Euskara

Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko egitasmo bat aurkeztu dute

'Arnasa Gara' izena du komunikazio proiektuak eta, herrietan aurkezpenak egiteaz gain, 'Kartzela' serie digitala ekoitzi dute.

Arnasguneen babeserako 'Arnasa Gara' proiektuaren aurkezpen agerraldia. GORKA RUBIO, FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 30a
14:09
Entzun

Gaur goizean bildu dira Azpeitiko Sanagustin kulturgunean UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietako ordezkariak, Arnasa Gara egitasmoa aurkezteko. Helburua da “arnasguneetako herritarrak ahalduntzea”, hau da, bertako biztanleak euskararen biziberritzean duten garrantziaz jabetzea. Aipatutako erakundeez gain, Hiruko Itundike diren Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere babestu dute egitasmoa.

Komunikazio kanpaina bat da Arnasa gara, eta bi fase nagusi izango ditu. Lehenengoan, arnasguneetara zabalduko da mezua. Aurkezpen ekitaldiak egingo dituzte herriz herri, eta, besteak beste, Kartzela serie digitala erakutsiko dute —lehen bi atalak proiektatuko dituzte ekitaldietan—. Egitasmo horretarako sortutako seriea da Kartzela, eta elkar ezagutzen ez duten sei pertsonaren istorioa kontatzen du, bertso finalaren ostean BECen itxita geratzen diren unetik aurrera. Arnasgune diren zenbait herritakoak dira Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako serie horretako protagonistak.

Bigarren fasean, berriz, Euskal Herri osora hedatuko da arnasguneetan zabaldutako mezua. Bertan bizi ez direnak errealitate horretaz jabetzea nahi dute, baita duten garrantziaz ere. Durangoko Azokan Kartzela aurkeztu ondoren hasiko da fase hori, eta urte amaierra arte iraungo du; EITBk lagunduko du zabalkundean.

Prozesua

Egitasmoaren sortzaileen arabera, Joshua Fishman soziolinguistak 1991n Reversing Language Shift idatzi zuenetik hizkuntzen biziberritze prozesuen erdigunean kokatu dira arnasguneak. Euskal Herrian Mikel Zalbide euskaltzainak egindako lana ere nabarmendu du Bingen Zupiriak, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak.

2018an hasi ziren sortzen, ordea, Arnasa Gara proiektua. Hiru fase izan ditu orain arte: ikerketa kualitatiboa, errealitatea ezagutzeko herritarrekin antolatutako saioak eta kanpainaren diseinua. Azken pauso horretarako erabilitako ondorioak azaldu dituzte: besteak beste, arnasguneetan naturaltasun osoz bizi daitekeela euskaraz; erabileraren gainbehera sumatzen dutela herritarrek, baita gazteleraren presentzia handia ere lantokietan; haurrek gaztelerarako duten joerak kezkatzen dituela; zenbait aurreiritzi eta konplexu dituztela; eta abar.

Azpeitiko ekitaldian izan dira, Zupiriaz gain, Josu Labaka UEMAko lehendakaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hinkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, eta zenbait udalerritako alkateak: Nagore Alkorta, Azpeitiakoa; Koldo Goitia, Lekeitiokoa; eta Lierni Altuna, Aramaiokoa.

Arnasagara.eus eta kartzela.eus dira proiektuaren webguneak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.