'BREXIT'-A

Irlandan ez dela kontrolik ezarriko erran du Johnsonek

Erresuma Batuko lehen ministroak hitz egin aurretik filtratu duten plan baten arabera, gobernuburuak EBri proposatuko dio uhartean aduana kontrolak ezartzea, eta Ipar Irlandak 2025era arte EBren arau batzuk jarraitzea.

Johnson, gaur, Manchesterren
Johnson, gaur, Manchesterren NEIL HALL / EFE

Mikel Rodriguez -

2019ko urriak 2

Alderdi Kontserbadorearen kongresuan mintzatu da Johnson, Manchesterren. Toryen liderrak, duela ia hiru hilabete kargura heldu zenetik, asmoa izan du Bruselak eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak joan den azaroan brexit-erako lortutako akordioa aldatzea —Komunen Ganberak hirutan bozkatu du itun horren kontra—. Backstop delako puntua aldatu nahi du akordioan, zeinak proposatzen duen Ipar Irlandak merkatu bakarrean eta aduana batasunean modu mugagabean jarraitzea, auziari alternatiba bat topatu bitartean.

"Inondik ere ez ditugu kontrolak jarriko Ipar Irlandako mugan, ezta mugatik hurbil ere", erran du Johnsonek. "Ostiral Santuko Akordioa errespetatuko dugu". Lehen ministroak erran du uharteko "mugaren bi aldeetan" dauden nekazari eta abeltzainen "egungo akordio arautzaileak" babestuko dituztela, eta, "aldi berean", Erresuma Batu "osoa" EB Europako Batasunetik aterako dela "merkataritza politikaren kontrola hasieratik hartuta". Johnsonek, ordea, ez du xehetasunik azaldu hori nola egiteko asmoa duen. 

The Telegraph egunkariak filtratu duen planaren arabera, ordea, Johnsonek EBri proposatuko dio Irlandako mugan aduana kontrola ezartzea, eta Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean araudi ezberdinak indarrean egotea 2025era arte. Hau da, praktikan, Ipar Irlandan bi muga ezartzea, Erresuma Batuaren menpeko lurraldeak Europako aduana batasuna utziko bailuke, baina merkatu bakarrean jarraituta. Theresa Mayk eta Bruselak iaz adostu zuten backstop protokoloaren arabera, muga erreal bakarra Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean ezarriko litzateke.

Johnsonen erranetan, ituna aldatzeko neurriak "zentzuzkoak eta eraikitzaileak" dira, eta iruditzen zaio EBk ez lukeela arazorik jarri beharko horiez negoziatzeko orduan. "Bertze alternatiba akordiorik ez egotea da. Ez da hori nahi duguna, baina aukera horretarako prest gaude", ohartarazi du. Halere, Komunen Ganberak orain dela aste batzuk onartutako lege baten arabera, urriaren 18rako akordiorik ez baldin badago, Erresuma Batua hirugarren luzapen bat eskatzera derrigortuta egongo da.

Irlandak erreakzionatu egin du: Dublinentzat, "onartezina" da Johnsonek proposatutakoa. DUP unionistako lider Arlene Fosterrek, berriz, begi onez hartu du lehen ministroak proposatutakoa.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna