Ondarea

Arte Ederrak eraikinari buruzko txostenak ezkutatzea egotzi dio oposizioak Donostiako udal gobernuari

Eneko Goia alkateak eraikina eraisteko baimena emateko dagoen arriskuaz ohartarazi dute.

Donostiako Arte Ederrak eraikina, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA, FOKU
Erredakzioa
2019ko irailaren 24a
14:06
Entzun

EH Bilduko, PPko eta Elkarrekin Donostiako ordezkarien esanetan, eraikinaren egoerari buruzko txosten teknikoak eskatu dizkiote EAJk eta PSEek osatzen duten udal gobernuari, baina ez dizkiete eman, nahiz eta eskaerak arauzko prozedurei jarraituz egin dituzten. "Sintomatikoa" iruditzen zaie udal teknikariek egindako eta diru publikoz ordaindutako txostenak ezkutatzea. "Eneko Goiak Arte Ederrak eraikina eraisteko baimena emango duela pentsaraztera garamatza".

Azaldu dute aurtengo ekainean ere, SADE eraikina partzialki eraisteko baimena eskatu zuenean, espedienteak eskatu zituztela, eta zerbait txosten falta zirela ikusi zutela, tartean Pedro Ponce Leon arkitektoaren txostena. "Hirigintza Jasangarriko zinegotzi ordezkaria den Nekane Arzallusek kopiarik ez zuela emango esan zuen batzordean, txosten horiek aldatzeko aukera zegoela argudiatuta".

Hiru alderdien esanetan, "donostiar guztiek" izan behar dute informazio hori izateko aukera, eta instituzio gisa behar duen gardentasuna urratzen ari da udal gobernua. "Eneko Goiak eraikinaren etorkizunerako funtsezkoa den informazioa eta txostenak bulegoko kaxoi batean gordetzen dituenean, agian, horien emaitzak ez zaizkiola gustatzen aditzera ematen ari da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.