Euskara

Nafarroako Auzitegiak erabaki du ez dela derrigorrezkoa izango euskara meritu gisa aintzat hartzea

UGT eta SPA sindikatuek euskararen foru dekretuaren kontra jarritako helegitearen zati handi bat onartu, eta araua ezerezean utzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Helegitea aurkeztea aztertzen ari da gobernua.

Euskararen ofizialtasuna eskatuz, Kontseiluak deituta Nafarroan iaz egindako manifestazioa.
Euskararen ofizialtasuna eskatuz, Kontseiluak deituta Nafarroan iaz egindako manifestazioa. Idoia Zabaleta/Foku

Ion Orzaiz - Oihana Elduaien -

2019ko urriak 1

Euskararen dekretuak agintzen zuen euskara meritu gisa hartu behar dela eremu ez-euskaldunean eta mistoan. Agindu hori baliogabetu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. UGT eta SPA sindikatuek dekretuaren kontra jarritako helegiteari arrazoia eman dio Auzitegiak hainbat puntutan, eta dekretuaren aginduak murriztu ditu, euskararen kalterako. Kasazio helegiterako aukera dago.

Eremu mistoan eta ez-euskaldunean ez da beharrezkoa euskara jakitea lanpostu publikoetarako. Euskararen dekretuak, baina, meritutzat hartzera derrigortzen zituen erakundeak. Aurrerantzean, euskara meritutzat hartu edo ez deialdi bakoitzean erabaki beharko dela dio Auzitegiak, deialdiaren nolakotasunaren arabera. Derrigortasuna kendu egin du.

Hartara, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bat egin du eskuinaren planteamendu historiko batekin: euskararen inposizioarenarekin. Eremu mistoko eta ez-euskalduneko lan deialdi publikoetan euskara meritu gisa hartzea —puntuazioaren %6 edo %7, deialdi motaren arabera— "baztertzailea" eta "neurrigabea" dela diote magistratuek: "Konstituzioaren 14 eta 23. artikuluak urratzen ditu, eta Euskararen Foru Legeak ezarritako eremu linguistikoen erregimen juridikoaren aurka doa". Euskararen balorazio horrek "justifikaziorik ez" duela ere uste dute auzitegiko epaileek.

Euskara, paisaia linguistikotik at

Euskara administrazioan arautzeko 103/2017 Foru Dekretuaren berritasun nabarmenetako bat zen zerbitzu zentralen sorrera. Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioaz gaindi, Nafarroako herritar guztiei zuzendutako zerbitzu orokorrak zehazten zituen araudiak, eta, horietarako, hizkuntza irizpide komun batzuk ezarri. Zerbitzu zentral horietan, euskarazko arretak bermatuta egon behar zuen legez. Orain, hori dena baliogabetu du Nafarroako Auzitegiak. Aurrerantzean, arretak "erabiltzaile bakoitzaren bizitokiaren araberakoa" izan beharko du, hizkuntzari dagokionez. Horren arabera, eremu euskalduneko herritarrek soilik izanen lukete arreta euskaraz jasotzeko eskubidea.

Euskararen presentzia handitzea ere oztopatuko du Nafarroako Auzitegiak. Izan ere, dekretuak elebitasunaren alde egiten zuen, inprimakiak, bide seinaleak, publizitatea eta abar bi hizkuntzetan egitera behartuz. Betebehar hori ere ezabatu du orain Auzitegiak.

Hala, bertan behera utzi ditu 20.1, 20.2, 21.2, 21.3 eta 21.4 artikuluak: administrazioak herritarrei zuzendutako ohar eta komunikazioei, agiri eta idazki ofizialei, seinaleei eta errotulazioari dagozkionak. Auzitegiaren esanetan, Nafarroa osoan kartel elebidunak paratzeak "urratu egiten du Euskararen Foru Legeak ezarritako eskubide erregimena".

Epaiak ez du debekurik ezartzen, baina atea irekitzen dio euskara Nafarroako paisaia linguistikotik desagerrarazteko, tokian tokiko administrazioek hala erabakiz gero. Adibidez, Iruñeko Udaleko alkatetzan den Navarra Sumak askotan adierazi du errotulazio, ohar eta bide seinaleetan euskararen presentzia murrizteko asmoa. Aurrerantzean, bidea zabalik izan dezake, berme juridikoa baitu horretarako.

Ana Ollo: "Aukerak aztertzen ari gara"

Euskalerria Irratian eginiko elkarrizketan, Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilari Ana Ollok esan du albiste "tristea" dela, "euskaldunentzat eta nafar guztientzat, euskara baita guztion hizkuntza". Gaineratu du aukera guztiak aztertzen ari direla, sententziari erantzun juridikoa emate aldera.

Sententziaren edukiei dagokienez, Ollok nabarmendu du "UPNren aldarrikapenak ere gainditu" egin dituela Nafarroako Auzitegiak: "UPNk sinatutako foru dekretuetan aitortu egiten ziren euskaldunen zenbait eskubide, baina epaia are murriztaileagoa da". Besteak beste, administrazioarekiko harremanak euskaraz jasotzeko eskubidea auzitan jarri dela esan du kontseilariak.

Paisaia linguistikoak, bestalde, Nafarroako errealitate linguistikoa islatu beharko lukeela uste du Ollok: "Nafarroan, bi hizkuntza ditugu, eta errealitate hori islatu beharko litzateke seinale eta bestelako mezuetan". Horregatik, epai hau "elkarbizitzan atzera egitea" dela esan du, eta kasazio helegitea aurkeztearen alde azaldu da. Ohartarazi du, halere, auzia "hobeki" aztertu beharko dutela "eta analisi sakonago bat egin".

Kontseilua: "Agerian gelditu da beste lege bat behar dela"

Nafarroako Auzitegiaren epaia txarretsi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere: "Tamalez, ez da Nafarroako Auzitegiak euskaldunon eskubideen aurka hartzen duen lehen erabakia, eta, beraz, ez gaitu harritu; halere, oso argi uzten du egungo Euskararen Legeak horrelako ebazpenei atea zabaltzen diela".

Kontseiluko buruak nabarmendu du epaiak "zaildu" eginen duela euskaraz bizi nahi duten nafarren eskubidea bermatzea. "Gainera, arbuiagarria da euskararen ezagutzari muzin egitea, baina, aldiz, Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzen jarraitzea", azaldu du Bilbaok.

Kontseiluko eledunak gogorarazi nahi izan du egungo lege-esparruak ahalbidetzen dituela halako erabakiak: "Aurreko legealdian euskararen lege berri baten ezaugarriak aurkeztu genituen Nafarroako Parlamentuan. Azpimarratu genuen indarrean dagoen legeak irakurketa murritzak ahalbidetzen zituela, eta hona hemen horren adibidea. Ez dago gizarte kohesionatua, justua eta berdinzalea eraikitzerik legeak herritarrak diskriminatzen dituen bitartean”

Zerbitzu zentralen eta paisaia linguistikoaren puntuei dagokienez, Bilbaok azpimarratu du epaiak ez duela euskararen erabilera debekatzen eta, hartara, "gobernuak borondatea izanez gero, lasai aski para ditzake euskaraz idazkiak, komunikazioak, bide seinaleak eta abar". Are: Kontseiluaren irudiko, "epaiak berak onartzen du elebitasuna hautazkoa izan daitekeela. Beraz, gobernuak ez du oztopo juridikorik zerbitzu zentraletan ere euskararen erabilera bermatzeko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna