Memoria historikoa

Espainiako Auzitegi Gorenak Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzea babestu du

Erorien Haranetik aterako dituzte diktadorearen gorpuzkiak, eta El Pardoko Mingorrubio hilerrian hobiratuko dituzte, familiak Madrilen Almudenako katedralera eramateko eskatu zuen arren.

Erorien Harana. ANGEL DIAZ, EFE
jokin sagarzazu
2019ko irailaren 24a
19:10
Entzun

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Espainiako Gobernuari, eta atzera bota du diktadorearen familiaren eskaera. Francisco Francoren gorpuzkiak Madrilgo Erorien Haranetik atera eta Espainiako hiriburuan dagoen El Pardo auzoko Mingorrubioko hilerrian hobiratzeko erabakia zuzenbidezkoa dela ebatzi du.

Administrazioarekiko Auzietako 4. Salak bi erabaki hartu behar zituen gaur: batetik, Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeari buruzkoa, eta, halaber, diktadorearen momia Espainiako Gobernuak erabakita duen hilerrian lurperatzeri buruzkoa, El Pardoko Mingorrubio hilerrian —han dago diktadorearen emazte izandako Carmen Polo, mausoleo batean—. Familiak desadostasuna agertu zuen bigarren puntu horrekin ere, eta horrek eman ditu zailtasun juridikorik handienak. Azkenean, magistratuek gobernuaren irizpidea babestu dute, aho batez.

Diktadorearen senitartekoek argudiatu zuten Francoren gorpuzkiak hobiratzeko tokia aukeratzeko eskubidea dutela, beste edozein herritarrek bezala, eta proposatu zuen El Pardo-Mingorrubikoa ez zen beste leku bat: Madrilgo Almudenako Katedraleko kriptan familiak betirako berea duen hobian. Espainiako Gobernuak, baina, aukera hori baztertu zuen, argudiatuta Madrilgo erdigunean dagoela, eraikinak interes turistikoa duela eta edozeinek bisita dezakeela. Hortaz, eta Memoria Historikoaren legeari jarraikiz, erantzun zuen hori ez zela leku egokia diktadore bat hobiratzeko, eta bereari eutsi zion.

Estatuko abokatuak, halaber, azaldu zuen gobernuaren erabakiak ez dituela diktadorearen familiaren eskubideak urratzen, eta azpimarratu zuen senitartekoek aipatzen duten eskubide hori Memoria Historikoaren legearekin bateragarria izan dadin saiatu direla.


'Ez Haranean, ezta Almudenan ere' lelopean memoriaren aldeko hainbat elkartek Madrilen Gorenaren aurrean egin duten bilkura. / F. Alvarado, EFE

Jorge Rodriguez Zapata izan da epaimahaiko presidentea, eta Celsa Pico, Jose Luis Requero, Pilar Teso, Segundo Sanz eta Pablo Lucas magistratuek osatu dute magistratuen taldea. Azken horrek idatziko ditu ebazpeneko argudioak, eta datozen egunetan kaleratuko dituzte. Gaur, erabakiaren berri eman dute soilik.

Francoren familiaz gain, Francisco Franco Fundazioa, Erorien Haraneko edo Cuelgamuroseko beneditarrak —haiek kudeatzen dute hango mausoleoa, 1936ko gerran hildakoak omentzeko— eta Erorien Haranaren Defentsarako Elkartea aurkeztu dira auzibidean: gorpuzkiak hobitik ateratzearen aurka azaldu dira denak. Haiek aurkeztutako helegiteak, baina, ez dituzte gaur ezagutarazitako ebazpenean aztertu. Dena den, auziaren funtsari buruzko erabakia eman dute magistratuek, eta beste epaientzako oinarria izango da.

Gaur, epaileak bilduta egon ziren orduetan, hainbat lagunek elkarretaratze bat egin dute auzitegiaren aurrean, memoria historikoaren elkarteek deituta, Ni Valle, ni Almudena (Ez Haranean, ezta Almudenan ere) lelopean. Han bildutakoek «garaipen partzialtzat» jo zuten Gorenaren erabakia, eta frankismoko «beste hobi guztiak» zabaltzea eskatu zuten.

