'Altsasu auzia'

Errugabetasun printzipioa urratu dela salatu du defentsak

Fiskalak argudiatu du guardia zibilak izateagatik eraso zietela, eta, beraz, ideologiagatikako astungarriak "zentzuzkoak" direla. Defentsaren helegitea aztertuta, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain gelditu da auzia.

Gorka Berasategi Otamendi - Maider Galardi F. Agirre
2019ko irailaren 18a
09:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorena gaur hasi da aztertzen 2016an Altsasuko jaietan izandako liskarrarengatik espetxeraturik dauden gazteen auzia. Zehazki, aztergai izan du akusatuak absolbitu behar ote diren edo jarri dizkieten zigorrak murriztu daitezkeen, defentsak aurkeztu dituen helegiteetan arrazoitu bezala. Espainiako Auzitegi Nazionalak, emandako bi epaietan, ebatzi zuen Altsasun 2016ko urrian gertatutakoa ez zela terrorismo delitua izan. Hala ere, 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien orotara gazteei. Fiskaltzak eta akusazio partikularrek ez zuten helegiterik jarri erabaki horren kontra, eta, beraz, ontzat jo zuten gertakariak terrorismo gisa epaitu ez izana. Hala ere, defentsaren helegitea inpugnatu dute. Aldeei entzun ondoren, epaiaren zain gelditu da auzia. Gorenaren epaiarekin, ibilbidea amaituko du auziak Espainiako sistema judizialean. Gazteen gurasoak Europari begira jarri dira jada.

[youtube]https://youtu.be/XULxxufO6VA[/youtube]

Proportzionaltasunik eza eta errugabetasun printzipioa urratu izana, horiek izan dira defentsako abokatuen argudio nagusiak, Altsasuko zortzi gazteen aurkako zigorren kontrako helegiteak azter ditzatela eskatzeko. Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Aldaren kasuan, esaterako, ez zirela liskarretan egon berretsi dute abokatuek, eta, Ramirez de Aldari dagokionez, gainera, adibide gisara jarri dute epaiak dioela etxean lo zegoenik frogatu ezin denez Koxka tabernan egon zitekeela, errugabetasun printzipioa urratuz.

Ustezko erasotzaileak identifikatzeko garaian egindako "irregulartasunak" ere salatu dituzte abokatuek, eta Oihan Arranzen kasua ekarri dute gogora. "Guardia zibilek eta haien bikotekideek ilehoria, azal zurikoa eta begi urdinekoa zela esan zuten, eta hura identifikatzeko lanetan berearekin batera jarritako argazkietan agertzen zirenak azal ilunekoak eta beltzaranak ziren, eta, gainera, ez ziren Altsasukoak".

Zigorrak gogortzeko astungarri ideologikoa baliatu izana ere gaitzetsi du defentsak, eta azaldu "talde zaurgarrien kasuan" erabiltzen direla halakoak, eta Guardia Zibila ez dela zaurgarria. Ordea, puntu honen kasuan kontrakoa argudiatu du fiskalak: alegia, Guardia Zibilak izateagatik eraso zietela; alegia, "Espainiarekiko eta Konstituzioarekiko leialak" izateagatik.

Fiskaltzak defentsaren helegitearen kontra egin du, puntuz puntu. Errugabetasun printzipioa errespetatu dela defendatu du, lekukoei sinesgarritasun handiagoa ala txikiagoa onartzea epaimahaiaren eskumena dela adierazi du eta akusatu guztiek liskarrean parte hartu zutela gaineratu. Bestalde, Fiskaltzak ukatu egin du Concepción Espejel epailea errekusatzeko eskaria. Ukatu egin du epaileak Guardia Zibilaren domina bat jaso izana arrazoi nahikoa denik hura auzitik baztertzeko. Zigorrari astungarri ideologikoa gehitzeko eskatu du. Akusazio partikular gisa ari den Covite biktimen elkarteak ere Fiskaltzaren ildo beretik jo du.

Azken aukera

Saioa hasi aurretik Bel Pozueta gazte zigortuetako baten amak dio "kontu handiz" ikusten dutela Gorenak egin beharreko saioa: "Ibilbide honetan jaso ditugun epaiak hain gogorrak eta hain bidegabeak izan direnez, Gorenarena ere kontu handiz ikusten dugu". Dena dela, gurasoek badakite oraingoan Gorenaren esku dagoela auzia amaitzeko aukera: "Hiru urte daramatzagu kontu honekin; gazteek hiru urte daramatzate kartzelan. Hau neurri guztietatik kanpo dago, eta bukatzeko aukera dugu".

