume bat ekoizle nagusi. "Diskoen sorkuntza da emakumeen presentziarik txikiena duten arloetako bat”. Horrekin batera, ikerketak islatu du emakumeen presentzia oso urria dela musika jaialdi nagusietan.

Musikaren irakaskuntzari dagokionez, musika irakaskuntza arautuko irakasleen % 50,7 dira emakumeak. Industrian, alde handia dago programazio talde publikoen eta enpresa pribatuen artean: programatzaile publikoen taldeetako emakumeen ehunekoa nahiko parekatua da (% 47,3), eta zuzendaritza postuetan ere oreka dago (%50). Aldiz, enpresa pribatuetan, %17,7 bakarrik daude zuzendaritza postuetan.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jardunaldi bat antolatuko du urrian ikerketak islatutako datuak sakon aztertzeko. Legealdiaren hasieran antzeko lanak egin ziren ikus-entzunezkoen eta artearen arloetako egoera ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.