Hezkuntza

"Ikastetxea aukeratzeko askatasuna" aldarrikatu du Ikastolen Elkarteak

Ordiziako ikastolako matrikulazioen harira ELAk, Steilasek eta CCOOk Jaurlaritzaren aurka jarritako salaketa "funtsik gabea" dela adierazi dute ikastolek.

Ordiziako Jakintza ikastola, artxiboko irudi batean. ARKAITZ APALATEGI, GOIERRIKO HITZA
Maite Asensio Lozano.
2019ko irailaren 23a
12:34
Entzun

Joan den astean ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren aurkako auzibide bat iragarri zuten, Ordiziako Jakintza ikastolako (Gipuzkoa) matrikulazioen aferaren harira: ikasleen onarpenari buruzko dekretua urratzea leporatu zioten Hezkuntza Sailari. Ikastolen Elkarteak erantzun egin die sindikatuoi, ohar bidez: salatu du Ordiziako ikastetxea "jazarpen kanpaina" bat jasaten ari dela, "publiko-pribatu dikotomia antzuan oinarrituta", eta "funtsik gabeko salaketak" erabiliz.

Sindikatuen ustez, "irregulartasun larriak" izan ziren 2018-2019ko ikasturteko matrikulazioan. Dekretuan ezarritako irizpideen arabera eginiko plangintzan, 3 urteko bi gela jarri zituzten Jakintza ikastolan, eta bi gelotan, 50 ikaslerentzako tokia. Lekurik gabe geratu ziren 11 haur, eta familiek adierazitako bigarren zentroan matrikulatu zituzten hasieran, Lazkaoko ikastolan. Sindikatuen salaketaren arabera, ordea, Hezkuntza Sailak matrikulazioa "aldatu" egin zuen gero, eta Ordizian jarri zituen, "planifikatu gabeko gela batean", eta bi teknikarik eginiko lau txostenek aurkako ebazpena eman arren. Ikasturte honetan hirugarren gela horretarako finantzaketa eskatu du ikastolak, eta Jaurlaritzak onartu egin dio eskaera, behin-behinean.

Ikastolen Elkarteak bat egin du Ordiziako Jakintza ikastolak apirilean emandako azalpenekin: 3 urteko umeen hiru ikasgela zabaltzeko eta 75 haur jasotzeko baimena bazuela zentroak, nahiz eta planifikatu gabeko gela itunetik kanpo egon: "Hirugarren gela horren finantzaketa gurasoen eta langileen esku geratu zen". Aurtengo kurtsorako eskatu diote Jaurlaritzari finantzaketa.

Ildo horretan, ikastolek nabarmendu dute ez zutela nahi euren hezkuntza proiektuaren aldeko hautua egin zuten familiak kanpoan geratzerik: "Ordiziako ikastolan eskolatzeko aukera izanda, frogatu den moduan, familia horiek beste herri bateko ikastola batera joan behar dute, sindikatuek aldarrikatzen duten moduan? Zer dela eta? Hamaika familia horiek ez dute askatasunik, aukera egonda, nahi duten ikastetxea aukeratzeko, adin bereko seme-alabak dituzten beste hainbat ordiziar familiak bezala? Ordiziako eskola publikoa kaltetua izan da? Gelaren bat galdu du? Denok dakizkigu erantzunak".

Salaketa jarri duten sindikatuei leporatu diete sare publikoa lehenetsi nahi izatea matrikulazioan, "eta gainerako ikastetxeak aukera subsidiario bat izatea". Ildo horretan, ikastolek ohartarazi dute urtero jaiotza tasa jaisten ari dela, eta "neurriak hartu ezean" hainbat gela eta ikastetxe "desagertzeko arriskuan" egon daitezkeela. "Egoera honen aurrean aukera desberdinak daude. Horietako bat da gerra ireki bat hastea hezkuntza eragileen artean, sare baten lehentasun osoa aldarrikatuz, desagertzeko arriskua beste sareetako ikastetxeetan kokatuz… Beste aukera bat da, berriz, hezkuntza eragileek neurri adostuak proposatzea; esate baterako, ratioen jaitsiera".

Segregazioaren auzia ere "herri apustu" gisa hartu du Ikastolen Elkarteak, eta "irtenbide integralak adostera" deitu ditu hezkuntza eragileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.