Indarkeriaren biktimak

Egiari Zor fundazioak salatu du Estatuaren biktimek "diskriminaturik" segitzen dutela

Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak mugak dituela iritzi arren, hura baliatzeko deia egin diete Espainiako Estatuaren indarkeria pairatu duten biktimei.

Egiari Zor-eko kideak, gaur, prentsaurrekoan. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko irailaren 27a
10:00
Entzun

Gaur zabaldu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskaerak aurkezteko epea, Espainiako Estatuaren indarkeria pairatu duten biktimek erreparazioa jaso dezaten, Eusko Legebiltzarrak onartutako 12/2016 legearen arabera. Egiari Zor Fundazioak uste du estatuaren indarkeriaren biktimek «diskriminatuta» jarraitzen dutela eta legeak ez duela egoera hori konponduko, baina, hala ere, eta «tresna guztiak baliatu» behar direlakoan, erreparazioa eskatzeko deia egin diete biktimei.

Fundazioko kide Ane Muguruzak eta Ibon Larrinagak esan dutenez, Eusko Legebiltzarrean onartutako 12/2016 legea ez da «diskriminazioa behin betiko gainditzea lortuko duen mekanismoa». Gogorarazi dute legeak egin duen ibilbide «korapilatsua», eta zenbait alderdi politiko, polizia sindikatu eta epaile saiatu direla legea blokeatzen.

Hala ere, eta mugak muga, legea indarrean jarri izana "positibotzat" jo dute, eta "elkarbizitzaren eraikuntzan aurrerapausoa" dela pentsatzen dute, biktima askoren "aitortza" ekar dezakeelako. Horregatik, "aukera hau galtzen ez uzteko", biktimei dei egin diete eskaerak aurkez ditzaten. Halaber, Egiari Zor Fundazioak bere burua eskaini du biktimei ibilbide horretan laguntzeko.

Bi urteko epea dago eskaerak aurkezteko; 2021eko irailera artekoa, beraz. Hildako pertsonen senitartekoek, behin betirako lesioak pairatu dituztenek eta torturak jasan dituztenek aurkez ditzakete eskaerak, baldin eta eskubideen urratze hori 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra arteko epean gertatu bazen eta urratzea Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan suertatu bazen. Eskubide urratzea beste nonbait gertatu bazen, eskaera aurkeztu ahal izateko beharrezkoa da garai hartan herrialde horietako bateko biztanle izatea.

Lehenagoko urratzeen biktimek ere –1960tik 1978ra– aurkez dezakete esakera, baina haientzat epea laburragoa da: 2020ko apirilaren 17a baino lehen egin behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.