Auzibidea ez da amaitu

Gutxienez Memoria Historikoaren legea indarrean denetik (2007) egon da Francoren gorpuzkien auzia Espainiako gobernuen mahaiaren gainean. Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) agintaldian (2004-2011) ireki zuten horretarako aukera; lehenik Memoria Historikoaren legearekin eta gero Erorien Haranaren etorkizunari buruz osatu zen adituen taldearen lanarekin (2011). Horien arabera, handik atera behar da diktadorea.

Mariano Rajoyren agintaldian urratsik ez zen egin, «kontsentsu falta» argudiatuta. Oposizioan zeuden alderdiek zentsura mozio baten bidez gobernutik bota zuten Rajoy 2018 ekainean, eta haren lekua hartu zuen PSOEko Pedro Sanchezek; handik bi astera iragarri zuen Francoren gorpuzkiak aterako zituztela. Diktadorearen gorpuzkiak ohorezko toki batean egoteak 1936ko biktimei «errespetu falta» egiten ziela argudiatu zuen gobernuak: «Demokrazia ez da bateragarria Francoren memoria goresten duen hilobi batekin».

Sanchezek aurtengo martxoan jarri zuen gorpuzkiak Erorien Haranetik atzeratzeko eta El Pardo-Mingorrubioko hilerrira eramateko data: ekainaren 10a. Gorenak eten egin zuen hori, epaia kaleratu arte. Han, gobernuak prest ditu hilobi bat eta lurperatze unitate bat.

Madrilgo El Pardo auzoko Mingorrubioko hilerrira eraman nahi ditu gorpuzkiak gobernuak, hango mausoleo batera; Carmen Polo diktadorearen emaztea izandakoa dago han / ARMH Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartea

Hilotza Erorien Haranetik ateratzeko bidea iazko abuztuaren 24an hasi zuen. Gobernuak lege dekretu bat onartu zuen. Horretarako, Memoria Historikoaren Legearen bi puntu aldatu zituen. Sanchezek bere kabuz abiatu zuen prozesua, baina Kongresuaren babesa jaso zuen, irailean; PP eta Ciudadanos abstenitu egin ziren.

Gobernuak asmoa iragarri zuenetik, diktadorearen zazpi bilobek hamaika helegite eta alegazio aurkeztu dituzte. Besteak beste, memoria historikoaren aurka publikoki azaldu den Jose Yusti Bastarretxe epailearen laguntzarekin trabatu nahi izan dute prozedura. «Hilobiaren 2.000 kiloko estalkia altxatu behar duten beharginen segurtasuna» argudiatu zuen magistratuak, aurreko «estatuburua» hobitik ateratzeko lanak eten zituen ebazpen batean. Auzibide hori zabalik dago, eta ikusteko dago Gorenaren epaiko argudioek nola eragin dezakeen horretan.

Baliteke, gainera, auzibidea gehiago luzatzea; diktadorearen familiak Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du, eta ez du baztertzen Europako auzitegietaraino iristea.

Gobernua, hasteko prest

Yusti epailearen auzibidea eta Gorenaren erabakia behin betikoa ez diren arren, gobernuak uste du egin ditzakeela hobitik ateratzea eta ondorengo hobiratzea. Dena prest du, eta, haren ustez, Espainiako Eliza katolikoko buruen baimena baino ez luke behar hasteko. Erorien Haraneko beneditarrak hobitik ateratzearen aurka azaldu badira ere, gobernuak Vatikanoaren babesa du horretarako; Espainiako Estatuaren eta diktadorearen familiaren arteko auzibide bat zela adierazi zuen Vatikanoak urtarrilean, eta epaitegiek esandakoa beteko zuela.

Gorenaren ebazpeneko argudioen arabera, ikusteko dago zer aukera izango duen gobernuak azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako bozak baino lehen aterako dituen gorpuzkiak ala gaia gobernu berriaren esku geratuko den.

Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak esan du «lehenbailehen» egin dutela hori, «hauteskunde kanpainatik aldentzeko». «Pozik» agertu da Francoren gorpuzkiak «toki publiko batetik» atera dituelako PSOEren gobernuak, eta modu «txukun batean eta bermeak betez» egin duelako hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.