Bertsolaritza

Lizasok eta Maizek egin dute aurrera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Asteburu honetan, Zumarraga-Urretxun eta Elgoibarren izango dira saioak.

Beñat Lizaso, Ordiziako saioan. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Erredakzioa
2019ko irailaren 23a
13:16
Entzun

Final-zortzirenek aurrera jarraitzen dute Gipukoako Bertsolari Txapelketan, eta Ordizian eta Zumaian izan dira saioak asteburuan. Beñat Lizaso (445 puntu) izan zen nagusi larunbatean, eta horrenbestez, zuzenean sailkatu da final-laurdenetarako. Haren atzetik, Asier Azpiroz (423), Ane Zuazubizkar (416,5), Manex Mujika (416), Aitor Urbieta (402,5) eta Ainhoa Agirreazaldegi (397) geratu ziren.

Zumaian atzo jokatutako saioa, berriz, Gorka Maizek (441 puntu) irabazi zuen. Unai Muñoa (434,5), Ander Lizarralde (432,5), Iñigo Gorostarzu (416), Jokin Bergara (404) eta Beñat Jauregi (394) izan zituen kantukide.

Fase honetako hirugarren eta laugarren saioak izan dira asteburukoak, eta Lizasok eta Maizek ez ezik, Haritz Mujikak eta Beñat Iguaranek dute ziurtatuta momentuz final-laurdenetarako txartela. 42 bertsolarik kantatuko dute final-zortzirenetan, eta 24k egingo dute aurrera, zazpi irabazleek eta puntuaziorik altuena lortzen dute hamazazpi bertsolariek.

Hurrengo saioak asteburu honetan izango dira. Larunbatean, Zumarraga-Urretxuko Zelai Aristi aretoan, Eli Pagolak, Iker Ormazabalek, Iñigo Izagirrek, Mikel Tapiak, Nerea Elustondok eta Unai Mendizabalek kantatuko dute, Iker Iriarte gai jartzaile dutela; igandean, Elgoibarko Herri Antzokian izango da saioa, eta Ane Labaka, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi igoko dira oholtzara, Ane Ezenarro aurkezlearekin batera.

Gipuzkoako txapelketa ez ezik, Xilaba ere martxan da jada. Taldekakoa izango da aurten. Lehen bi saioak jokatu dira, Itsasun eta Hazparnen, eta Hasta la 2toria eta Eskukula izan dira garaile, Ekainaz eta Ezkorbrutak taldeen aurka.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.