Ingurumena

Kutsaduraren erraldoiak

Ez dira iritsi krisi aurreko garaian izan zituzten kutsadura mailetara, baina kutsatzaile erraldoien zerrendan ia betiko izenak ageri dira. Haien buru, Petronor, eta, harekin batera, porlan, energia eta papergintza sektoreetan ari diren enpresa nagusiak. (Grafiko interaktiboa, albistearen barruan).

inaki petxarroman
2019ko irailaren 20a
09:26
Entzun

Berotegi efektuko gasen (BEG) isurketaren bilakaera aztertuz gero, kutsadurarik handiena 2000ko hamarkadan izan zen Euskal Herrian. Hortik aurrera pixka bat behera egin dute isurketek, eta dezente murriztu dira industria eta energia sektoreari dagokionez. PRTR erregistroaren emaitzei erreparatuz gero, industria eta energia sektoreak 14,6 milioi tona CO2 isuri zituzten atmosferara 2011n, eta 11 milioi tona erregistroak datuak eskaintzen dituen azken urtean; hots, 2017an.

Buruan, Petronor

2017ko erregistroa begiratuta, Petronor enpresak, Muskizko (Bizkaia) petrolio findegiak kutsatu zituen gehien Euskal Herriko airea eta ura. CO2 isurketei erreparatuz gero, harenak dira industria eta energia sektoreek isuritakoen %20. Guztira, Euskal Herri osoan atmosferara bota den CO2aren %10 harena da. 2017an, 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara, eta, horrez gain, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa eta beste gai toxiko ugari kopuru handitan. Uretara ere toxiko asko bota zituen: besteak beste, karbono organiko totala (KOT) eta era guztietako metal astunak. Kutsatzaile handietan handiena da Petronor, eta ez du bere kaltea askorik apaldu azken urteotan. Karbono dioxidoari dagokionez, esate baterako, isurketa gehiago izan zituen 2017an 2010ean baino. Jaitsi ditu apur bat nitrogeno oxidoaren isurketak, nahiz eta horretan ere jarraitzen duen Euskal Herriko isurlerik handiena izaten. Toxiko hori ozono troposferiko (ozono gaiztoa) bihurtzen da, eta oso eragin kaltegarria dauka pertsonen osasunean eta ingurumenean, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) berak ohartarazi duenez. Ozono handiko guneetan ohikoak izaten dira arnasketa arazoak eta bestelako gaixotasunak. Besteak beste, trafikoak, findegiek, erraustegiek, ziklo konbinatuko zentral termikoek eta bestelako errekuntza prozesuak erabiltzen dituztenek sortzen dute nitrogeno oxidoa.

Berriki Europako Batasunak egindako txosten baten arabera, Espainiako Estatuko hamar enpresa kutsatzaileen artean dago Muskizko findegia. Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak aztertutako 14.325 enpresa kutsatzaileetan, 127. postuan ageri da. Aurten bertan Meatzaldea Bizirik plataformak salaketa bat jarri du Petronorren aurka, eskualdean izan diren usain eta isurketengatik.

Ziklo konbinatuak, haizea hartzen

2000ko hamarkadan garrantzi handia izan zuten, eta, hori dela eta, euskal geografia zipriztindu zuten garrantzi handiko hainbat proiektuk, bereziki Nafarroan eta Bizkaian. 2010eko hamarkadan, baina, Euskal Herriko gas bidezko ziklo konbinatuak krisi larrian sartu ziren, eta 2017ko txostenak jasotzen dituen datuak ere horren isla dira. Esate baterako, Castejongo EdP España zentralak 0,5 milioi tona CO2 isuri zituen atmosferara, 2010ekoaren erdia. Zierbenako Bahia de Bizkaia Electricidadek ere 0,46 milioi tona isuri zituen —2010ean, 1,1 milioi tona—. Boroako (Zornotza) Bizkaia Energia eta Castejongo Iberdrolaren zentralek oraindik ere egoera txarragoa daukate. Gas bidezko ziklo konbinatuak euren ahalmenaren %15ean jardun dira azken urteotan, batez beste. Ondo ez badaude ere, aurten burua altxatzen hasi ote diren dira adituak. Izan ere, Espainiako mix energetikoaren barruan aurre hartu diete ikatz bidezko zentral termikoei. Nahiz eta haiek baino gutxiago kutsatu, airea eta ura asko kutsatzen duten instalazioak dira ziklo konbinatuak, eta klima aldaketaren aurkako borrokan traba handia dira, berotegi efektuko gasen sortzaile handiak direlako.

