UDALGINTZA

Udalbiltzak azaroaren 16an egingo du batzarra Durangon

Erakunde nazionalak hogei urte bete ditu gaur, eta 2019ra "eraberritzeko eta bere funtzioak berrikusteko gogoz"  iritsi direla nabarmendu dute egungo kideek gaurko agerraldian. Lehendakaria hautatu eta zuzendaritza berrituko dute. Bideoa albistearen amaieran.

Udalbiltzako egungo kideak eta kide historikoak, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2019ko irailaren 18a
09:21
Entzun

Udalbiltzak gaur aurkeztu du Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean azaroaren 16an Durangon (Bizkaia) egingo duen Batzar Nazionala. Gaur egungo kideek eta hainbat kide historikok hartu dute parte, eta erakunde horrek duela hogei urte zuen balioa —gaurko egunez egin zen Bilboko Euskalduna jauregian hura sortzeko batzarra— eta gaur egun duena nabarmendu dituzte. Han izan dira, besteak beste, zuzendaritza berriko Jabi Asurmendi, Pili Legarra eta Jon Arriola, eta Pablo Gorostiaga, Santi Kiroga, Loren Arkotxa eta Xarlo Etxezarreta kide historikoak.

Gaurko egunez, duela 20 urte egin zuten ia 2.000 hautetsik Udalbiltza eratzeko batzarra Bilboko Euskalduna Jauregian. Egun hartakoa da argazkia. Euskaldunon Egunkariako artxibokoa @berria@Udalbiltzapic.twitter.com/QwtxTkZ0uy

— Enekoitz Telleria (@EnekoitzTelle) September 18, 2019

"Hogei urte ez dira alferrik pasatzen, eta Euskal Herriko erakunde publiko nazionalak, oztopoak oztopo, urratsez urrats, egin du bidea", azpimarratu dute egungo kideek. Bi hamarkada horietan "Euskal Herriaren nazio egituratzea gorpuzten, eta erakunde publikoetan hazia pausarazten" aritu direnei eskerrak eman dizkiete, batzar nazionalari buruzko xehetasunak eman dituzte —Udalbiltzara atxikitako kide guztiek izango dute batzarrean eta bozketetan parte hartzeko aukera—, eta kide historikoak batzarrera gonbidatuko dituztela jakinarazi. "Eraberritzeko eta bere funtzioak berrikusteko gogoz heldu da Udalbiltza 2019ko paradara, jada hainbat proiektu loratze bidean direlarik. Irudi berria ere garatu dugu erakundearen eraberritzea irudikatzeko, eta, era berean, aurreko hamarkadetako jarduna gure eginez".

Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesua ekarri dute gogora, bai eta handik abiatutako proiektuak ere: Lurgida, Ikerbiltza, Hartu-eman, Hurbiltzen, EHNA... "Ez da lan makala aurretik duguna. Hori dela eta, mila hautetsiren atxikimedua lortzeko erronkari lotu gatzaizkio, bakoitzak bere esparrutik, bakoitzak bere gogoetatik, garatuko diren proiektuetan, nahiz etorriko diren ekinbideen garapenean ere parte hartzeko". Jakinarazi dutenez, 600 hautetsi dira oraingoz atxiki direnak, baina atxikimendu kanpaina "erritmo onean" doa, eta helburua lortzea espero dute.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.