Pobrezia

2008tik %48 okertu da pobrezia larrian daudenen egoera, ELAren arabera

Jaurlaritzak joan den urteko abuztuan argitaraturiko ikerketan oinarritu da sindikatua. ELAk salatu du datuak era “nahasgarrian” aurkeztu dituztela, egoera “ezkutatzeko” asmoz.

jarraia171987.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 3a
18:05
Entzun

Pobrezia eta ezberdintasun sozialak handitu egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken hamar urtean. Hala ondorioztatu du ELAk, Eusko Jaurlaritzak iazko abuztuan argitaratutako Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkesta oinarri harturik. Galdeketa bi urtean behin egiten da, eta 2008an egin zen estreinakoz; hortaz, sindikatuak bi parametrotan alderatu ditu emaitzak: hamar urteren buruan izandako bilakaera, eta aurreko inkestarekin, hot, 2016koarekin dagoen aldea.

Janire Landaluzek, ELAko ikerketa bulegoko arduradunak, salatu du Jaurlaritzak era “nahasian” plazaratu duela txostena, “edukiaren irakurgarritasuna zaildu eta pobreziaren errealitate gordina ezkutatzeko”. Txostenaren %95 datu eta estatistika soilak direla azaldu du ikerketa arduradunak, eta azkeneko lau orrietan “soilik” erreparatzen zaiela pobreziaren ondorioei, eta hura sortzen duten faktore eta arrazoiei. “Formari dagokionez, erabat zuritua dago galdeketa; ohartuki hartutako erabaki bat da”.

Datuak abiapuntutzat hartuta, zenbait ondorio plazaratu ditu sindikatuak. “Pobreziaren arriskua, ongizaterik eza, pobrezia larria eta Sen indizea areagotu egin dira”, zehaztu du Landaluzek. Jarraian, egoera zenbakitan: pobrezia arriskuan dauden etxeetako biztanle kopurua %41,4 handitu da hamar urtean, eta, ondorioz, 2018an 172.307 herritarrek ez zuten oinarrizko beharrizanei erantzuteko diru sarrera nahikorik. Bestalde, biztanleen %6,1ek pairatzen dute pobrezia larria, 2016an baino %6,9 gehiagok. Datu bera 2008ko emaitzekin alderatuz gero, ia bikoiztu egin da pobrezia larrian bizi diren herritarren kopurua.

Bigarren ondorio baten berri ere eman du Landaluzek: “Gero eta handiagoa da ohiko beharrizan eta gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten biztanleen kopurua”. Horren adierazle, zenbakiak. 2008tik 2018ra bitarte bikoiztu egin da oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten etxeetan bizi diren herritarren kopurua; 66.241 ziren 2008an, eta 121.659 2018an. Beste kontzeptu bati ere erreparatu dio ELAren analisiak: pobrezia energetikoa delakoa. Kontzeptu horren bidez, “neguan hotza pasatzen duten edo etxea tenperatura egokian edukitzeko zailtasunak dituzten herritarrak” izendatu nahi dituzte. Diru sarrera murritzak zirela-eta 2018an 199.854 pertsona bizi ziren horrela, hamar urte lehenago baino 111.243 gehiago.

Laguntza sistemari kritika

Errealitatea aztertu ondotik, pobreziaren aferari ematen zaion aterabideari erreparatu diote sindikatuko kideek, eta kritika egin diote Jaurlaritzaren diru laguntza sistemari: “Sistema eskasa da; biztanleen benetako beharrizanei ez erantzuteaz gain, laguntzak eskuratzeko baldintzak murriztzaileak dira”, zehaztu du Landaluzek.

Era berean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salatu du Jaurlaritzak “ezkutuan” eduki dituela datuak, eta “errealitateari bizkar” ematen ahalegindu dela. “Lotsagarria da: gobernua oso urrun dago errealitatetik”. Laguntzak gutxitzera bideraturiko politikan sakontzen aritzea egotzi dio Lakuntzak Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.