Zementu fabrikak, beste orban bat

Porlan ekoizpenak garrantzi handia dauka Euskal Herrian, eta sektore hori osatzen duten enpresak dira industria kutsadura sortzaile nagusietako bat. Arrigorriagako, Añorgako (Donostia), Olatzagutiko eta Lemoako fabrikek ez dute kutsatzen 2000ko hamarkadan bezainbeste, baina hori gertatu da, batez ere, euren ekoizpena asko gutxitu delako, eraikuntzaren krisiaren ondorioz batik bat. Espainiako Estatuan 56 milioi tona porlan ekoitzi zituen sektoreak 2007an —produkziorik handieneko urtea izan zen—, eta 2019an 13,4 milioi tona inguruan geratu zen. Ekoizpena txikitu bada ere, eragin handiko industria da zementuarena, eta haren ingurumen inpaktua handia da oraindik ere. 2017ko txostenaren arabera, Lemona Industrial izan zen CO2 gehien isuri zuen arloko enpresa: 0,48 milioi tona. Haren atzetik, Arrigorriaga eta Olatzagutiko lantegiek bota zuten CO2 gehien. Añorgako instalazioak zenbat CO2 isuri zuen ez du jasotzen txostenak, baina karbono monoxido (CO) sortzaile handia izan zen, handienetan bigarrena Lemona Industrialen ostean. NOx, SOx eta beste hainbat gai kimiko kutsagarriren eragileak dira zementu fabrikak.

Paper fabrikak: isurketak eta usaina

Paper ekoizpenari lotutako sektorea kutsadura eragile garrantzitsua da, eta, gainera, azken urteotan ekoizpena handitzeko hainbat inbertsio egin ditu. Hiru tokitan daude fabrikarik kutsatzaileenak: Iurretan, Hernanin eta Zangozan. Berotegi gasen isurketa garrantzitsuak egiten dituzte airera, eta eragin nabarmena daukate inguruko ibaietan. Esate baterako, Iurretako fabrikak hainbat salaketa jaso ditu, Ibaizabal ibaian kontrolik gabe egindako isurketen ondorioz. EH Bilduko parlamentariek Iurretako fabrika salatu zuten iaz ibaira egindako isurketengatik, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak handik egun batzuetara adierazi zuen Uraren Euskal Agentziak txosten bat zabaldu zuela enpresaren aurka. Hernaniko Zikuñagako paper fabrikak ere kexa asko eragin ditu talde ekologisten eta herritarren aldetik. Fabrika hori ekoizpena handitzeko inbertsio handiak egiten ari da azken urteotan. Haren helburua da ekoizpena %40 handitzea, eta, horretarako, 180 milioi euroko inbertsioa egingo du. Iaz, Hernani Aire Garbia plataformak mobilizazioa egin zuen Hernanin, paper fabrikak sortzen dituen usainak eta herriko aire kutsadurarengatik protesta egiteko. Eguzki talde ekologistak ere behin baino gehiagotan egotzi dio usaina eta kutsadura sortzea. Zangozako fabrikak ere iragarri zuen makina bat erosi behar zuela bere ekoizpena heren bat handitzeko.

Zabalgarbi eta hondakinen errausketa

Hondakinen errausketaren aldeko apustua egin dute Bizkaian eta Gipuzkoan, hondakinen bidez energia sortzen dela argudiatuta. Kutsadura iturri garrantzitsu bat ere badira, baina, erraustegiak. Zabalgarbi Bizkaiko erraustegia Euskal Herrian CO2 gehien isuri zuen zortzigarren industria instalazioa izan zen, PRTR inbentarioaren arabera: 0,27 milioi tona. Horrez gain, metanoa, nitrogeno oxidoa eta beste hainbat gai kutsagarri isuri zituen airera. Errausketaren bidezko kutsatzaile horiek ez ezik, hondakin ugari ere atera ziren prozesutik: 7.381 tona errauts sortu ziren —hondakin arriskutsutzat hartuak— eta 47.000 tona zepa —hondakin ez-arriskutsutzat hartuak—. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak azken horiek erabili nahi ditu eraikuntzako lanetan, eta prozesu hori bideratzeko protokoloak lantzen hasi da. Gipuzkoako agintariek azken urteotan esan dute Zubietan martxan jarri nahi duten erraustegiaren zepak ere horretan erabiliko direla. Azken urteotan, gainera, nabarmen handitzen ari da dioxina eta metal astunen kutsadura Zabalgarbiren inguruetan, Tecnaliak egiten duen azterlan baten arabera. Hala ere, lan horretan adierazi dute datuak falta direla kutsadura horren erantzukizuna errauste plantari egozteko, beste iturri posible batzuk ere badirelako. Zabalgarbi 250.000 tona hondakin inguru ari da errausten urtero. Zubietan 200.000 tona errausteko gai izango den instalazioa jarri nahi dute martxan urte amaieran, eta, horren arabera, Gipuzkoan CO2 gehien isuriko duen bigarren edo hirugarren instalazio nagusi bihur daiteke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.