 

Bel Pozueta: “Itxaropenak mantendu gaitu. Nahi dugu gaur hau amaitzea”. @berria@Altsasugurasoakpic.twitter.com/We9J6wxASv

— Maider Galardi F. Agirre (@MaiderGalardi) September 18, 2019

 

Pozuetak nabarmendu du Gorenaren esku dagoela gazteen etorkizuna, hark erabaki behar baitu zigortu zituztenean ezarritako astungarri ideologikoa erretiratu edo ez. Izan ere, horren ondorioz ezarri zizkieten ohi baino zigor gogorragoak; astungarri hori kenduta, zigorrak murritzagoak lirateke, eta haietako batzuk kalera irten ahalko lirateke. "Beraiek beldurtuta eta urduri daude. Hiru urte daramate espetxean, eta gaurkoan amai liteke amesgaiztoa, edo ez".

Goizeko hamar eta erdietan hasi da auzi saioa, baina, minutu batzuk lehenago, hainbat politikariren babesa jaso dute auzipetuen gurasoek Gorenaren atarian. Han izan dira, besteak beste, EH Bilduko, EAJko, Izquierda UNidako, ERCko eta Junts per Catalunyako ordezkariak. Justizia eskatu du Oskar Matute diputatuak: "Euskal herritarrok eskaera bat egiten dugu: behingo zentzuak irabaztea eta gazte hauek justizia aurkitu ahal izatea".

Ez da ziurra epailearen erabakia gaur bertan jakitea. Normalena litzateke gaur epairik ez egotea, baina ‘La Manada’-koen kasuan epaileak unean bertan hartu zuen erabakia.

Babes eske

Gazteen gurasoak Espainiako Kongresurako bidea hartu dute, Auzitegi Nazionalean saioa amaitueta berehala. Hainbat talde politikorekin bildu dira han. Bilkuran izan dira EAJko, EH Bildurko, ERCko, JxCeko eta Unidas Podemoseko parlamentariak. Auzitegi Gorenak emango duen epaiaren aurrean babesa emateko eskatu diete gurasoek taldeei. Baietz erantzun diete, babesa izango dutela.


Altsasuko gazteen gurasoak, EAJko, EH Bilduko, ERCko, JxCeko eta Unidas Podemoseko ordezkariekin bilduta, gaur, Espainiako Kongresuan. / MAIDER GALARDI F. AGIRRE

Aurreko egunetan ere gazteen gurasoak hainbat eragile politikorekin bildu dira, konpromisoa eskatzeko. Aurreko astean, Nafarroako Parlamentuan izan ziren, eta talde politikoei eskatu zieten auzian esku hartu eta "ausart" jokatu dezatela. Europako Parlamentuan ere izan ziren, astelehenean. Europarlamentariei galdegin zieten eska diezaiotela Europako Batzordeari auzibidea "gertutik" jarraitzeko.

GUE/ENL ezkerreko talde parlamentarioarekin eta Europako Aliantza Librea taldearekin batzartu ziren Bel Pozueta eta Edurne Goikoetxea, astelehenean, eta atzo ere aurrez aurreko bilera izan zuten zenbait parlamentarirekin. "Ez genuen hainbeste jende espero; aretoa parlamentariz beterik egon da. Bilera laburra izan da, baina oso zehatza: egoera azaldu diegu, eta salatu dugu hiru urte daramatzatela behin-behineko espetxealdian, epaia irmoa ez den arren; gogoratu dugu bere garaian Frans Timmermansek [erakundeen arteko arloko komisarioak] aferari gerturik jarraitzeko konpromiso pertsonala hartu zuela, eta eskatu dugu konpromiso hori berresteko".

Parlamentari batzuek esan dute zuzenean eramango dutela gaia Timmermansengana. Hori dela eta, "pozik" daude espetxeratutako gazteen gurasoak: "Gure auzia haien agendetan egotea nahi dugu, eta haien eskuetan dagoen guztia egin dezaten injustizia hau bukatzeko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.