Kultur transmisioa

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioari buruzko jardunaldia antolatu dute

Hainbat eragileren artean antolatu dute jardunaldia. Urriaren 19an izango da, Azpeitiko Basazabal jauregian. Egitasmoaren helburua ziklo baten hasiera izatea da, eta ziklo horren bitartez euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea.

Euskal kultur transmisioari buruz hausnartzeko jardunaldiaren aurkezpena, gaur, Donostian.
Euskal kultur transmisioari buruz hausnartzeko jardunaldiaren aurkezpena, gaur, Donostian. Gorka Rubio / Foku

Nagore Arin -

2019ko urriak 3

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzeko jardunaldia antolatu dute Udako Euskal Unibertsitateak, Jalgi elkarteak, Elkar fundazioak, Hik Hasi egitasmoak, Ikas Elkar enpresak eta Azpeitiko Udalak. Gaur aurkeztu dute jardunaldia, Donostian. Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa: sormenean hezi, kulturan bizi du izena, eta urriaren 19an egingo dute, Azpeitian (Gipuzkoa). Egitasmoaren helburua ziklo baten hasiera izatea da, eta ziklo horren bitartez euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea. Hala, kultur bitartekaritza izango dute hizpide, eta, lehen saio honetan, hezkuntza arautuaren ertzetik aztertuko dute kulturgintzaren eta kultur transmisioaren egoera.

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariak adierazi duenez, "ardura hartuta eta arduraz" antolatu dute jarduna, ikusirik azken hamarkadetan eraldatu egin direla kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak. Eraldaketa horren ondorio gisa sortu dira sorkuntza testuinguru berriak, eta, transmisioaren alorrean ez ezik, bilakaera izan da kulturgintzaren industrian, kazetaritzaren parametroetan, hezkuntza arautuan, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntzan, kultur kritikaren ekarpenetan eta abarretan. Horregatik, ertz askotatik landu nahi dute kultur sorkuntzaren transmisioaren egoera, eta jardunaldiz jardunaldi kultur bitartekaritzaren hainbat eremu jorratu nahi dituzte. Hezkuntza arautuaz gain, etorkizunean lantzeko gaiak izango lirateke, esaterako: transmisioa eta kazetaritza, transmisioa eta hezitzaileen formakuntza, transmisioa eta argitalpena, eta beste hainbat ikuspuntu.

Modu horretan, bitartekaritza horretan lanean diharduten eragileen egoera ikusgarri egin nahi dute, baina, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehaztu. Elkargune bat izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa gunea eta eragin gunea bilakatzeko. Horretarako, dei egin diete gaiaren inguruan interesa edo kezka duten guztiei, baina, bereziki, hezkuntza arloko profesionalei, hezkuntza zein kultur arloko ikertzaileei, kultur arloko sortzaileei eta kulturaren transmisioan lan egiten duten profesionalei. Urriaren 19an izango da, Azpeitiko Basazabal jauregian, eta joan ahal izateko matrikula zabalik dago oraindik: www.ueu.eus webgunean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan. Gaur, koronabirusaren larritasuna.

PCR probak Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo / Foku

Koronabirusak iragan astean baino hamahiru hildako gutxiago utzi ditu

Uxue Rey Gorraiz

Koronabirusa zuten 59 pertsona hil dira astebetean, eta, hori dela eta, COVID-19aren ondorioz hildakoen kurba apalduz joan da azken astean. Beste 697 positibo atzeman dituzte egun batean

Jendea, maskara jantzita, Iruñeko Sarasate pasealekuan, uztailean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Espainiako Gobernuaren neurriek ez dute eraginen Hegoaldeko hirietan

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak baiezkoa eman diote Madrilek hiriei jarritako murrizketen proposamenari. Remirezek ortziralean erranen du Nafarroako neurriak luzatuko ote dituen

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna