Hondarribiko alardea

Jaizkibel konpainia: "Ea datorren urtean alarde publiko eta parekidea dugun"

Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitza hartu dute, "konponbiderako" urratsetan laguntza eskatzeko.

Jaizkibel, aurtengo alardean. GORKA RUBIO, FOKU
arantxa iraola
2019ko irailaren 30a
13:41
Entzun

Herrietako usadioetan, izenak eduki ohi dituzte jaietako egunek: Hondarribian (Gipuzkoa), irailaren 8a, alardearen eguna izaten da, edo Ama Birjinareneguna. "Guretzat, aurten, Ama Birjinaren eguna izan da, jai eguna", onartu du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian Jaizkibel konpainiako kide Izaskun Larruskainek; izan ere, onartu du lortu dutela Kale Nagusian jaiaren hautu parekidearen kontrakoek egiten dituzten keinu itsusiak gutxitzea, eta, ororen gainetik, aldekoak gailentzea. Bide hori sendotze aldera, "elkarrizketa" sustatzen jarraitzea ezinbestekoa dela esan du, eta instituzioak ondoan behar dituztela horretan: "Laguntza behar dugu".

Ana Mari Aristondo kidearekin batera solastatu da Larruskain. Biek gogora ekarri dute orain dela 25 urte sortu zela aldarri parekidea, eta oraindik gauzatzeko dagoela: emakumeek baztertuta jarraitzen dute Hondarribiko festetan. Izan ere, herriko jaietako ekitaldi nagusia, alardea, gizonek bakarrik osatzen dute oraindik, andreei soilik uzten diete parte hartzen kantinera gisara, eta Jaizkibel ez dute onartzen, hain justu, parekidea delako. Horregatik, behin eta berriz gogora ekarri dute bi emakumeek "berdintasun" arazo bat dagoela gatazkaren muinean, eta ez "bizikidetza" arazo bat. Aurtengo festetan grabatutako bideoak erakutsi dizkiete batzarkideei hori erakusteko: Jaizkibel konpainiaren entseguak, zeintzuetan ikusten den jende asko txaloka, festa giro oso ederrean. "Hor bizikidetza arazo bat ikusten duzue? Ez, berdintasun arazo bat da". Alardearen egunean, halaber, elizan egin ohi duten ospakizunean, desfile tradizionalaren aldekoen partetik aurten aparteko atxikimendu keinuak jaso dituztela nabarmendu dute. "Eta irudi horiek, adibidez, ez daude, ez dira erakusten. Zergatik?".

Kale Nagusian izan dira azken urteotan konpainia parekidearen kontrako keinu itsusienak, eta ia bakanak. Ororen gainetik, jarrera horiek baztertzera egin behar dela gogoratu dute: "Eta tentsioa sortzen dutenek dute hura jaisteko giltza". Konponbiderako bidean, ordea, aldarri parekidea ezin dela bazter utzi argi utzi dute: "Ea datorren urtean alarde publiko eta parekidea dugun". Izan ere, hainbatetan salatu dute "pribatizatuta" dagoela egun haren antolaketa, eta garrantzitsua dela udalak garai batean jaiaren gainean zuen ardura berreskuratzea. 

Aurten "elkarrizketarako" bidean hainbat urrats egin direla onartu dute. "Aurten aldaketa egon da, erakundeek esku hartu dutelako", esan du Aristondok. Hain justu, diputazioak sustatuta elkarrizketak bideratzeko prozesu bat hasi zen aurrena, desfile ez-parekidearen antolatzaile Alarde Fundazioak mahai baten bueltan esertzeko prest zegoela adierazi zuen gero, eta justu uda partean Jenny Pearce bitartekaria ahalegindu da estreinako bilera batean elkartzen alde guztiak. Ez zen bilera hori egin, azkenean. Baina urrats horiei guztiei garrantzia eman behar zaiela adierazi dute Jaizkibel konpainiako ordezkariek. "Guk arazo hau konpondu nahi dugu, eta lehen urratsak dira elkarrizketak", adierazi dute. "Baina oraindik ere pentsatzen dugu helburua konponbidean jarri behar dela, ez soilik tentsioa jaistean".

Erantsi dute elkarrizketa prozesu horretan informazio falta izan dutela zenbaitetan, eta egon diren gorabeheren gaineko argibiderik ez diela eman, adibidez, Markel Olano diputatu nagusiak: "Deitzen diogu, eta ez dugu erantzunik izaten; hori da errealitate tristea".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.